Europar Batasuneko erakundeen jardunak, justiziaren arlokoak barne, baieztatu du beste behin klub hori merkatarien, hau da, banku eta multinazionalen zerbitzura dagoela. Bere lobbyek hartzen dituzte erabaki gehienak, europarren eta herritarren interesen aurka.
Joan den astean, Europar Batasuneko abokatu nagusiak irizpen ez loteslea amaitu zuen. Bertan dio Espainiako Estatuko bankuek ez dutela hipoteken gaineko gehiegizko zoru klausuletatik kobraturiko guztia itzuli beharko. Espainiako Auzitegi Gorenak agindu zuen epai batean 2013ko maiatzaren 9tik aurrerakoa baino ez zutela ordaindu behar bankuek, eta Europak berretsi du itzuli beharrekoa epai horretatik geroztikakoa behar duela. Horrek dakar bankuen sektoreak 5.000 milioi euro aurreztuko dituela. Arrazoia? Zenbait bankuk porrot egin dezaketela diru guztia itzuliz gero. Ez da kontuan hartzen kalteturiko bi milioi herritarrek eskatutakoa justua den ala ez.
Modu horretan, Europako “justiziak” sentiberatasun harrigarria erakutsi du bankarien interesekiko, ez ordea milaka milioi euroko iruzurraren biktima izan diren biktimekiko, etxegabetze ugari eta suizidioen zerrenda luze eta beldurgarria eragin duen arren, baita Euskal Herrian ere.
Behin betiko epaia urte amaieran jakingo dugu, baina honen zain zeuden banku askok garaipentzat hartu dute eta burtsetan nabaritu da hori. Merkatarien Europak horrelaxe funtzionatzen du, jo eta su. Zerbaitetarako ari dira lanean lobbyak. Halako Europak kezka gutxi du hipotekek kalteturiko milioika lagun horiengan. Hori bai, Goldman Sachs moduko merkatariek lanpostua eskaintzen diete Durao Barroso EBko presidente ohia moduko jendeari. Mesedeak ordaindu egiten dira, bai ondo ordaindu ere!