2006ko Lurramaren ugazaita izandako Edgard Pisani politikari frantsesa hil da 97 urterekin. Frantziako estatuaren zenbait une historiko barnetik bizitua –alemanen kontrako erresistentzia bezala Kaledonia Berriko burujabetasun gatazka– Europako nekazaritza politiken sustatzaile izan ostean azken hamarkadetan oso kritikoa izan zen. Iparraldeko baserritarrek bazuten berekin lagun on bat Parisen ondo kokatua.
Bizi izan balitz eta enteratu nor goresten zuten Atharratzeko pastoralean uztailaren 24an, Edgard Pisani oroitzapenek Euskal Herrira eramango zuten berriro. LARRUNek Johañe Pitrauri eskainitako zenbakian (Laborari menditarrak esnarazi zituen lider zuberotarra) Madalena mendi tontorrean 1962an eginiko argazkian ageri dira bi gizonak, Pisani ministroa eta Pitrau.
Pisani prestatzen ari zen Frantziako nekazaritzarako legedi berria, eta Pauen eginiko bileran Atharratzeko sindikalista gazteak liluratu omen zuen. Ministroak haren iritziak gertuagotik azaltzea proposaturik, Pitrauk erantzun: “Zurekin biltzeko prest nago baina ez jauregi batean, zatoz mendiko laborariak nola bizi diren ikustera”. 54 urte geroago, Jean Pitrau pastorala estreinatu baino hilabete lehenago hil da 97 urterekin Pisani.
Mixel Berhokoirigoinek egin dio gorazarre Laborari astekarian: “Pisani, la disparition d’une grande figure”. Esker ona aitortu dio Berhokok, bera eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara Frantziako estatuak 2009an epaileen aurrera eraman zituztelarik publikoki elkartasuna erakutsi zielako Pisanik. Aurretik ere Iparraldeko baserritarrei bere atxikimendua erakutsia zien, 2006ko Lurrama feriaren ugazaita izatea onarturik.
Edgard Pisaniren hil ohar luzeak plazaratu ditu Frantziako prentsak (“Mort d’Edgard Pisani, résistant et ancien ministre de De Gaulle et de Mitterrand” titulupean Le Mondek) eta Wikipedian ere badu azalpen zehatza. 1918an Tunisian sortua, gaztetan Parisera iritsi eta goi funtzionario izateko ikasketak burutu zituen. Alemanen kontrako erresistentzian aritu zen: 1944ko abuztuan Parisko prefektura berreskuratzeko borroketan hartu zuen parte, frantsesez Paris brule-t-il? eta espainolez ¿Arde París? titulatutako filmean Michel Piccolik jokatzen zuen Pisaniren papera.
Gerra bukatzerako suprefeta kargua lorturik, Frantziako agintearen goi mailatan ibiliko zen karrera profesional osoan barrena: Barne ministroaren kabinete buru 1946an, ondoren prefeta, Defentsako kabinete buru, Lurralde Antolamendurako goi kontseiluko kide, 1953an senatari ageri François Mitterranden ondoan, ondoko urteetan hainbat dossier handiren arduradun, hala nola energia nuklearrari buruzkoan...
1961ean Michel Debrék Nekazaritzako ministro izendaturik, George Pompidourekin kargu berean egon zen estreina eta ondoren Etxebizitzaren eta Ekipamenduen ministro. Urte horietan guztietan, Frantzian karguak pilatzea ohikoa denez, segitzen zuen departamendu batetik edo bestetik hautetsi izaten, diputatu batzuetan, senatari bestetan, goi mailako funtzionario beti.
Politikan luzaz De Gaulleren gizona izanik, ezkerreko gaullista, 1974an Alderdi Sozialistara pasatu zen, hurbilago berrikitan hil den Michel Rocardengandik Mitterrandenengandik baino: “Gaullismoa ezkerretik utzirik Alderdi Sozialistan eskuinetik sartu eta azkenean PSren ezkerrean bukatu dut… Baina ez dut uste ni inoiz leku beretik aldatu naizenik”. 1981etik Europako parlamentarien biltzarrerako ere hautatu zuten eta laster Europako Batzordeko lehendakariorde ere bai.
1984an abertzale kanakiarrek sutan zeukaten Kaledonia Berriko egoera bideratzeko ardura eman zioten. Ministro postutik negoziatu zuen Jean-Marie Tjibaou lider historikoarekin “independence-association” deitu formula, hainbat polemika eragin zituena. 1988tik 1995era bitartean Mundu Arabiarren Institutuaren buru aritu zen. Erretreta hartu ondoren ere, Frantziako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren kide egon zen Pisani.
Nekazaritzan eduki duen garrantzia Berhokoirigoinek azaldu du Laborarin. Pisani ministro kargutik bizi izan zituen 1960ko hamarkadan Frantziako eta Europako laborariek ezagututako aldaketa nagusiak. Alde batetik hiritarrek gogoan zeuzkaten gerra osteko gosetea eta arrazionamendua: bestetik nekazariek bizimodu duina eskatzen zuten, beste langileekin parekatzea. Testuinguru horretan sortu zen PAC Nekazaritza Politika Bateratu famatua, 1960ko hamarkadatik Euskal Herriko Iparraldeko landa eremuetako bizimodua eta paisaia errotik aldatu zituena.
Laborantzako produkzioa handitzea –benetako helburu nagusia– lortzeko neurriak ezarri ziren PACean: prezioak bermatu edozein izanik ere ekoiztutako kopurua, mugak zaindu Europako produktuak babesteko eta Europar Batasuneko herrialdeei lehentasuna eman norberak inportatu behar izatekotan.
1960ko hamarkadan irauli zen lurra lantzeko sistema osoa, baserriak mekanizatu, lanbidea teknifikatu, landare eta abereen selekzioan aurreratu. 30-50 hektareako baserriak behar ziren, horretara bideratu ziren nekazari gazteen formazioa, lurraren antolamendua, egitura administratiboak, legeak eta arauak. Aldaketaren oztopo ziren egitura zahartikuei aurre egiteko, Pisani ministroak bilatu zuen mugimendu kristauetatik sortutako lider eta talde gazteen laguntza. Hala aurkitu zuen Euskal Herrian Johañe Pitrau laborari eta aktibista gaztea, solaskide egokia.
Baina Europa kapitalistaren hazkundezko urrezko aroa agortzen hasi zenean, dio Berhokoirigoinek, 1980ko hamarkadatik aurrera Pisanik adieraziko zuen laborantza politika batek bere helburuak lortu dituenean jakin behar dela aldatzen, norabide berean jarraitzeak ez zuela ekarriko gehiegizko produkzioa, kutsadura handitzea eta finantzazko itotzea baizik.
Nekazaritzako produktuen liberalizazioaren kontra, herrien elikadura burujabetza aldarrikatu zuen. 2006ko Lurraman mintzatu zelarik, Gara egunkariak honela bildu zuen Pisani zaharrak esana: “Frantziako eskualde guztietatik, Euskal Herria da gizakiaren eta naturaren artean eta landa eremuaren eta hiriaren artean lotura estuena aurkitu dudana. (…) Zuek sinetsi egiten duzue egiten eta esaten duzuena. Nekazaritzako erakunde askok zerbaitetan ari diren plantak baizik ez dituzte egiten, oinarrian ezer aldatu gabe. Zuek egin egiten duzue esan duzuena eta esan egiten sinesten duzuena”.
Pisanik Lurraman aitortu zuen ez zela baikorra nekazaritzaren etorkizunaz, gaur nagusi diren sistema produktibistek desorekak handitzen dituztela mundu osoan, laborariak bortxatuz baserriak utzirik lan bila hirietara joatera. Bereziki aipatu zituen Asia eta Afrikako nekazariak, gosez ez hiltzearren hirietara migratu beste biderik ez dutenak: “Hau gelditu beharra dago. Gosez dagoen jende hori hezi dute burua makurtze eta obedientzian, baina iritsiko da eguna esango dutena: ‘Horrela ezin dugu jarraitu’”.
Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen... [+]
Harrera-herri euskaldun nola izan gaitezkeen galdetu zion Leire Amenabarrek bere buruari eta parean zituenei iaz, Gasteizen, harrera-hizkuntzari buruzko jardunaldietan, eta galdera horrexetan sakontzeko elkartu gara berarekin hilabete batzuk geroago. Amenabarrek argi du... [+]
Esku odoltsu bat sinbolo gisa erabilita, iazko azaro bukaeratik ustelkeriaren aurkako mobilizazio erraldoiak egiten ari dira Serbian, “blokada” izenpean, azken garaietan Europa zaharrean ikusitako handienak. Asanblearioak, masiboak, ideologiarik gabekoak... Bertatik,... [+]
1986. urtean Espainiako Estatuak NATOn jarraitzearen aurkako botoa eman zuen euskal gizarteak. Denborak ematen duen perspektibak oraindik ez du azaldu zeintzuk izan ziren gizartearen arrazoi sakonak gerra erakundean parte hartzeari uko egiteko.
Felipe Gonzálezen... [+]
Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]
Bolo-bolo dabil energia berriztagarrien hedapenaren inguruko eztabaida. Sarri askotan, iritsi den proiektu zaparrada desordenatuak eragindako artegatasunak bultzatuta, albiste zein iritzi-artikulu mordoaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mahai inguruak, bideo emanaldiak eta abar... [+]
Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]
Unibertsitateko ikasleen artean, maiz topatzen ditugu beste lurraldetakoak ere, bereziki gradu ondorengo ikasketetan. Topaketa horiek badira errealitate berriak ezagutzeko bide, baita besteak entzun eta besteez ikasteko parada ere. Garapenerako lankidetzari loturiko gaiak izan... [+]
Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena,... [+]
Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla,... [+]
Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]