Ezin da zalantzan jarri zaborraren kudeaketak eztabaida eragiten duela gure gizartean. Bada ordea, oharkabean pilatzen ari den zabor mota bat; ia ikusezina da eta gizakion buruen gainean dago, 30.000 bat metro gorago. Espazioko zaborra da, eta arazo larria bilakatzen ari da espazioko ikerlarientzat.
Zabor hitza ez da agian egokiena espazioan dauden materialak definitzeko, espazioan aurkitu daitekeena ez baita astronautek sortutako errefusa edo hondakin organikoa. Burdinazko eta altzairuzko puskak dira gehienak, satelite zaharretatik eta suzirietatik eroritako piezak.
Satelite bat gidaririk gabeko objektua da, espaziora autonomiaz joateko diseinatutakoa. Hainbat motatakoak dira: zientifikoak, komunikaziorakoak, espioitza sateliteak… Misioaren arabera, orbita batean edo bestean egoteko diseinatuko dituzte. Gailu gehienak lurreko orbita baxuan daude zintzilik, hogei kilometrotik goraxeagoko altueran. Sateliteen misioek iraupen jakina dute; erregaiz betetzen dira, eta hura agortutakoan funtzionatzeari uzten diote. Orduan bihurtzen dira baliorik gabeko zabor.
50eko hamarkadaz geroztik, ehunka satelite eta suziri jaurti dituzte NASA, ESA (Europako Espazio Agentzia), FKA (Errusiako Espazio Agentzia Federala) eta beste hainbat agentziak. Gaur egun 9.000 bat satelite daude orbitan. Gehienek egin dute beren lana, eta espazioko zabor dira egun.
Agustin Sanchez Lavega EHUko fisika katedraduna eta Espazio Gelako koordinatzailea da. Dioenez, espaziora tresnak bidaltzen hasi zirenean ez zuten uste objektuen pilaketa inoiz arazo bihurtuko zenik. Baina hala gertatu da, eta arazoa geroz eta larriagoa da.
Orbitan dagoen ia edozein material atmosferan sartuko da noizbait, baina ibilbide horrek ehunka urte iraun dezake. Bitartean, gerta daiteke satelite batek beste baten bidea oztopatzea; orduan gertatzen dira talkak. Talkek berez ez dituzte leherketa handiak eragiten, baina bai barruan duten erregaiak. Satelite batek bere zeregina bukatutakoan, erregai arrastoak geratu ohi zaizkio eta normalean oso errekorrak dira.
Materialen arteko talkak geroz eta ohikoagoak dira. Horien ondorioz, zaborra milaka zatitxotan banatzen da: “Azken datuen arabera, hamar zentimetro inguruko 20.000 puska daude orbitan”, dio Sanchez Lavegak, “txikiak dira, baina pentsa ezazue zelako kaltea eragin dezakeen horrelako batek segundoko 7,5 kilometroko –28.000 kilometro orduko– abiaduran doazen puska batek beste bat jotzean. Hori dela eta, ISSko (Nazioarteko Espazioko Estazioa) astronautak kontu handiz ibili behar dira zaborrarekin”.
10 zentimetro inguruko 20.000 puska daude orbitan; txikiak dira, baina kalte handia egin dezake horrelako batek segundoko 7,5 kilometroko abiaduran zerbait jotzean
ISS lurreko orbita baxuan dago, hondakin gehien biltzen dituen orbitan hain zuzen. Astronautek etengabe jarraitzen dute objektu guztien ibilbidea; hurbilegi pasa behar badute egoera oso arriskutsutzat jotzen da, eta astronautek segituan ebakuatzen dute ontzia. Arrisku horietarako irtenbide bila nazioarteko agentziek aspaldi jarri zuten martxan konponbide bat. Baina espazioa garbitzea sateliteak jaurtitzea baino askoz ere prozesu neketsuagoa da.
Espazioko zaborra garbitzeko plana sinplea da. Alde batetik, etorkizuneko sateliteak automatikoki suntsitu daitezen diseinatuko dira. Beren eginkizuna bukatzen duenean, ibilbidea aldatu eta atmosferara abiatuko dira, bertan desegiteko. Gezurra badirudi ere, azken urteotara arte ez dira hasi ingeniariak teknologia hori garatzen.
Dagoeneko espazioan dauden hondakinak berreskuratzeko planak, berriz, bi fase ditu: sailkatzea eta berreskuratzea. Kalterik jasan ez duten sateliteak sailkatzea ez da oso zaila, gehienak radar bidez kontrolatzen dituzte eta. Suzirien piezak eta bestelakoak ordea, banan-banan bilatu behar direla dio Sanchez Lavegak: “Tamaina txiki eta ertaineko puskak aurkitzea oso prozesu motela izan daiteke. Satelite handiena ez bezala, zati txiki horien ibilbidea ez dago aurreikusita; hortaz, teleskopio batekin bilatu behar dira”.
Elecnor Deimos enpresa espainiarrak espazioko zabor txikia aurkitzeko diseinatutako hiru teleskopio egin berri ditu. Hala ere, era horretako teleskopio gutxi daude oraindik, eta zatiak geroz eta ugariagoak diren heinean, astronomia zaleek egiten dituzten ekarpenak garrantzitsuak dira oraindik.
Hondakin handienei dagokienez, ESAk lokalizatu egin ditu eta hurrengo urteotan orbitatik kentzeko asmoa du. Emmet Fletcher ESAko ingeniari eta zabor espazial alorreko arduradunak dioenez, gutxi batzuk kenduta egoerak hobera egingo luke: “Austingo Unibertsitateko ikerketa baten arabera urtero bi edo hiru objektu handi kenduz gero, egoera kontrolpean mantendu ahalko genuke”.
90eko hamarkada amaieran espazioko zabor kopurua gutxitu behar zela erabaki zuten nazioarteko espazio agentziek. Bakoitzak bere bidea egin zuen. Europako Espazio Agentzia duela hamabost urte hasi zen e.Deorbit garatzen: zaborra “arrantzatuko” duen sistema.
“Arpoi ala sare baten bitartez, bi tona baino pisu handiagoa duten objektuak harrapatu nahi ditugu. Horregatik arrantzatzera goazela diogu”, dio Emmet Fletcherrek. Ingeniari ingelesaren ustez, zabor kopurua murriztu beharra dago eta etorkizuneko sateliteek luzeago iraun dezaten diseinatu behar dira.
Hala ere, analisi katastrofikoak alde batera uzten ditu: “Zabor puska txikiak oso abiadura handian doaz; balak bezalakoak dira, eta egia da gure sateliteek kalteak izan ohi dituztela. Baina ez dira Wall-e filmeko zabor-uhin arriskutsu horiek bezalakoak. Espazioaren zabalera izugarria da. Zaborra pilatzea ekidin behar dugu, besterik ez”.
“Garbiketa ontzia” ez ezik, e.Deorbit-ek eredu aldaketa baten hasiera izan nahi du. Hydrazinaz eginiko erregaia erabiliko du. Hydrazina ez da oso errekorra, beraz, leherketek eragin ditzaketen kalteak ez lirateke hain larriak izango. Gainera, beste erregaiekin alderatuz, ez da hain kutsakorra. Satelite iraunkorra izango da e.Deorbit, hainbatetan erabiltzeko asmoa baitute. Zaborra atmosferara eraman eta erretakoan, e.Deorbit lurreratu eta berrerabili egingo dute. Hala, kostu ekonomikoak nabarmen murriztuko dira.
Lehenik eta behin, ESAk deuseztatuko duen pieza aukeratuko du eta radar bidez jarraitu. Orduan, e.Deorbit zaborra dagoen lekura bidaliko dute; leku egokian dagoenean, arpoi batez zeharkatuko dute kendu beharreko pieza, edota sare batez inguratu. Horixe da parterik konplexuena, ikerlariek ez baitakite biraka doazen materialak puskatuko diren ala ez. Azkenik, e.Deorbitek norabidea aldatu eta atmosferara eramango du harrapatutako zaborra.
Horixe da plana; hala ere, arrakasta izatekotan sistema gehiago garatu nahiko luke ESAk: “Etorkizunari begira, e.Deorbitek orbitan dauden sateliteak konpondu eta eguneratzea nahiko genuke. Gailuen iraupena luzatzen badugu, ez dugu izango zertan hainbeste satelite jaurti, eta zabor gutxiago sortuko dugu”.
Proiektua nahiko garatuta dute ingeniariek, baina oraindik ez dute erabiltzen hasteko datarik. ESAren egitura deszentralizatua da arazoa: 22 estatuk osatzen dute erakundea, eta 22etako agentziek ados egon behar dute erabakiak hartzeko eta, batez ere, baliabide ekonomikoak baimentzeko. Emmet Fletcherrek dioenez, “estatuek dirurik ez badute ematen guk jai dugu. ESAk biltzar ministerialak egiten ditu lau urtero, eta talde bakoitzak bere proiektuaren eboluzioa eta aurrekontua aurkeztu behar du, finantzaketa berritu dadin”.
Aurten biltzar ministeriala egiteko urtea da, eta e.Deorbit sisteman lan egiten duten ingeniariek aurrekontua aurkeztu dute jada. Erantzunaren zain daude bitartean, duela 50 urte modernizazioaren ikur zenak zabor bihurtzen jarraituko du gure buruen gainean.
Lurreko orbita baxua eta geoestazionarioa –espazioan dagoen objektua Lurreko puntu beraren gainean dago beti– dira espazioko “zabortegirik” handienak. “Orbita ugari daude”, dio Agustin Sanchez Lavega EHUko irakasleak, “baina sateliteak, motaren arabera, bi orbita horietan kokatzen ditugu gehienetan. Espioitza sateliteak, esaterako, lurretik ahalik eta hurbilen egoten dira, argazkiak onak izan daitezen. Hainbat satelite meteorologikok, bestalde, orbita geoestazionarioan egon behar dute, hau da, posizio egonkorrean. Horretarako 35.000 metroko altueran egon behar dute gutxi gorabehera”.
Jakina da Ilargia dela gure planetaren inguruan orbitatzen duen satelite natural bakarra, baina badaude beste satelite asko ere, gizakiok bidalitakoak, satelite artifizialak alegia. Telekomunikazioak, meteorologia, espioitza… zenbatezinak dira gailu horien erabilerak... [+]
Txinako Chang'e-6 misioak Ilargiaren alde ezkutuko laginak hartu eta Ilargiaren orbitara aireratzea lortu du. Alde ezkututik egin den lehen aireratzea izan da.
Orbita baxuko sateliteentzako baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute aditu batzuek, Science aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Izan ere, dagoeneko milaka satelite daude espazioan, eta sekulako igoera aurreikusi dute.
Herrialdea hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarrena. Asteazkenean 14:34ean iritsi da.
Eneko Axpe Iza (Barakaldo, 1986) fisikari eta ikerlaria da NASAn, AEBetan, San Frantziskon. Lehen euskaldun fisikaria da NASAn. Musikaria ere bada, hainbat taldetan ibilia. Buru belarri ari da orain lanean; proiektu interesgarria du esku artean: ikertzen ari da nola elikatu... [+]
James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. “Kosmosaren ikuspegi berri eta iraultzaile bat”, Bill Nelson NASAko administratzailearen... [+]
Alboko orrialdean EHUren Ingeniaritza Eskolako teleskopioaren ondoan ageri da Naiara Barrado (Getxo, 1981), astronomoa eta Zientzia Planetarioen Ikerkuntza Taldeko kidea. Eguneroko lanean, ordea, ordenagailuko pantailari beha egon ohi da, Hubble teleskopioak espaziotik... [+]
Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]
Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]
Berlin, 1945eko maiatzaren 8a. Alemaniarren kapitulazioak II. Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen eta, berehala, AEBek Overcast operazioa –gerora Paperclip operazioa izango zena– jarri zuten martxan; ahalik eta zientzialari alemaniar gehien eramango zituzten AEBetara,... [+]
Zerura begiratzeak Lurra ezagutzen lagundu gaitzakela uste du Miren Karmele Gomezek, bertan aurkitu daitezkeelako gizakiak historian zehar eraiki duen pentsamendu eta teknologiaren gako asko. Kultura zientifiko hori zabaltzea du xede, eta horretarako ongi komunikatzearen... [+]
Kondairak dionez, duela 2.000 urte baino gehiago, gau batez, Qin Shi Huan Txinako lehen enperadoreak Ilargian zegoela amets egin zuen.
Zulo beltz baten lehen irudia aurkeztu du Event Horizon Telescope proiektuak. Mesier 87 galaxiaren erdigunean dago, 55 milioi argi urtera.
Espazioko lehen bidaia Yuri Gagarinek egin zuen 1961ean; 1969an Neil Armstrong izan zen Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia.