Iosif Vissarionovitx Djugaixvili (1878-1953) osasun ahulekoa izan zen txikitan, eta “herrena” edo “pikatua” esaten omen zioten. Gaztetan, tsarraren erregimenaren aurka hasi zenean, Koba ezizena ipini zioten, bidelapur eta erreboltari georgiar ospetsuaren omenez. Poesian ere saiatu zen Iosif eta horretarako Soselo goitizena erabili zuen.
Gero, SESBko agintari gorena izango zen, eta zenbait izengoiti edo titulu xume jarriko zizkion bere buruari: “Nazioen aita”, “gizateriaren jenio bikaina”, “komunismoaren arkitekto handia” edo “giza zoriontasunaren lorezaina”. Baina goitizen guztietan ezagunena Stalin izan zen, hau da, “altzairuz egindakoa”.