Euskadi Irratiko esatariak horrela hasi zuen zientzia programa: “Gaizki esandakoak onartu behar dira. Noski baietz”. Noski baietz petrala kenduta ere, ez zitzaidan zientifikoa iruditu. Gaizki esandakoak zuzendu egin behar baitira. Entzuten jarraituta, imajinatu nuen esanahia: norberak egindako akatsak aitortu behar dituela alegia. Txikitako maisuaren txantxa gogoratu zidan: “Fa de erratas. Donde figura fi, debe decir fu”.
Hizketa kontuak ez dira txikikeriak. Nola adierazi, horrelaxe komunikatzen dugu. Hizketaren baldarkeriak, zabarkeriak edo akatsak beti dira ezkutuko zerbaiten agerpen. Kaixo (¿qué hay, txo?) modu umoretsuan erabiltzen zen XX. mendearen hasieran. Egun gipuzkoar eta bizkaitar batzuen agur erarik jatorrena da, nafarren irribarrea sortzen duelarik. Derrigorrezko (“de rigor”) hitz itsusi bortxatzaileak hezkuntza ofizialaren maila bat izendatzeko ohorea lortu du. Auskalo xelebreak (“a buscarlo”) oraindik ez du hierarkian salto handirik egin baina prestatzen ari da. Federiko Krutwigek aipatzen zuen aspaldi euskaldunok arrunkeria jatortasunarekin nahasteko joera genuela. Bizi al da oraindik erabilera horietan?
Kokoteraino nauka “horidaismoa”-k. Euskal hedabideetako elkarrizketetan, hitzetik hortzera agertzen da
“hori da” delakoa, “bai” edo “ez” berak baino gehiago
Kokoteraino nauka horidaismoak. Euskal hedabideetako elkarrizketetan, hitzetik hortzera agertzen da “hori da” delakoa, “bai” edo “ez” berak baino gehiago. Galderaren txarra agerian jartzen du, nonbait ihardespena itaunean bertan baitago eta erantzuleak konfirmatu besterik ezin du egin. Baina formari dagokionez… “Horixe” esaten ahaztu al zaigu ba? Joandakoan irratian mago bati “horixe” erantzuten aditu nion eta, benetako mago iruditzeaz gainera, ia susara jarri ninduen.
Irrati eta telebistetan elkarrizketa amaitzean gizalegez gonbidatuari eskerrak eman eta jada inork ez du “ez horregatik” erantzuten. Orain “eskerrak zuei” esaten da. Zergatik? Agian elkarrizketa gehienak autobonborako aitzakia direlako, gonbidatuaren disko, liburu edo bestelakoa saltzeko lagungarri? Antzokietan publikoaren txaloak jasotzean zabaldu den beste ohitura gogorarazten dit: aktore eta musikariek, eurek ere publikoari txaloka hastea. Nik nahiago arrain saltzaileari txalo egin antxoa onak ematen dizkidanean.
Gure Musika Eskolan “aditu” bat kontratatu zuten irakasleei ebaluazio kriterio egokiak izaten laguntzeko. Irakasleekin bileretan hilabeteak eman ondoren, konklusio mezu hau bidali zigun (gaztelania hutsez noski): “Poco a poco el trabajo va dando sus frutos. Se debe calificar al alumno por su asistencia, actitud y esfuerzo. Estas conclusiones han salido del grupo de Moderno (sic)”. Papo. Antigoalekoek ere bagenekizkien.
“Hori da? Noski ezetz” (sic).