argia.eus
INPRIMATU
Txisteka-Misteka kaseteak interneten jarri ditu Oiartzun Irratiak
Euskaraz egiten zen barre orain 30 urte
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko uztailaren 06a
Argazkia: Oiartzun Irratia

ARGIAko beteranoek pasa didate informazioa. Txisteka-Misteka kaseteak sortu zirela 30 urte bete dira. “Txisteka-Misteka... 30 urte... Txisteak kasetetan grabatuta, barre efektu eta guzti... Oraingoan ere sartu didate zaharkeriaren bat”, pentsatu dut. Baina gero hasi naiz inguruan galdezka eta konturatu naiz gure generazioa ere barre franko egindakoa dela Kike Amonarrizen eta Joxe Ramon Galarragaren hitz-jolas eta txisteekin.

Iraultza txiki bat izan zen euskal munduan argitalpen hura. Txisteak euskaraz kontatu eta barre egitea posible zela demostratu zuten. 1986an kaleratu ziren lehen bi kaseteak IZ diskoetxearekin, eta arrakasta ikusirik argitaratu zituzten hirugarren kasetea 1987an eta laugarrena Gillermo Segurolaren laguntzarekin 1989an. Helburua zen bildutako dirua ARGIA astekariarentzat izatea.

EUTGko ikasle batzuk Susa aldizkariaren bueltan hasi ziren 1980 inguruan astekariko orri batzuk betetzen Titiriteroak izenarekin; horien artean Tere Irastortza, Iñaki Uria edo Kike Amonarriz bera. Umorezko saila, satirikoa... Eta Amonarrizek egun batez zer idatzi oso ondo ez zekiela eta txisteak paperera pasatzea otu, eta handik hasi zen guztia. Irakurleari gustatu eta bide horri jarraitu zitzaion.

Ondoren etorri ziren txiste-afariak, eta horietako batean egin zuten topo Kike Amonarrizek eta Joxe Ramon Galarragak, biak txiste-kontari. Beste kide batzuekin batera afari eta jaialdietan ibili ondoren sortu zitzaien zuzeneko txisteak grabaziora pasatzea. Amasako elkartea hartu zuten eszenatoki, eta afari baten bueltan botatako txiste eta algarekin prestatu zuten lehen grabazioa.

On-line entzun edo deskargatzeko moduan jarri ditu oraintxe Oiartzun Irratiak lau kaseteak. Baten bati entzun diot historian atzera egiteko balio duela, eta neurri batean hala da; txiste motak, tonua... Niri oroitarazten dit herri txikietako erantzun bizkorra, umorea, hitz-jolasa; eta batzuentzat agian antzianoa dena nik uste altxorra dela.