argia.eus
INPRIMATU
Tosu Betirako taldea
Erresistentziak ereiten
Garazi Zabaleta 2016ko uztailaren 06a

Getxoko (Bizkaia) Andra Mari auzoan kokatutako landaren izena da Tosu, berez. Azken urteetan, ordea, zentzu zabalagoa hartu du tokiaren izenak: “Tosu alde batetik proiektu komunitarioa da: lurra lantzen dugu bertan, elikadura burujabetzaren linean eta agroekologia ardatz hartuta. Baina, aldi berean, lurraren defentsarako proiektu bat ere bada”, azaldu digu Jon Gomez kideak.

2012ko urtarrilean okupatu zuten landa, baina urte dezente lehenagotik Getxon eta Andra Mari auzoan egondako Lurralde Plan Partzialaren (LPP) aurkako mugimenduarekin lotura estua du Tosuk. “2007ko LPParekin 8.000 etxebizitza egin nahi zituzten auzoan, eta horren aurka borroka indartsua eraman zuten aurrera auzokideek. Azkenean proiektua atzera bota zuten”. Urte batzuk geroago, LPParen aurkako asanbladak lehen kanpaldia antolatu zuen Tosuko lurretan.

Parkinga ala baratzea

Tosuko baratze proiektuaren etsai nagusia metro geltokiaren ondoan eraiki nahi duten hirurehun plazatik gorako parkinga da egun. Garraio partzuergoak, trenbide sareak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dute Ibarbengoako parkingaren egitasmoa, Tosuko lurrak hartuko lituzkeena. Beren argudioa: autoak errepidetik kenduko dituela (jendeak autoa parkingean utzi eta metroa hartuko omen du eta).

Tosu Betirako taldea egitasmoaren aurka azaldu da hasieratik. “Hasteko, proiektua ez da legala, ingurumen inpaktuaren azterketarik ez baitute egin. Ekologikoki ere ez da batere jasangarria: bertako lurrak oso emankorrak dira, eta ur agentziaren arabera lur horien azpian akuifero garrantzitsuak daude”. 2014an ziren parkingaren obrak hastekoak, eta uda hartan erresistentzia kanpaldia antolatu zuten Tosuko kideek. Azkenean obrak atzeratu, eta gaur arte proiektu komunitarioa indartzen eta egonkortzen joan da.  

Auzoaren parte

Auzoarekin eta auzokideen elkartearekin harreman ona dutela kontatu digu Gomezek. Horren adibide da Getxon parking proiektuaren aurka egiteko elkarlanean sortu berri duten plataforma: auzokide elkarteak, eragile anitzek eta hainbat alderdi politikok osatzen dute mugimendua, besteak beste.

Ekainaren 17an egin ziren obren esleipenak, berriz ere parkingaren kontua martxan jarriz. Azken aldian Tosuko lurren inguruan mugimenduak nabaritu dituztela ere azaldu du Gomezek, eta beraz, herritarrei adi egoteko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete: “Hau ez da parking bat soilik, Andra Mari auzoa urbanizatzen hasteko lehen harria baizik”. Bi eredu ezberdin eta kontrajarri, parez pare.