argia.eus
INPRIMATU
Smithsonian jaialdiaren harira, aspaldi eman behar zen eztabaida kulturala
  • Euskal kulturaz ezer ez dakien atzerritarrari zer esplikatuko diogu? Aukeratu egin behar baita, dena ezin da azaldu; baina ikuspegi topikoegiak ere ez dira komeni. AEBetako Smithsonian Folklife Festivalera euskal erakundeek eramandako programazioak zeresana eragin du. Irudi estereotipatuegia? Euskal folkloreaz lotsatuta dauden agintariak? Kulturatik bezainbeste politikatik duen eztabaida da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko uztailaren 06a
Argazkia: Smithsonian Jaialdia

“Washington DCko National Malletik paseatzen, obeliskoaren eta Washington Monument artean, harrijasotzaile bat agertzen da bat-batean. Gero gizon batzuk ikusten dira frontoian palan jokatzen; harago berriz, tipo batzuk arraunekin eta traineruekin, emakume batzuk arrantzarako sareak josten, benetako baserri bat dago eraiki berria… Sorpresak zorabiatzen du eta beroak estutu; txoko batean pintxoak, txakolina eta Idiazabal gazta eskaintzen dituzte dastatzeko eta pixka bat gehiago izerditzeko. Euskadi da Smithsonian Folklife Festivalera gonbidatu duten Europa hegoaldeko lehen eskualdea”. Jordi Barbeta kazetariak La Vanguardia egunkari kataluniarrean joan den ostegunean argitaratutako kronikaren lehen paragrafoak XIX. mendeko koadro kostunbrista baten gisan deskribatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak AEBetara eraman duen eskaintza kulturala.

Smithsonian jaialdiak euskal zerari eman dion lekuak eztabaida apur bat piztu du Euskal Herrian ere. Bi motatakoak izan dira kritikak: Oier Araolazak Dantzan webgunean Bere folkloreaz lotsatzen den herria izango da aurten Smithsonian Folklife jaialdian artikulua publikatu du. Kritikatu duenez, programan agertzen diren euskal tradizioko gai guztiei “berri”, “moderno” edo “garaikide” bezalako hitzak erantsi dizkiete EAEko agintariek, gonbidatutako beste kulturek ez bezala. “Japoniarrek ez daukate inori demostratu beharrik XXI. mendeko herria direla eta ez dabiltza innovation, modern eta horrelakoak aldarrikatzen. Japoniako kultura tradizionala eskatzen badiete horixe ematen diete, adibidez, ‘Japanese Buddhist Festival Traditions’ izeneko ekitaldia eskainiko dute”.

Kataluniak 2018an “etorkizunari” begiratuko dio

Bestelako ikuspegi batetik, agintariek eraman duten euskal kulturaren irudiarekin desadostasunak agertu ditu Podemos-Ahal Dugu alderdiak ere. Uko egin diote jaialdira ordezkaririk bidaltzeari eta argitaratu duten ohar baten bidez azaldu dute kezka handiz ikusten dutela “euskal kulturaz zabal daitekeen irudi estereotipatu eta homogeneoa”. Horrekin batera, kulturara bideratutako aurrekontuak murrizten diren bitartean erakundeek “ekitaldi erraldoi eta hotsandikoen aldeko apustua” mantentzen dutela salatu dute, baita “kultura etekin ekonomikoa ateratzeko edo turismoa erakartzeko erabilia izatea” ere, funtzio horretarako baliagarriak ez diren adierazpideak “argazkitik at” utziz.

2018an Katalunia gonbidatu dute Smithsonianera. Kultura helburu turistikoekin erabiltzeko asmoa argi eta garbi adierazi du Santi Vila Generalitateko Kultura kontseilariak La Vanguardiari egindako adierazpenetan. Baina lerro artean irakurtzen dakienak ulertuko du euskal instituzioek AEBetara eraman dutenaz daukan iritzia. “Oso interesgarria” iruditu zaio euskotarren programazioa, baina argi utzi du: “Erakusketarako gure irizpideek gehiago begiratuko diote etorkizunari iraganari baino”.