argia.eus
INPRIMATU
Espainian torturatzen da
Xabier Letona Biteri @xletona 0000ko ren 00a

Edo Guardia Zibilek, poliziek eta ertzainek torturatzen dute, edo torturatu izan dute 1960 eta 2013 artean bederen. Nork aginduta, nork baimenduta? Lerro hauetan esaten dena arriskutsua da oraindik Espainian, salaketa bat jaso daiteke Estatuaren aldetik edo atxilotua izan. Ikusi besterik ez Burlatako Aztnugal pintaketekin Nafarroako Espainiako Gobernuaren ordezkariak egindakoa: hainbat herritar atxilotu pintaketa soil bategatik.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Elkarbizitzarako Zuzendaritzak agindutako “Tortura: 1960-2013”  ikerketak 4.660 tortura kasu bildu ditu aipatutako epean EAEko herritarren artean. Euskal Kriminologia Institutuak bideratu du ikerketa, Paco Etxeberria auzi mediku ezagunak zuzenduta. Abendurako bukatua izango dute ikerketa guztia. Torturaren Aurkako Taldearen esanetan 10.000raino ere igo daitezke tortura kasuak Euskal Herrian. Horrelako ikerketa bat abiatzen denean, gainera, tortura jasan eta salatu ez duten pertsona asko azalera daitezke oraindik, giro berriaren baldintzek bultzatuta.

Nork torturatu du? 1.589 kasutan Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak 1.561 eta 310 kasutan Ertzaintzak. Nola ikertu eta zigortu dira tortura hauek? 1960 eta 2013 artean Espainiako auzitegiek 50 funtzionario zigortu dituzte 32 pertsona torturatzeagatik, guztiak 1979 eta 1992 artean; azken data honetatik aurrera ez da zigorrik egon. Ertzaintzaren tortura kasuetatik ez da bakarra zigortu eta, paradoxikoa bada ere, orain arte Eusko Jaurlaritzak beti ukatu du Ertzaintzak torturatu izan duenik.

Espainiako Estatuan tortura onartu duen goi mailako instituziorik esanguratsuena da Eusko Jaurlaritza, eta txosten honek inflexio puntu bat finkatuko du torturaren ezagutzan. Espainiako Gobernuari ere tortura ikertzeko eskaera egin dio Jonan Fernandez Jaurlaritzako bake eta bizikidetza zuzendariak. Denbora tarteak eta torturatu kopuruek adierazten dute tortura sistematikoa izan dela Espainian; hau da, Estatuak bultzatua eta babestua, baina honek ez du inoiz horrelakorik onartu, eta seguruenik horren gordin onartuko ere ez.

Egia, justizia eta erreparazioaren eskeman oso urrats garrantzitsua da Jaurlaritzaren hau, baina hamarkadak behar izan dira Euskal Herrian Pernandoren egiak direnak onartzen has daitezen. Gaitza da Espainia eskema horretan sartua ikustea, eta hori gabe nekez izan daiteke justizia eta erreparaziorik. Baina urratsez urrats bakarrik egin daiteke ibilbide osoa eta hori egia azaleratzetik eta justizia eskaeratik bakarrik egin daiteke. Horretan aritu izan dira urte hauek guztietan salaketak aurkeztu dituzten milaka torturatu, torturak salatu dituzten erakunde, elkarte eta hedabide ugari; eta horretan jarraitu beharko dute aurrerantzean ere, hori egin ezean, halako txostenak edozein gobernuren tiradera batean geratuko baitira.

Ahazteko arriskua hor dago beti, besteak beste askori ez zaiolako interesatzen halakorik aireratzea. Zein esperantzarekin begira dakioke Espainiari? Jaurlaritzaren txostenari emandako zabalkundea neurgailu hartuko bagenu, oso gutxi. Adibidez, El País eta El Mundok aipatu ere ez zuten egin gaia Jaurlaritzak txostena ezagutarazi ondorengo egunean. El Diario Vasco-rentzat 1.603 gipuzkoarrek torturak jasan izanak bere azaleko 3x4 zentimetroko titulu bat merezi izan zuen. Zorionez, tortura jasan dutenen salaketa eta berau azaleratzeko lanean ari diren herritar eta erakundeen lanak nekez utziko du denborak tortura beste barik irents dezan. Espainiako azken hauteskundeen emaitzak ere ez dira oso esperantzagarriak.

Jende askok sofritu ditu torturak, eta jende asko ari da jasaten oraindik bere ondorioak, besteak beste, torturaren ondorioz autoinkulpatuta zigortu dituzten preso ugari. Zigor horien errebisioa eta tortura bidez lortutako inputazio berrien geraraztea dira bideratu beharreko lehen urratsetakoak. n