argia.eus
INPRIMATU
Denboraren denboraz
Irati Elorrieta 2016ko uztailaren 07a
Irudia: Antton Olariaga.
Irudia: Antton Olariaga.

Lagun batek esan dit ez al dudan BER aireportuko kaosaz ezer idatziko (BER: Berlin-Branderburgoko Willy Brand aireportua). Heriotza misteriotsu bat ere badagoela, beharbada, afera ustelari lotuta. Lau urtez lanean egon den komisioak bere azken txostena argitaratu duela dagoeneko. Beste lagun batek galdetu dit, noizko dudan artikuluaren entrega eguna. Hiru egun geratzen zaizkidala entzun duenean, ahazteko aholkatu dit; hiru egun ez direla inondik ere nahiko aireportu proiektu horren zer-nolakoak aztertzeko. Aireportuaren zoritxarrak kutsatuta, artikuluaren entrega eguna atzeratzen ikusi beharko dudala neure burua, eta nik neuk ezarritako atzerapenaren data ezin konpliturik, ostera ere atzeratzen. Horrela, betiko sekulatan. Komisio bat jarriko didatela zerk huts egin duen epaitzeko, baina finean, artikuluak ez duela argia ikusiko. Badirudi, duela bost urte zabaldu behar zuen aireportu-fantasmaren inguruan denbora gelditu egin dela. Badirudi, haizea bera ere geldituko den urtearen zain daudela, Europako botere-zentroko aireportua izan behar zuena zabaltzeko.

Gizaseme eta alaba txikiak, ordea, gehiago edo gutxiago, epeak bete behar ditu, zorrak ordaindu behar dituen bezalaxe. Muguruzaren kantu baten hitzekin hasi dudan egitasmoa bukatu eta zutabe-fantasma bat izatetik salbatzeko, oporretara joan naiz. Finlandiarra izan litekeen paisaia batera, aipatu botere-zentro horretatik ehun kilometro eskasera. Hemen ere denbora gelditu dela pentsa liteke. Efektua, aldiz, zeharo ezberdina da. Ez dago porrotarekin loturik, naturaren indarrarekin baizik. Gure sistemaren presentzia urriarekin, ekosistema sentiberei sendotasuna bueltatzen zaie. Hemen, basoak eta ehunen bat aintziren urek garaitu dute.

Gure bisitariak, paseoan zihoala, adineko gizon bat ikusi du zaldiarekin soroa prestatzen. Sinetsi ezinik bueltatu da, lagunei erakutsiko dien argazki batekin. Bisitariak galdetu du, nola litekeen inguru hau guztia ez egotea industrialki esplotatuta. Dena esplotatu behar al da, ba? Kapitalismoan bai, diost, den-dena. Bada, erreserba batean gaude, parke natural batean. Naturaren erreserba kapitalismotik babestutako paradisu bihurtzen da. Antza denez, kapitalismoak paradisu mota ezberdinen beharra du; mugak jartzen dizkion horiena, eta arnasa ematen dizkionena. Esan gabe doa, azken horiek ez daudela gizaseme eta alaba txikientzat pentsatuak.

Bisitariak egindako argazkiak herrialde garatu bateko bazter baten atzerapena iradoki lezake. Baina laurogei urtetik gorako nekazariak berak kontatu dit zaldia larregi ez alfertzeko jartzen duela lantzean behin soroan lanean. Bihitegian bizitzera sartu zaion mapatxe familia erakutsi dit. Eta orein talde batek galopan gurutzatuko du baso artean doan bidea. Zikoinak habia egiteko tokia aurkituko du. Arrano arrantzaleak planeatuko du aintziraren gainetik. Hala eta guztiz ere, azken orduko bi igerilari, inguruetan gero eta igel gutxiago daudelako kexatuko dira. Garapen hitzaren beste adiera bat hazten da espazioak babestean. Beste denbora bat irabazten da.

Bukatu gabeko aireportuaren zutabea urtearen amaierarako utziko dut. Ziurtasun eta baimen kontuek oztopatzen banaute, beranduenez, hurrengo urterako. Zertarako presaka bizi?