argia.eus
INPRIMATU
Cameron erretiratuta, Corbyn etxekoek asesinaturik... nork gidatuko du britainiarren trantsizioa?
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko uztailaren 07a

Britainia Handiko politikarien eremuan eskuinetik bultzatu bazen Europar Batasunetik irteteko erreferenduma, emaitzak lehenbiziko matxura larriak ezkerrean eragin ditu. Alderdi Laboristaren kide neoliberalenek, Tony Blair eta Gordon Brownen ildoan hautatutako parlamentariak buru, estatu kolpea antolatu zioten biharamunean bertan Jeremy Corbyni, azken kongresuan botoen %60rekin irabazi zuen lider zahar bezain berriari.

Aurrez ondo prestatutako partitura joaz bezala, Corbynen itzaleko gobernuko –oposizioak horrela funtzionatzen du Londresen– kideen erdiak baino gehiagok banan bana eman zioten dimisioa, errenuntziazko gutun gordinak Interneten eskegiz, eta ondoren parlamentari laboristek konfiantzazko bozkaketa ezarri liderrari. Ordainetan, zientoka militante laborista mobilizatu ziren 2015eko kongresuan lidergoa alderdiko aparatuaren kontra irabazi zuen Corbynen alde.

Michael Chessumek idatzi du The New Statesmanen: “Corbynek petto bakarra egin du: estuago lotu behar zuen Alderdi Laborista. (…) Brexita geldiarazteko argudio bakarra zen austeritatea eta neoliberalismoa direla benetan ekarri dituztenak etxerik eza, soldaten jaitsiera eta zerbitzu publikoen hondatzea, ez dela etorkin errumaniarren eta bulgariarren kontua. Corbynen akats nagusia izan da hasieratik zorrotzago ez hartu izana Alderdi Laboristaren kanpainaren kontrola eskuetan, nahiz eta hori egin izan balu ere berdin aurpegiratuko zioten”.

Horiek, ordea, lurrikararen bezperako kontuak dira. Jeremy Corbyn ezin da honetatik bizirik irten, Alderdi Laboristaren zati handi bat mobilizatuta ere. Notable gehienek alde egin diote –Thomas Pikketyk berak ere bai– edo tiroka ari zaizkio kargu publikoetatik. Alderdi Laboristari haize berria ekarri dion Corbynek adierazi du ez dela etxera joango lanak erdi bidean utzita. Baina ziurrenik orain oso bestelakoa da bukatu beharko duen lana: Alderdi Laborismoa egoera berrira egokitzeko trantsizioa –ez bada zatiketa historiko bat- kudeatzea.

Alderdi Kontserbadoreak berea kudeatu behar duen moduan: nork negoziatuko du eskuinetik EBrekiko estatus berria? Boris Johnsonek, boto emaile kontserbadore asko Leave bozkatzera gehien berotu zituenak, uko egin dio. Batzuek diotenez, badakielako inondik ezin dituela bete kanpainan esandako promesak, ezinezkoak edo besterik gabe gezur hutsak zirelako. Besteen ustean, operazioan kide zuen Michael Govek akabatu du hotzean, lehen ministrotarako aurrea harturik.

Eta erreferendumaren eguna urrundu ahala, gero eta nabarmenagoa da Britainia Handiko egitura politikoetan sentitzen den hutsunea, kontrolik eza. Gero eta kezka handiagoa herritarren artean, bi alderdi nagusietako buruak botere zatien inguruko borroka taktikoetan nahastuak eta lider garbi baten usainik ez. Trantsizioa gogorra izango da.