argia.eus
INPRIMATU
Burtsek hiru bilioi dolarreko kapitalizazioa galdu dute Brexit osteko bi egunetan
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko uztailaren 07a

Historiako muturrekorik handienetako bat –bi eguneko jaitsierarik gogorrena– hartu zuten munduko burtsek Britainia Handiko erreferendumaren ostean: hiru bilioi (“b” hizkiz idatzirik, bai) galdu zuten konpainia handienek beren kapitalizazioetan. Euskal Herriko inbertsiogile baten begietatik begiratuta, nork esan behar zion ingelesen enbata batek burtsako astindurik handiena IBEX 35eko konpainiei eragingo zienik, %12ko galera?

Aste bete baino lehen, ordea, Londresko burtsako FTSE 100 indizeak galera guztiak berdindu zituen eta, aldiz, Europako beste gehienek galeretan segitzen zuten, Madrilek %9, Milanek %11, Paris eta Frankfutek %6… Brexitak gehiago kolpatu Londresgo oligarkia gainerako Europakoa baino?

Ingelesen erreferendumetik harago dago oztopoa, bistan denez. 2016an Londresko burtsak %2 irabazi duen bitartean, Milangoak %25 galdu du, Madrilgoak %15, Paris eta Frankfutekoek %10, denek galdu. Behin eta berriro 2008an hasitako krisi ekonomikoari “kimu berdeak” eta “tunel amaieran argia” iragartzen dizkioten arren, hazkundea nola berreskuratu ez dute agintariek asmatzen, bazter guztiak diru merkez asez ez bada. Europako Banku Zentralak ekonomia zaintza berezietako gaixoa bezala dauka, bere kabuz pultsua lortu ezinik, bizia artifizialki sostengatuta.

Britainia Handiko agintariek lotsarik gabe aitortu dute erreferendumean Leave garaile ateratzekotan ez zeukatela B planik prest. George Osborne ekonomia ministroak zinismoz esan duenez, dibortzioaren aldekoek pentsatu behar zuten biharamunean zer egin. Arazo da Europako beste agintariak ere larru bizirik harrapatu dituela dibortzioak.

Aldagoiaren pean, eten gabe doaz astinduak: orain Erresuma Batuaren zor publikoari A hirukoitza kendu diotela, berehala libraren debaluazioari esker hango esportazioak handitzen ari direla, kontuz, agentzia batek Europar Batasunaren zorra ere jaitsi egin duela sailkapenean, hauteskundeak direla hemen edo han… Berri onik ez globalizazioarekin gizenduta larrialdian dagoen Europa gaixoarentzako.