argia.eus
INPRIMATU
Azkena
Joanes Etxebarria 2016ko uztailaren 07a

Gure bertso eskolako lagun batek miresmena die ditxolariei. Erranaldi labur eta errimatuetan, erritmo bizian, zirt eta zart, sekulakoak botatzen omen zituztelako. Labur eta on. ARGIAren proposamena aproposa zen horretarako, eta ahal bezainbeste baliatu dut, epe luzeen artetik, laburki zerbait kontatzeko. Ahal bezala eta mamiari lehentasuna eman nahiz.

Baina autozentsura krudela da. ARGIA aldizkariak (ere) frogatzen baitu egunez egun isunak, polizia eta beste lege edo epaileen gainetik kazetaritza sendoa egin daitekeela. Baina hartu gai mingarri bat, pentsatu “nor naiz ni hori kontatzeko”, edo “zer pentsatuko dute” eta ttutt, gaiez aldatu. Gisa horrez baztertu dut Ipar Euskal Herriko elkargo bakarrari egin nahi nion kritika, ene alde matxista salatzeko gogoa, eta beste zenbait gai.

Leku berberean aste bat lehenago aritzen den Itxaro Bordari entzun ala irakurria diot egunero idazten duela, eta nahiz aitak hala egitea aholkatu, egunero ametsetan galtzen naiz, paper gainean hitzik etzan gabe. Hargatik segur aski, zutabe honen arduradunak pentsatu izan du behin baino gehiagotan ez zitzaiola garaiz jinen ene kolaborazioa. Beraz hona edo beste plaza libre batera itzultzeko edo seriostu beharko naiz, edo punkiago bilakatu, edo ondu beharko dut. Plazera izan da, eta plazera izanen da hemen berean irakurtzen segitzea, laster arte.