argia.eus
INPRIMATU
Karel Sterckx, ARGIAkoa
Euskal Herria ulertzeko euskaraz ikasi duen flamenkoa
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko ekainaren 29a
Karel Sterckx (kamiseta gorrikoetan eskuinekoa), Flandriako lagun independentistekin, 2014ko urrian ARGIAra opari eta guzti egin zuten bisitan.
Karel Sterckx (kamiseta gorrikoetan eskuinekoa), Flandriako lagun independentistekin, 2014ko urrian ARGIAra opari eta guzti egin zuten bisitan.

Lagun bat baino gehiago du ARGIAk Euskal Herritik kanpo. Karel Sterckx da horietako bat, 38 urteko flamenkoa. Hamabost-hogei urte izango dira euskara ikasten hasi zela eta aspalditik ezagutzen du gure proiektua. Baina nola iristen da flandriar bat gure herriarekin eta gure hizkuntzarekin horrelako harremana izatera?

Volksunie Flandriako alderdi autonomistaren gazteriaren nazio-batzordeko kidea zen Sterckx 90eko hamarkadan, nazioarteko harremanetako zuzendaria, hain justu. Bazuen, beraz, Euskal Herriarekin traturik. Lizarra-Garaziren eta Irlandako bake prozesuaren garaiak ziren eta orduan mutikoak sentitzen zuen Euskal Herriarekiko eta Ezker Abertzalearekiko gertutasun bat. Gainera bazen Donapaleun bizi zen Flandriako apaiz bat, eta hark bi urtean behin Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa antolatzen zuen. Hala, gerturatzen joan zen, eta piztu zitzaion Euskal Herria ezagutzeko gogoa.

Nola ezagutu, ulertu benetan herri bat, ordea, bere hizkuntza jakin gabe? Karelek ezagutu nahi zuen Euskal Herrian zer gertatzen zen, eta horretarako euskaraz publikatutako testuak irakurri nahi zituen, itzulpenen edo beste hizkuntzetan gureaz idatzitakoen beharrik izan gabe.

Autodidakta hasi zen bere lehen hitzak ikasten Assimil metodoaren Le Basque Unifié liburuxkarekin, eta entzumena garaiko euskal musikarekin landuz. 2003an Lazkaoko Maizpide barnetegira etorri zen eta lazkaotarren artean murgildu zen, behin euskara menderatzen hasita Ordiziako Herriko Tabernan lanean hasi zen arte. Denboraldi bat pasata itzuli zen berriz Flandriara, euskara ikasita.

ARGIAko harpidedun egin da orain bizpahiru urte, lehendik ezaguna badu ere. Dio ARGIA proiektuaren independentzia, aniztasuna, aberastasuna gustatzen zaizkiola eta horregatik egin zela harpidedun. Euskal Herriko gaurkotasuna jarraitzeko eta bere euskara maila mantentzeko balio dio Karel Sterckxi ARGIAk.