“Unibertsitate publikoan gizarteari erantzun behar diogu, ez merkatuari”

  • Karreren berrantolaketa, unibertsitatearen hizkuntza politika, ikasleekin izandako liskarrak, enpresa pribatuen esku-hartzea finantzazioan… Gai ugari jarri dizkiegu mahai gainean Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreei, Iñaki Goirizelaia eta Alfonso Carlosenari.

Egun, errektoreak erabakitzeko ahalmen eskasa duela uste dute Iñaki Goirizelaiak (ezkerrean) eta Alfonso Carlosenak.
Egun, errektoreak erabakitzeko ahalmen eskasa duela uste dute Iñaki Goirizelaiak (ezkerrean) eta Alfonso Carlosenak.Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zentroen berrantolaketa egingo du EHUk: 31 zentrotik 20 izatera igaroko da datorren ikasturtean. Langile kopuruan ez duela eragingo adierazi izan duzu, baina kontra agertu dira hainbat zentro, autonomia galtzearen beldur dira.

Iñaki Goirizelaia: Halako prozesu baten aurrean, beti daude aldeko jarrerak eta jarrera kritikoak, baina prozesuan zehar berrantolaketa honen helburuak eta abantailak komunikatzen egin dugun ahaleginari esker, bozketak aldekoak izan dira nabarmen. Egia da hiru zentro izatetik bakarrera igarotzen zarenean, horietako batek pentsa dezakeela autonomia galduko duela, baina kontua da, ezer egin ezean, zentro horren biziraupena zalantzan zegoela. Beraz, galdera litzateke: hau egingo ez bagenu, zer gertatuko litzateke? Helburua ez da zentroen autonomiaren aurka joatea, unibertsitate hau erreferentzia izatea baizik, eta horrek eskatzen du denok elkarrekin eta ondo koordinatuta lan egitea. Ikerketa arloan gero eta aktiboagoak izan nahi badugu, ezin dugu bakoitza bere aldetik aritu, ahaleginak batu behar ditugu. Eta jendeak ulertzen du etorkizuna izan nahi badugu hobe dela zentro indartsu eta erreferentzialak izatea.

Baina 6.000 ikasletik gorako makro-zentroek eraginik izan dezakete hezkuntzaren kalitatean?

I. Goirizelaia: Inola ere. Irakaskuntzaren antolakuntzak ez du zerikusirik zentroaren tamainarekin; graduak eta gradu horien irakaskuntza orain arte bezalakoa izango da, eta kalitatea berdina, edo are hobea, esango nuke, irakasleek baldintza hobeetan garatu ahal izango dutelako jardun akademikoa.

Alfonso Carlosena:
“Laster bi sistemak batera arituko dira, 3 eta 4 urteko graduak. Saiatu behar gara gradu osteko masterra ez dadin izan gradua baino garestiagoa; faktore kritikoa hori da”

Berregituraketa honek ba al du zerikusirik graduen balizko berrantolaketa batekin? Alegia, egun EHUn duzuen 4+1 sistematik (4 urteko graduak, urtebeteko graduondoa) joera bihurtzen ari den 3+2 sistemara igarotzearekin?

I. Goirizelaia: Ez, inondik ere. Gaur egun dugun ikasketa egitura mantentzearen alde gaude.

Eta NUPen, mahai gainean al dago 4+1 sistematik 3+2ra igarotzea eta ondorioz graduondokoei pisu handiagoa ematea?

Alfonso Carlosena: Nik uste laster 3 urteko graduak planteatuko direla eta bi sistemak batera izango ditugun eredu batean murgilduko garela, 3 eta 4 urteko graduak. Ezin dena da batean eta bestean gauza bera eskaini: 4ko graduek abantaila dute adibidez praktiken epealdia luzatzeko edo beste konpetentzia batzuetan sakontzeko. Bata eta bestea kontrajarri ordez, masterrak hobetzen egin behar dugu lan, beste herrialde batzuekin konparatuta masterretan baitugu erronka.

Masterrei eta graduondokoei pisu handiagoa emateak ekar dezake graduek balioa galtzea eta hezkuntza elitistagoa bultzatzea?

A. Carlosena: 3ko eta 4ko graduetan eskaintzen ari garena argi dugun bitartean, ez dago zertan arazorik izan. Gradu batzuk egokitzen dira 3 urtera eta beste batzuk 4ra. Eta kasu askotan graduak nahikoa dira, baina ikasketak masterrarekin osatu nahi dituenarentzat gradu-master uztarketa ongi egin beharko da, eta jakina, saiatu behar gara masterra ez dadin izan gradua baino garestiagoa, faktore kritikoa hori baita. Ibilbide guztia egin nahi duenarentzat ez dadila garestiagoa izan.

Iñaki Goirizelaia:
“Euskararen arazoa EHUn ez dago irakaskuntzari lotua; eguneroko hartu-emanak kezkatzen nau, gure profesionalenak, baina baita uneoro euren artean gaztelaniaz mintzo diren ikasleenak ere”

I. Goirizelaia: Unibertsitatean egiten diren apustuek ezin dute inoiz ikaslearen poltsikoaren aurka joan. Ikasketak formatu batean edo bestean egin, ez dadila garestiagoa izan ikaslearentzat. Bestalde, graduak urtebete gutxiago duelako prestigioa galdu ote dezakeen? Duela gutxi 3 urteko graduak ziren Ingeniaritza teknikoa, Erizaintza, Magisteritza… eta inork ez zuen profesional horien prestigioa zalantzan jartzen. Edukiak, eskaintza akademikoa, baliabideak dira prestigioa ematen dutenak, baina berriz diot, gaur gaurkoz ez dugu interesgarri ikusten 4tik 3ra igarotzea, ditugun titulazioetarako.

Hain zuzen ere, titulazioen eskaintza berregin duzue. Zein irizpide jarraitu duzue gradu batzuk kendu eta beste batzuk ezartzeko? Humanitateen edo Gizarte Zientzien aldean, karrera tekniko-zientifikoak hobetsi al dira, hainbatetan ikusi dugun joerari jarraiki?

I. Goirizelaia: Unibertsitate publikoa garen heinean, argi dugu eskaintzen ditugun titulazioak ez direla egongo inguru sozio-ekonomiko jakinetatik duten eskaeraren menpe. Onartezina litzateke herri batek filosoforik ez izatea, eta hortaz, unibertsitate publikoak filosofoak formatu behar ditu. Errentagarritasuna eta merkatuaren beharrak ez dira irizpide guretzat, herriak dituen beharrak baizik. Hain juxtu, nagusiki ingeniaritza arloko graduak kendu ditugu, eskaintza hori berrantolatzeko helburuz.

A. Carlosena: Gurean ere berdin, unibertsitate publiko bezala gizarteari erantzun behar diogu, ez merkatuari. Batzuetan presio handia dugu unibertsitateok, enplegutasunaren izenean badirudielako ikasleak formatu behar ditugula soilik enplegu jakinetarako, eta guk askoz modu zabalagoan ulertzen dugu, herritarrak formatu nahi ditugu. Egia da NUPen ingeniaritzak pisu handia duela eta horregatik, titulazio berriak pentsatzen ari garen honetan, argi dugu Gizarte Zientziak ezin ditugula bazterrean utzi eta adibidez Arte eta Humanitateetan ere zerbait eskaini behar dugula, egun ez dugulako arlo horretan ezer eskaintzen. Erakargarria izan beharko du, gutxien-gutxieneko eskaera ez duenak ez baitu zentzurik.

Alfonso Carlosena:
“Protestetan, batzuetan taldeak daude, modu koiuntural eta interesatuan unibertsitateko ikasle taldeetara batzen direnak. Hainbatetan, gazteek unibertsitatean askatzen dute euren haserrea”

NUPen, ikasgaien %20 baino ez da eskaintzen euskaraz eta karrera bakarra egin daiteke guztiz hizkuntza horretan: Magisteritza. Zein portzentajetan hobetu nahiko zenukete euskarazko eskaintza? Ikasleen eskaeraren arabera egingo al da?

A. Carlosena: Eskaera erreala zein den ez dakigu eta bestalde, euskarazko eskaintza ez da erraza, irakasle askok ez baitakite euskaraz. Saiatzen gara, salbuespenak salbuespen, titulazio guztietan gutxienez euskarazko ibilbide bat eskaintzen, ikasleek ikasturte guztietan euskarazko ikasgai batzuk izan ditzaten. Gure helburua da kredituen %20 baino gehixeago euskaraz eskaini ahal izatea.

Diozun moduan, irakasle askok ez daki euskaraz NUPen, zehazki %75,43ak. Egungo irakasleekin neurririk hartuko da hori konpontzeko? Eta etorkizuneko kontratazioetan kontuan hartuko da euskaraz jakitea?

A. Carlosena: Kontua da kontratazioetan ezin dela euskarazko profila sartu eta beraz, aukera bakarra da euskaraz ikasi nahi duenari erraztasunak ematea. Baina borondatezko aukera litzateke.

EHUn ere bada zer hobetu euskararen gaian. Karrera guztia euskaraz ikasi ezin duten Medikuntzako ikasleen graduazioko diskurtsoak famatuak dira, dagoeneko.

I. Goirizelaia: 30 urtetan ez diogu utzi euskararen aldeko neurriak hartzeari eta 200.000 ordu baino gehiago eskaintzen ditugu urtean euskaraz. Herri honetan ez dago inor euskararen normalizazioaren alde EHUk bezainbeste egin duenik. Eta alde handiarekin gainera. Euskarari lotuta unibertsitate honek egin duen politikaz oso harro nago. Medikuntzako graduak konnotazio bereziak ditu eta klinika-aurreko ikasgaiak %100 dira euskaraz, klinikan eman beharreko orduak dira arazoa. Hobetzeko gauzak daudela? Bai, badaude, baina aski da, goi mailako hezkuntzan, ikerketan, dibulgazioan, liburu ekoizpenean… euskararen arloan gehien egin dugunak gara. Euskararen arazoa EHUn ez da irakaskuntzari lotutako arazoa, eguneroko hartu-emanak gehiago kezkatzen nau, gure profesionalenak, baina baita ikasleenak ere: titulazioa euskaraz eskatzen duten berdinak uneoro gaztelaniaz mintzo direlako euren artean. Medikuntzatik egiten dizkiguten kritikak ontzat hartzen ditut, baina beti esaten diet atzera begiratu dezatela, norantz goazen ikus dezatela, eta gaur egun duguna baloratzeko gai izan daitezela.

Azken hiruhilekoa beroa izan da bi unibertsitateetan. NUPen, ikasleek salatu dute protesta baketsua egiten ari zirenean errektoreak Foruzaingoa deitu zuela eta liskarretan zauritu egin zituztela.

A. Carlosena: Protestak ez ziren baketsuak izan eta zaurituak bi izan ziren, oso zauri arinekin. Gobernu Batzordea genuen eta ez ziguten sartzen uzten, horregatik erabaki genuen poliziari deitzea. Poliziak alboratu baino ez zituen egin, gu sartu ahal izateko, eta Nafarroako Barne kontseilariak parlamentuan azalpenak eman behar izan zituenean, alderdi guztiek onartu zuten poliziaren jokabidea ahal bezain leunena izan zela. Bestalde, protesta taldea txikia zen, ez ziren ikasleen gehiengoaren adierazgarri, eta horren seinale da baita ere protesta-gai zutena [seihileko hainbat ikasgai urte osoko ikasgai bihurtuko dituen erreforma] onartu egin dela, kontrako boto bakarrarekin.

EHUn ere, ikasleek Ertzaintzarekin izan dituzte istiluak. San Mamesen ikasleak egiten ari ziren Herri Unibertsitatea izan zen abiapuntua; ertzainek indarrez irtenarazi zituztela salatu dute ikasleek.

I. Goirizelaia: Urrunagotik datorren kontua da hau guztia. Azken urte honetan etengabe itxialdiak izan ditugu hainbat fakultatetan, eta Arabako campusean dago istiluen iturburua. Kritikak, edozein direla ere eta edozeinengandik, unibertsitateko saltsa dira, guztiz beharrezkoak. Ikasleek Herri Unibertsitatea antolatzea, inolako arazorik gabe egiten dena, funtsezkoa da unibertsitate gisa, eta duen balio guztia ematen diot biltzeari, antolatzeari, eztabaidatzeari. Hori babestea dagokigu. Baina Gasteizen gertatzen dena benetako basakeria da, suntsitzailea, errektoreordearen atea erretzeraino. Hori baketsua al da?

Iñaki Goirizelaia:
“Ez dugu enpresa ilararik ate joka, dirua jarri nahi dutela esanez. Nahiko nuke! Erabakimena unibertsitateak mantentzen duen bitartean, non dago arazoa?”

Baina hori ondoren gertatu zen…

I. Goirizelaia: Bai, baina itxialdiak eta Gasteizko ekintzak aurrekoak dira. Eta San Mamesen, Herri Unibertsitateko ekintzak onartu ziren, baina zentroko zuzendariak ez zuen itxialdia onartu eta ikasleak ateratzeko ertzainei deitzea erabaki zen. Horrek ikasleak haserretu eta ondoren Leioan egin zuten manifestazioa ez zen inolaz ere baketsua izan: haurtzaindegitik sartzen saiatzea, atea mazo batekin puskatzea, zaindariei eraso egitea… ez dut uste baketsua denik. Eta une horretatik aurrera ertzainek  esku hartu behar izan zuten.

Suminduago ikusten dituzue ikasleak, murrizketak eta erreformak direla-eta? Nahikoa hartu-eman duzue ikasle mugimenduekin?

A. Carlosena: Guk kasik eguneroko hartu-emana dugu ikasleen ordezkari legitimoekin: Ikasle Batzordea, unibertsitateak aitortutako ikasle taldeak eta organo askotan ordezkaritza duten ikasleak, tartean organo gorenean, Gobernu Batzordean. Baina batzuetan taldeak daude, ez beti unibertsitatekoak, modu koiuntural eta interesatuan unibertsitateko ikasle taldeetara batzen direnak, eta horiek zailagoak dira ezagutzen eta kontrolatzen. Gazteen artean haserrea dago, eta batzuetan unibertsitateetan askatzen da haserre hori. Adibide bat jartzearren, tasen igoerak amorratu dituen gazteen protestak unibertsitateak jan ditu, sarri jendeak ez dakielako tasak igo dizkiona unibertsitatea den, erkidegoko gobernua edo Madrilgoa.

I. Goirizelaia: EHUn 50.000 ikasle ditugu eta istilu esanguratsuren bat gertatu denean gehienez 200 bat ikasle izan dira tartean; ez dakit hortik estrapolatu dezakegun ikasleen artean gero eta egonezin handiagoa dagoenik. Egia da ikasleak gertatzen ari denaren aurrean antolatzen ari direla, jardunaldiak eta aldarrikapenak planteatzen, jarrera kritikoa adierazten… eta azken urteotan areagotzen ari dela uste dut, aurretik ikasleak kasik desagertuta egon baitira. Halako ekintzak interesgarriak iruditzen zaizkit. Eta harremanari dagokionez, guk mundu guztiarekin hitz egiten dugu eta horretarako bitartekoak ditugu. Ikasleek ordezkaritza dute organo ofizialetan, baina hortik harago, hitzordua eskatzen digun edonorekin hitz egiten dugu.

Finantzazio arloan, Nafarroako Gobernuak NUPera diru gutxi bideratu duela kexatu izan zarete. Gobernu berriarekin, zein finantzaketa eredu ari zarete eztabaidatzen?

A. Carlosena: Azken urteetan finantzaketa asko jaitsi digute; proportzionalki, beste hezkuntza arlo batzuetan baino gehiago. Gobernu berriarekin, oraindik ez dugu aurrekontu proposamenik egin, baina hainbat urtetarako finantzaketa eredua adosten ari gara, orain arte irizpide jakinik gabe egin baitira aurrekontuak. Diru-kopurua zehaztea izango da hurrengo urratsa, eta harreman ona izaten ari gara Gobernuarekin; unibertsitateak nafar gizartean jokatu behar duen rola ulertzen ari dira eta esperantza daukagu finantzaketa hobetu egingo dela.

Eusko Jaurlaritzarekin, zein da EHUren harremana finantzaketa arloan?

I. Goirizelaia: Erakundetik erakunderako harremana dugu. Finantzaketa eredua finkatua daukagu, baina aurreko unibertsitate plana ez zen bete eta oraingoa betetzeko ere zailtasunak izaten ari gara.

Finantzaketa bide berriak aipatu izan dituzue. Gradu, graduondo eta masterretan enpresa pribatuek esku hartzeak ekarri dezake unibertsitatearen pribatizazio zuzen edo zeharkakoa? Europatik ezarri nahi den unibertsitate erreformak pribatizaziorako joera duela salatu du hainbatek.

I. Goirizelaia: Duela hamar urte berdina esaten ziguten, ikasketak Europara egokitu behar izan zirenean, eta oraindik ez da halakorik gertatu. EHUn ez dago inongo enpresarik zein gradu eman behar den erabakitzen duenik edo master baten jabe egin denik. Enpresek unibertsitateari laguntza ekonomikoa ematea ez dut gaizki ikusten, beti ere ikasgaien edukia eta irakaskuntzaren ardura gurea den heinean. Zoritxarrez, ez dugu enpresa ilararik ate joka, dirua jarri nahi dutela esanez. Nahiko nuke! Baita babesa eman nahi diguten ikasle ohiak izatea ere, egun duguna baino heldutasun handiagoa emango ligukeelako. Erabakimena gure organoetan mantentzen den bitartean, unibertsitatearen autonomia mantentzen den bitartean, non dago arazoa?

A. Carlosena: Europatik unibertsitatea pribatizatzeko politikaren bat dagoela esaten denean, bitxia egiten zait, Europak ez duelako politika bateraturik ezertan, eta unibertsitateak pribatizatzeko azpilanean ari direla pentsatzeak ez du zentzurik. Kontua da ia herrialde guztietan unibertsitateen finantzaketa publikoa murrizten ari direla. Ez dirudi finantzaketa publikoa asko hobetuko denik, eta irudimentsuago izatera eta ezberdin lan egitera ohitu beharko gara, dirua soilik administrazio publikotik jaso beharrean: enpresekin eta ikasle ohiekin kolaboratuz, unibertsitateen artean baliabideak partekatuz… Unibertsitate erreforma batek ere asko lagunduko lioke gure eraginkortasunari, egungo gehiegizko legislazioak oztopo burokratiko asko eta lan karga handia sortzen dizkigulako.

Zein oinarri eskatzen dizkiozu, Goirizelaia, EAEko Unibertsitate Lege bati?

I. Goirizelaia: Autonomia Estatutuak hezkuntza eta ikerketa eskumenak EAEri onartzen dizkion arren, Madrildik datorren araudiak etengabe oztopatzen du gure jarduna. Irakasleen egungo gestioa adibidez, Estatuko legeek baldintzatua, ez da egokia eta aldatu egin behar da, ez dugu inongo malgutasunik kontratazio onena egin ahal izateko. Unibertsitatearen gobernantzan, bestelako ereduetarako aukera egon beharko litzateke, eta errektoreak esaterako erabakimen handiagoa izan beharko luke. Egun, erabakitzeko oso ahalmen eskasa baitu errektoreak. Batzorde Soziala daukagu, hala funtzionatu dezala ahalbidetu behar da; irakasleen soldata politikak ez die erantzuten ditugun beharrei…

NUPek berriz, 2016-2019 Plan Estrategikoa aurkeztu berri du.

A. Carlosena: Unibertsitatearen hiru zutabeen gaineko planteamendua da, irakaskuntza, ikerketa, eta proiekzioa eta transferentzia. Horrez gain, internazionalizazioan, langilerian eta azpiegitura eta baliabideetan ere jarri da indarra. Titulazio berrien eskaintzaz hitz egin dugu dagoeneko eta ikerketan biomedikuntza izango da gure apustu nagusia. Barne-egitura ere aldatu nahi dugu, akademikoki eta administratiboki, eraginkorrago izateko.

Zein da EHU eta NUPen arteko harremana?

I. Goirizelaia: Ibilbide bateratua dugu denboran eta arlo ugaritan. Normalean, gainera, ekintza bateratu horiek ez dira errektoreengandik sortu, behetik baizik: ikerketa lantaldeak, irakasleen arteko lankidetza… Urrats asko eman dira eta behetik gora sortzen diren hauek laguntzea errazagoa da errektoretzarentzat, goitik beherako erabakiak ezartzea baino. Bestalde, etorkizunari begira iruditzen zait egun dugun egoera politikoa mesedegarria dela instituzionalki harremanak garatzeko.

A. Carlosena: Bai, behetik gorakoa da ongien funtzionatzen duena eta EHUrekin gertatzen zaigu, Zaragozako unibertsitatearekin bezala, hurbiltasunagatik loturak eman direla, ikerketa arloan asko, baita master bateratuak ditugulako ere. Instituzionalki, borondatea behintzat horixe da, bion arteko elkarlana.


Azkenak
2024-11-08 | Egurra Ta Kandela
Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak

Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]


Volkswagen: Alemaniako itxierek kezka barreiatu dute Nafarroan

María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.


2024-11-08 | ARGIA
Sindikatuek Confebaski egotzi diote absentismoa arazotzat hartzen duen kanpaina egitea

Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.


2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


2024-11-08 | Leire Ibar
Farmazia enpresen erdiak baino gehiagok adimen artifiziala erabiltzen du

Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


2024-11-08 | Euskal Irratiak
AirBnb motako epe laburreko alokairuen abantaila fiskala murriztu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.


2024-11-08 | Irutxuloko Hitza
KASen kontrako elkarretaratze berria egingo du LQNTCDD taldeak datorren astelehenean Donostian

Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]


2024-11-08 | Hala Bedi
Errota Zaharra auzo elkartea
“Arrazoi eta interes askok eraman gaituzte oraingo egoerara, baina kaltetuak bizilagun guztiak gara”

Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.


“Atera ala hil”, Gaza iparralderako Jeneralen doktrina

Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Eguneraketa berriak daude