argia.eus
INPRIMATU
Euliskea
Jakoba Errekondo 2016ko ekainaren 29a
Ezkai limoiusaina (Thymus x citriodorus), edozein landare saltegitan aurkitzeko moduko euli uxatzaile bikaina.
Ezkai limoiusaina (Thymus x citriodorus), edozein landare saltegitan aurkitzeko moduko euli uxatzaile bikaina.Argazkia: Andrey Korzun-CC BY SA

Euli izugarria edo euli uxagarria da euliskea. Soroetan txori izugarriak edo txorimaloak bezala, etxe inguruan euliskea jartzeko sasoia etorri da. Aurten, gainera, udaberria freskotik doa, eta, beroak gorri-belzteko sasoia etortzen denean, orduan izango da isilduko ez den euli-burrundara, sekulakoa.

Badator euli, eltxo, liztor, eulitzar, euli beltz, ezpara, euli alfer, eulitxa, euli berde, eulimando, eulihandi eta haragi euli samalda. Geure haragietara heldu eta txista egin eta azkura lehenik eta pikorta gorri gogaikarria gero nahi ez badugu, aurrea hartu. Guregandik uxatu nahi baditugu usainekin jokatzea da gakoa. Usainez jantzitako landareek babesa eraikitzen dute esentzia bizi horiekin. Euli eta abar, fuera! Gustuko ez dituzten usainek gotortzen gaituzte; sudurretik jotzen ikasi beharrean gaude.

Zitroin edo limoi usaina lehena. Landareetan ugari samarra; etxeratzeko errazak direnak, edozein landare saltegitan aurkituko dituzunak: limoi-belarra (Cymbopogon citratus), luisa-belarra (Aloysia citrodora), ezkai limoiusaina (Thymus x citriodorus), garraixka (Melissa officinalis) eta albahaka limoiusaina (Ocimum x citriodorum). Limoi tankerako usaina du Artemisia abrotanum-ek ere. Hori asentsio-belarraren lehengusua da, Artemisia absinthium. Azken horrek limoitik oso urrun dagoen usaina hedatzen du, baina intsektuak izutzeko ere erreminta ederra da.

Aliazeo jendea (Allium sp.), tipulatarrak eta baratxuria ere usainez ondo hornitutakoak dira, eta intsektu jende gehienarentzat kiratsa dutenez, uxa-uxa! Antzeko lana egiten dute menda sendikoek (Mentha sp.); familia ugaria osatzen dute, eta denek dute usain sarkorra, guretzat gozoak direnak usain keruak dira eulientzat.

Nikotina txarra dela ere badakite euliek, inork eskolan erakutsi beharrik gabe. Loretarako, apaingarri erabiltzen den tabako-belarra (Nicotiana sp.) ez dute ikusi ere egin nahi. Antzera jokatzen duten izpilikuarekin (Lavandula angustifolia), lantanarekin (Lantana camara) eta usaineko geranioekin (Pelargonium roseum, Pelargonium graveolens...)

Gu usainez jantzi, ingurua lorez eta hostoz dotoretu eta euli jendilajea uxatu, a zer pagotxa!