argia.eus
INPRIMATU
Kristobal Kolonen aurkikuntza klimatikoa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko ekainaren 22a

Amerikara egindako bigarren bidaian, 1494ko uztailean, Kristobal Kolonen ontziak Kuba eta Jamaikaren artean nabigatzen ari ziren, montzoiaren zaparradei nola edo hala eutsiz. Euri erauntsiek ontzien sotoak urez betetzen zituzten eta bero itogarriak ere ez zuen laguntzen janaria kontserbatzen. Espedizioa arriskuan zegoen.

Egoera kritiko horretan, hauxe idatzi zuen Kolonek: “Hemengo zerua, airearen egoera eta eguraldia ingurukoak bezalakoak dira; egunero hodei bat agertzen da, ordubete inguruko euri-jasa ekartzen duena, batzuetan gehiago eta bestetan gutxiago, eta herrialde honetako zuhaitz handiengatik gertatzen da hori”. Koloni esperientziak esan omen zion baso-estaldura eta prezipitazioak lotuta zeudela: berdin gertatu zen “Kanariar uharteetan, Madeiran eta Azoreetan, baina hango zuhaitzak bota zituztenetik ez dago hainbeste hodeirik eratzen eta eta ez du hainbeste euri botatzen”. Beraz, deforestazioaren eta klima aldaketaren arteko loturaz jabetu zen.