Ezagutu nuen egunean, mugei buruz hitz egin zuen Hibai Arbide Azak. Esan zuen demokraziaren aurkako mekanismoak direla, jendea kanporatzeko balio baitute. Orduz geroztik, bi urte joan dira ia, eta gero eta jende gehiago dabil alderrai, mugak ezin zeharkatu.
Zuzenbidea ikasi zenuen.
Bai. Zientzia politikoak ikasi nahi nituen, baina zuzenbidean ari ziren pare bat lagun, eta pragmatikoagoa iruditu zitzaidan. Printzipioz ez nuen abokatu moduan lan egin nahi; hala ere, bederatzi urte egin nituen horretan. Lehenengo bulego oso pijo batean, eta gero, bestelako bulego batzuetan: Jaume Asensekin eta Layret kolektiboan.
Nola uztartzen dira aktibismo politikoa eta zuzenbidea?
Nire jarduna beti egon da lotuta mundu-ikuskera jakin batekin. Batzuetan, abokatu militantea zara, eta zuzenbidea hartzen duzu ekiteko eremu politiko moduan. Beste batzuetan, aldiz, militanteen abokatua zara, borrokan ari den jendea babesten duzu.
2014an mahai-inguru batean aditu zintudan, San Telmo Museoan, eta gogora datorkit zer esan zuen han bertan Eli Vásquez abokatu ekuadortarrak.
Bai, Elik bi abokatu mota bereizi zituen: giza eskubideen aldeko abokatuak eta estolderia-abokatuak. Giza eskubideen aldeko abokatuek mekanismoak baliatzen dituzte, adibidez, Giza Eskubideen Europako Auzitegia, jurisprudentzia jakin bat lortzeko: berme handiena eskaintzen duten markoak hartzen dituzte (nazioartekoak, normalean), eta gero horien emaitzak tokian toki mamitzen saiatu. Elik, ordea, bestelako bide bat proposatzen zuen: zuzenbidea hackeatzea. Ez dut uste bide kontrajarriak direnik.
Kasuaren araberakoa ere izango da, ezta?
Guztiz. Estrasburgora iristeko azpiegitura jakin bat behar duzu, ibilbide luzeko kasu bat. Euskal Herrian, ezker abertzaleak izan ditu halako kasuak, baina, oro har, edozein erakunde politikok eraman zaitzake errazago bide horretatik, oinarrizko azpiegitura politikoa badauka. Hemen urte luzetako kondenak izan dira, eta ondorioz, ikusmolde horretan ere pentsatu da: Estrasburgora iritsi eta han ezar dezatela zer egin beharko lukeen Espainiako Estatuak. Gero, sarri, Estrasburgok markoa ezarri du, eta Espainiako Estatuak jaramonik egin ez.
Elik aktibista transekin eta sexu-langileekin jarduten du, eta horiek antolatuta daude, baina ez daukate halako azpiegiturarik ere, Giza Eskubideen Latinoamerikako Auzitegira jotzeko. Bezero prekarioagoekin ari zarenean kontua da bidezidorrak bilatzea, emaitzak ahalik eta azkarren erdiesteko.
Gogoan al daukazu talka hori islatzen den kasuren bat?
Bada, Madrilgo Patio Maravillas gizarte-zentro autogestionatua salatu zuten, eta husteko eskatu. Bi bide har genitzakeen. Bata, maximalista: giza eskubideen markoan koka genezakeen, eta gune hori baliatzeko eskubidea aldarrikatu. Bigarren bidea erabili genuen, ordea. Frogatu genuen salaketa horretan soilik kolektibo bat salatu zutela, eta Patio Maravillas espazioan 21 elkarte zeudela, beraz, elkarte bakarrak utzi beharko zuela tokia. Epaiketa galdu zuen Patio Maravillas elkarteak, baina, ezin zituzten gainerakoak kanporatu.
Askoz ederragoa zatekeen espazioan egoteko eskubidea aitortu izana, baina estrategia horrekin espazioa galduko genuen, eta aldiz, bestea baliagarriagoa zen espazioaren helburu politikoak jorratzen jarraitzeko. Dena den, handik urte batzuetara galdu zen espazioa. Garaipen horiek behin-behinekoak izan ohi dira.
Zer ikasi duzu abokatu jardunda?
Epaiketetan inork ez duela egia esaten. Egia konplexuegia da, ezin da epaiketa batean osoki sartu, ñabardura gehiegi daude, eta moldatu egin behar dira, azken bertsioa eraikitzeko. Ondo landutako bertsio bat beti da egia baino sinesgarriagoa. Horrek ez du esan nahi alderdi inportanteetan gezurra esaten denik beti, baina errealitatea azaltzeko kode bat da zuzenbidea, eta zentzu horretan, arbitrarioa da.
Zuzenbideak ez du esaten zer egin dezakezun eta zer ez, aitzitik, ezartzen du zer ondorio pairatuko duzun baldin eta legeak onartzen ez duen zerbait egiten baduzu. Bestalde, zuzenbidea beti aplikatzen da momentu jakin bateko indar-korrelazioaren arabera.
Sarri galdetzen dizute ea zerbait legezkoa den, eta ea egin daitekeen. Bada, ez da gauza bera. Zenbait pertsonak gauza ilegalak egin ditzake, eta ondoriorik pairatu ez, eta beste batzuek, aldiz, “errugabeak” izanda, legearen zama jasan behar izaten dute.
Bartzelonan egin duzu lan. Nola eta zertan igarri duzu hiriaren aldaketa zure jardunean?
Administrazio-zuzenbideak gero eta indar handiagoa hartu du errepresio-estrategien barruan. Hainbat urtez, zigor-zuzenbidea baliatzen zuen botereak, arriskutsutzat jotzen zituen jarrerak zigortzeko. Azken urteotan, ordea, hainbat lege atera dituzte, hala nola zibismoaren ordenantza eta Mozal Legea. Isunak ezarri dituzte, eta eremu horretan ez daukazu epaiketetako bermerik. Zigor-zuzenbideari kritika asko egin dakizkioke; hala ere, gutxienez, defentsa-eskubidea bermatzen da. Administrazio-zuzenbidean, berriz, Bartzelonako Guardia Urbanako agente batek esaten badu zuk delitu bat egin duzula, zuk zeuk frogatu behar duzu hori ez dela egia.
Administrazio-zuzenbidearen bidez ezabatu dituzte zenbait talde espazio publikotik, eta ez hori bakarrik, mekanismo hori berori barra-barra erabili dute auzoak gentrifikatzeko, beste hainbat estrategiarekin batera, jakina, halako gentrifikazio-prozesu bat ezin baita tresna bakar baten bitartez egin.
Edonola den, zuzenbidea utzi zenuen, Bartzelonatik alde egin, eta kazetari lanetan hasi, Grezian.
Beti izan dut gustuko idaztea, eta dagoeneko ari nintzen, batean eta bestean. Eta jabetu nintzen, sarritan, gogo gehiago neukala auziaren berri emateko, auzia abokatu moduan jorratzeko baino. Ondoren, Greziara joan nintzen: ez nuen hizkuntza ezagutzen, ez neukan titulurik, eta maizago idazten hasi nintzen. Gainera, kazetaria izateko oso une interesgarria topatu nuen han: Syrizak irabazi zituen hauteskundeak, erreferenduma egin zen, hirugarren memoranduma... Hein batean erraza izan zen modu profesionalean lanean hastea, eta zorte handia izan dut.
2014an iritsi zinen hara. Zerekin egin zenuen topo?
Ordurako zertxobait ezagutzen nuen herrialdea. Nire kidea bertakoa da, eta azken urteetan behin baino gehiagotan joana nintzen. Krisiak guztiz jotako herrialdea aurkitu nuen: klase ertaina desagertuta, pobrezia-maila oso altuak... Hala ere, bestelako une bat zen, itxaropen garaia.
2015ean ez zuen gobernuak galdu, ezpada herriak. Jende askok bazekien zer gertatzen ari zen: gobernu bat Europa neoliberalaren aurka, estreinako aldiz, gatazka instituzional irekian. Jende askok babesa eman zion Syrizari, Syriza gustuko izan ez arren, uste baitzuten bestelako Europa bat pentsa zitekeela.
Eta orain...
Klima hori egon badago, nahiz eta apaldu egin den. Irakurketa sinple bat egin ohi da, eta kaleko mobilizazioak jaitsi direla esan. Neurri batean halaxe da, baina, sakonean, mobilizatzeko modua eraldatu egin da, ez desagertu. Izugarria da zenbat greziar aritu diren buru-belarri errefuxiatuen alde lanean, eta ez soilik aktibistak. Nire auzoan, adibidez, emakume elkarte bat dago. Emakume edadetuak dira eta negu osoa eman dute iheslarientzako kapeluak egiten. Lesboseko hondartzetan egiten den lanak adina balio du jardun horrek, eta jende pila batek egin ditu halakoak, antolatu gabe, modu espontaneoan. Greziar asko oso egoera eskasean egon arren, arrazakeria ez da areagotu, Alemanian bezala.
Zer dela eta?
Batetik, iheslariekin identifikatzen dira greziarrak: “Gu izorratu gaituen Europa horixe bera ari da iheslariak izorratzen”. Bestetik, 1922an, Turkia eta Grezia gerran aritu ziren. Greziak galdu zuen, eta greziar askok gaur egun Turkia den hori utzi behar izan zuten, eta gaur egun Grezia den horretara joan. Oraingo iheslarien bide berberak ibili zituzten, Ismirretik Lesbosera. Errefuxiatuen ondorengoak dira Lesboseko biztanleen erdiak, eta ez da Euskal Herrian bezala: kontua ez da zure aitona-amonak Argentinara joan zirela, baizik eta zure gurasoak etorri zirela hona, eta horrexen fruitua zarela zu zeu.
Greziako eskuinak esan du ez dela egoera bera, orduko hartan greziarrak ari baitziren Greziara itzultzen. Guk, berriz, elkarrizketa egin diogu garai hartan etorritako andre bati, 82 urtekoa, eta irakurketa hori gezurtatu du: baztertu egin zituzten, pobreak zirelako, eta turkiar ere esaten zieten, iraintze aldera.
Kazetari moduan, nola kokatzen duzu zeure burua?
Iruditzen zait objektibotasuna ez dela existitzen, eta zintzoagoa dela adieraztea nondik idazten duen bakoitzak. Horrek ez du esan nahi erreportajeak propaganda izan behar duenik, niri ez zaizkit halako lanak gustatzen, edukiarekin ados egonda ere. Baina joera ideologikoak beti daude hor: ezin dira eragotzi, mundu guztiak ditu, eta beraz, hobe da aitortzea nondik ari zaren.
Adibiderik?
Iheslariei buruzko erreportaje bat egiten badut, iheslariek hitz egin behar dute, beti, ez soilik boluntarioek. Hori posizio politikoa da, eta ez da panfletarioa, inondik ere.
Zentzu horretan, oso deserosoak egiten zaizkit konparazio hidraulikoak; iheslari-olatuak, iheslari-korronteak... Badirudi ontzi komunikatuez ari garela: hemen muga ixten duzu eta iheslariak beste nonbait agertzen dira, automatikoki. Jakina, gerrarik ez balego, gauzak ez lirateke hala gertatuko, baina iheslariak ez dira gerraren ondorio huts bat, erabaki batzuk hartu dituztelako etorri dira, beren bizitzen eta erabakien subjektu dira.
Feminismoari ere erreparatzen diozu.
Niretzat garrantzitsua da, gai bat izateaz gain, feminismoak zeharka dezala nire idazketa, beti baldintza nazala, iheslariez ari ala lan prekarioaz. Zeharkako ardatza izan dadila. Beraz, kontua ez da iheslari emakumeei buruzko erreportajeak egitea etengabe, baizik eta aditzea ea zer dioten nire kide feministek nik lantzen ditudan gaiei buruz eta haiek egiten dizkidaten kritikak onartzea.
Hori guztia esanda, argi utzi nahi dut gure lanak ez direla akatsik gabeak. Egin ditudan erreportajeak begiratzen hasiz gero, autokritika handia egingo nuke, seguru, eta espero dut ikasten jarraitzea, baina ez badiozu zure buruari helbururik ezartzen, ez zara hurbilduko.
Behin baino gehiagotan esan duzu Europaren laborategia dela Grezia.
Bai. Austeritatearen eta neoliberalismoaren laborategia da, izan ere, Greziaren zorra ez da kontabilitate-mekanismoa, alegia, gakoa ez da zenbat diru daukan herrialde batek, eta zenbat zor duen. Ez, diziplina-mekanismoa da zorra. Hartzekodunek ez dute nahi zorra kitatzea, baizik eta, zorraren bidez, gobernu batek egin ditzakeen politikak baldintzatzea.
Adibide bat jarriko dut. 2015eko negoziazioetan, Varoufakisek eskaini zuen Greziako Banku Zentraleko zuzendarien soldata jaistea %60, eta troikak ezezkoa eman zion. Aldiz, administrazioko soldatak murriztea galdatu zieten. Irizpide politikoak dira horiek, argi eta garbi.
Greziaren bidez erakutsi nahi dute, batik bat, ezin dela bestelako politikarik ezarri. Gero, Greziako aurrekaria balia dezakete, eta Europako beste herrialdeetan gauza bera egin.
Aurrera begira, nola ikusten duzu egoera?
Greziako bi egoerek, hala krisi ekonomikoak nola iheslarien auziak, luzera joko dute.
Eta horren aurrean...?
Hasteko eta behin, kritika eta mugimendu politikoa behar ditugu. Elkartasuna oso garrantzitsua da, noski. Ez nuke halako irakurketa ezkertiar dogmatiko bat egin nahi eta elkartasuna karitate hutsaltzat jo. Elkartasun horri esker, zertxobait arindu dira milioika pertsonaren bizi-baldintza izugarri gogorrak. Pertsona bakar baten bizi-baldintzak hobetzen badituzu, hori bada zerbait, beti. Baina hori ez da aski, eta mugak irekitzeko eskatu behar dugu, politikoki: ez da karitatea, eskakizun demokratikoa baizik. Eskubide demokratikoa da pertsona oro mugitu ahal izatea.
Zuzenbidea ikasi zuen, eta abokatu jardun, bederatzi urtez, Bartzelonan. Okupazioarekin eta migrazioarekin lotutako kasuetan lan egin du, batik bat. Gaur egun, Atenasen bizi da, eta bertako egoeraren berri ematen dihardu, buru-belarri. Besteak beste, Venezuelako Tele Sur katean eta Twitterren (@hibai_) jarrai dezakezue.
“Atenasen merkeak dira taxiak, ez dute halako konnotazio handi-mandirik, eta gidarien espektro politikoa oso da askotarikoa. Itzelak dira kazetaritza egiteko. Gidariarekin hitz egin dezakezu, eta hura, aldi berean, bestelako jende askorekin mintzatu da”.
“Beranduxe aurkitu dut kazetari bokazioa, 35 urte ingururekin. Hala ere, uste dut ondo etorri zaidala aurreko esperientzia, abokatu lana, kazetaritza egiteko oso lagungarria baita bestelako gauzetan ere ibili izana. Gainera, orain, adin honetan, seguru dakit hauxe egin nahi dudala”.
“Gauza mordoa daude kontatzeko, baina komunikabideek ez dute horiek kontatzeko baliabide materialik eskaintzen, eta erabaki politikoa da hori ere. Kazetari batek ezin du Idomenin hilabete bat eman, kotxea alokatu eta abar, erreportaje baten truke 50 euro ordaintzen badizkiote”.
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]
Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]
Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]
Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.
Opari hau ez da izango momentuan ireki, gozatu eta egun gutxian bazter batean geratuko den horietakoa. Urte osoan gozatzeko zerbait ariko zara ematen, astero helduko baitzaio etxera aldizkari bat.
Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]