argia.eus
INPRIMATU
Etsipenik ez, ekimena bai
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2016ko ekainaren 23a

Belaunaldi berriei paso emateko garaia da, ez haietaz paso egitekoa. Erretiratzeko garaia da, etorkizuneko politikak erabakitzeari dagokionez, behintzat. Hirurogeiak pasata dituzten politikari ugari dago agintean, beren ikuspegiak ezartzen ari dena zakukada urte horren erdia ere ez duen gazte jendeari, euskaraz hezi den eta euskaraz bizi nahi duen jende gazteari.

Eta hemendik aurrera zer? dokumentuan 30 urterako politikaren ildoak ezarri dituzte Eusko Jaurlaritzako politikariek, zeintzuek eta hiru hamarkada horiek jubileuan eta zahartzaroan pasako dituztenek, zeini eta hiru hamarkada horiek beren heldu aroko eta laneko bizitza ia osorik hartuko dizkietenei. Zilegia da zaharrak ezartzea gazteari nolakoa izango den bere bizitza? Esaten zaie, beren bizitzak ezingo dituztela bete-betean euskaraz eratu eta, gainera, 30 urte geroago ere euskararen arazo soziala konpondu gabe izango dela. Jaurlaritzako aztiek aurreikusten dute euskaraz ezin biziak haserrea eragingo duela, eta “insatisfakzio saihetsezin” hori kudeatzen ikasteko gomendioa egiten dute. Beste modu batez ere aipatu da etsipenerako dei hori, euskaraz bizitzeko “ametsa doitzera” gonbit eginez euskaltzaleoi. Euskarazko hedabideei publizitatea eta duintasuna, batera, erdira doitzeko Gipuzkoako diputazioak hartu duen erabakiaz ariko ziren? Sanoki onartu behar dugu Osakidetzak euskaldunoi errezetatzen digun bazterkeria? Medikuntza euskaraz ikasi ezina depresiorako tratamenduaz ezkutatuko dugu? Gure gurasoek jarrera hori izan balute, ez genuke ez ikastolarik, ez euskalgintzarik ez eta gutxi barru politikari horiek gozatuko duten erretirorik izango ere.

Jaurlaritzaren hitzetan, 30 urteko politikak ez omen ditu esperotako emaitzak lortu hainbat arlotan, bereziki hizkuntza eskubideen berme praktikoari dagokionez. Hala ere, gure herrian gure hizkuntzan normaltasunez ezin biziari ez erreparatzeko eta lortutakoari begiratzeko eskatzen digute. Jakina begiratuko diogula, herria izan baita lorpen horien protagonista! Baina txantxangorriaren kantuak ere ezin du estali gizarte erdalduna eskaintzen zaiena, erremediorik gabe, hezkuntza osoa euskaraz egin eta heldu arora iritsi diren herritar euskaldunei.

Gazteentzat zaharra da EAEn agintzen duen politika, kanpoeder agertu arren. Gure agintariak determinismoak eta etsiak jota daude, nekatuta. Elefantea ikusi omen dute, baina elefantearen metafora okerra hartu dute, elefantearen azkenarena egokiagoa zaie. Euskaraz biziko den gizartea egiteko determinazioa, alaitasuna, elkartasuna eta parte-hartzea behar dira. Horiek gaztetasunaren ezaugarriak dira, berritasunarena, ez zaharrarena.