argia.eus
INPRIMATU
Baratzeko umoretik ‘Altza Porru’
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko ekainaren 22a

Garaiko produktuak dastatzeko aukera izan dute hilaren 16an Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalerako gunera gerturatu direnek. Jakoba Errekondok zortzi euskal marrazkilarirekin eta ARGIArekin elkarlanean argitaratu duten ‘Altza Porru’ liburuaren aurkezpenari hasiera emateko leku aproposa topatu dute, albahaka eta tomate landare artean, iritsi bezala gaian sartzen joateko. Bizi Baratzea proiektuaren barruan kokatzen da bigarren liburu hau, lurrari lotua dena irudi eta umoretik ezagutzeko aukera ematen duena.

Maialen Lujanbiok hartu du hitza Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak emandako azalpentxoaren ondoren, eta hitz egin digu liburuan idatzitako hitzaurreaz. Kalekumia. Nire burua ikusi ahal izan dut egoera horretan, ni izan nintekeen Tomate Urdinduaren Komandoko zaharrei irri nano bat egingo ziena, lauhortzekoa eskuan amonari noizbait entzundako hiztegia errepasatzen ari nintzen bitartean.

Idoia Torregaraik egin du Jakoba Errekondoren aurkezpena, herrikidea izanik askok baino hobeto ezagutzen baitu, bere terrenoan, egoera naturalean.

Jakobak berak eman dio liburuari errepasorik sakonena jendaurrean. Marrazkilariek egindako komikiak tartekatzen dituen testuak idatzi ditu Errekondok, ilargia, euskarazko esaerak, baratzearen diseinuak edo landareei eta lurrari lotutako irainak gaitzat hartuta.

Komikilariek hiru ariketa egin behar izan dituzte liburuan. Batetik gai librean ortuaren inguruko istorio bat sortu dute; bigarrenik Jakobak irratian jasotzen dituen galderak eta emandako erantzunak hartu eta bakoitzak galdera/erantzun bat irudikatu du; eta hirugarren ariketari Desafioka izena jarri diote, bertsotako kartzelakoaren estilokoa. Karabelekon ere lanean jarri dituzte, margoak eskuan, Ainara Azpiazu “Axpi”, Joseba Larratxe, Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, “Mattin” Martiarena eta Zaldieroa, eta azaldu dute bakoitzaren zer aurkituko dugun ‘Altza Porru’n. Unai Iturriagak eta Unai Gaztelumendik ezin izan dute aurkezpenean egon, baina momentuan egindako beren karikaturekin ekarri dituzte.

Bete eta osasuntsu ezin baitaiteke izan irribarrerik gabe!