argia.eus
INPRIMATU
Baimena
Edu Zelaieta Anta 2016ko ekainaren 23a

Guraso izateko legezko baimenik ez dela behar kontu aski ezaguna da; hots, guraso bihurtzea (ia) edonoren esku dagoela, familiadun geroaz bermerik egiaztatu beharrik gabe. Alde horretatik, konparazio jakin bat egiten ohi da: autoak gidatzeko baimena ezinbestekoa den bezala, antzeko azterketaren bat eskatu beharko litzaiekeela gurasogaiei euren gaitasuna/egokitasuna frogatzeko. Inguruan arestiko hizpidea atera denean, zure belarrien estalduraren arabera, ez duzu inor ikusi benetan proposamenaren alde. Komentario (ustez) irrigarriaren mailan gelditzen da beti, lagunarteko beste gai batera pasatu aurretik.

Aspaldiko laguna duzun Maitek deitu zizun lehengoan berria emateko: Alfredorekin zuen harremanak bereak egin ditu, hemeretzi urteko egonkortasun epelaren ondoren.

Gaztaroaren hasieran ezagutu zuen mutilaz gaizki esaka aritu gabe, dagoeneko ondorio argi bat atera omen du aferatik: autoak gidatzeko baimena ezinbestekoa den bezala, antzeko azterketaren bat eskatu beharko litzaieke bikotekidegaiei euren gaitasuna/egokitasuna frogatzeko.

Kalean zehar dabiltzan oinezkoek ondorio lazgarriren bat pairatu baino lehen.