argia.eus
INPRIMATU
Itsas Mendi
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko ekainaren 16a

Kultura espazio eta proiektuen inguruko eztabaida ez da atzokoa. Kultura onargarri eta instituzionalak, egunerokotasunean bere baliabideekin musika, antzerkia... programatzen ari dena jaten duela badakigu. Isunez ito nahi dituzte, bestela entzun ezingo genituzkeen taldeak ekartzera ausartzen direnak; itxi egiten dituzte kultura alternatiboa praktikatu nahi dutenak. Tamalez, txikiarekin lerratzen garela uste dugunok ere, hiriburu-zentrismoan (EAEko hiriburu-zentrismoan batez ere) erortzen garela esango nuke. Ez diegu maila eta begirada interesatu bera eskaintzen herri txikiagoetan lanean ari direnei.

Astra, Katakrak, Mikelazulo... Kasu honetan, Urruñako (Lapurdi) Itsas Mendiri eta bere langile eta boluntarioei omenaldi txiki bat egin nahiko nieke, eman dizkidaten opari guztiengatik. Zinema independentea programatzen duten guztiak bezala, larri, prekario eta laguntza eskasekin egiten dute aurrera bertan. Baina zinemarekiko maitasun, goxotasun eta indarraz ekartzen dizkigute bestela ezagutu ezingo genituzkeen piezak. Jatorrizko hizkuntzetan eta frantsesez azpititulatuta Palestinako, Indiako... eta Euskal Herriko filmak ikusi ahal ditugu. Bizirik jarraitzeko jendea behar da ordea. Ba al zatoz?