Zuk ezetz pentsatuko duzu igual, osasunak ez duela preziorik eta itsuskeria dela dirutan neurtzea, baina gure gizarte honek zenbateko bat jartzen dio gauza orori: zoaz aseguru-etxe batera, eta ikusiko duzu zenbat balio duen ezker eskuko hatz txikerrak edo zenbat sudur puntak, istripu batean galduz gero, adibidez. Urtetan amiantoarekin lan egin eta horren ondorioz hildakoen senideek ere ikasi dute zenbatean kotizatzen den minbizi bat, epaitegiek erabakitako kalte-ordainetan (nahiz eta garai hartan ez genekien sustantzia hura kantzerigenoa zela).
Gipuzkoako Aldundiak Zubietan zaborrak erretzeko labe erraldoi bat egin nahi duela-eta, haserre dabil herritar asko. Antzeko erraustegiak egin dituzten lekuetan kaltetuen elkarteak daude, abortuak, malformazioekin jaiotzen diren umeak eta minbizi-kasuak ugaritu egin direla diotenak. Histeriko kuadrilla bat ez dela baieztatzeko, mediku mordoxka bat ere plazaratu da, gauza bera esanez. Diputazioak, berriz, lasai egoteko, ez dagoela arriskurik, kontrolpean dagoela dena. (Nik berez ez dakit ezer gai hauetaz, baina halakoak entzuten ditudanetan Spielbergen Jaws filmaz oroitzen naiz beti, nola lehen hildakoak agertzean alkateak lasaitu nahi dituen herritar eta turistak, ezer arrarorik ez dagoela esanez).
Ahaldun jaun-andre txit gorenek Biodonostia enpresa publikoarekin egin dute akordio bat, erraustegiak izango dituen ondorioak neurtzeko. Zinikoa ez balitz,
barregarria litzateke
Kezkatuak baretzeko edabe magikoa balitz bezala, ahaldun jaun-andre txit gorenek Biodonostia enpresa publikoarekin egin dute akordio bat, erraustegiak izango dituen ondorioak neurtzeko. Zinikoa ez balitz, barregarria litzateke. Eman dezagun hurbil bizi den populazioan (bost kilometroko erradioan 50.000 inguru bizi da; 25 km-ra zabalduz gero, ia 500.000), %1 handitzen dela abortu-kopurua, edo malformazioena, edo minbiziena. Huskeria bat da %1 hori, ezta? Gainera, nola jakin erraustegiaren ondorio zuzena dela eta ez dela beste faktore batzuek eragina edo kasualitatearen emaitza? Zalantzazkotzat jo litekeen kalte horren aurrean, bertan behera utziko al dute hainbeste milioi kostatu den azpiegitura? Eta zer egin hortik aurrerako zaborrekin? Erraustegiaren eraikitzaile-kudeatzaileei ere berdin-berdin ordaintzen jarraitu beharko genuke, gainera.
Beraz, zuri edo zure etxekoren bati tokatzen baldin bazaizu %1 horretan egotea, pentsa zorte txarraren loteria egokitu zaizula, progresoaren aldarean egin beharreko sakrifizioa, errepideetan suertatzen diren istripuen antzera. Bestela, tentazioa izan zenezake eskrupulu gutxiko negoziante (garesti) eta mendeku politikoz ari diren agintari (merke) batzuei egozteko desgrazia horren errua. Gero epaitegien zain egon beharko dugu, jakiteko zenbatean baloratzen duten zure minbizia.