9 eta 14 urte arteko gazteen kezka nagusietakoa mugikorra galtzea da. Hala dio ikerketa batek, eta helduoi galdetuta ere, emaitza ez litzateke oso bestelakoa izango. Teknologiaren atzaparretatik ihes egitea gero eta zailagoa da egunerokoan, baina opor garairako terapia berri bat ari da zabaltzen: desintoxikazio teknologikoa.
Ez wifirik, ez mugikorrik, ordenagailurik, ipadik, tabletik… Teknologiarik gabeko turismoa eskaintzen dute hainbat hotel eta lekutan. Pittsburgheko (AEB) Renaissance hotelean adibidez, bezeroek debekatuta dute aparailu teknologikoekin sartzea; Dublingo Westin ostatuan, oporraldiak iraun bitartean kutxa gotorrean gordetzen dizkiete mugikorrak bisitariei; Valdevilla herria (Gaztela eta Leon) wifirik gabeko espazioa da eta 50eko hamarkadako bizimodua eskaintzen die turistei…
Digital Detox izeneko erakundea ere sortu da AEBetan, Disconnect to reconnect lelopean (Desintoxikazio Digitala: Deskonektatu birkonektatzeko). Antolatzen dituen jardueren artean, Camp Grounded kanpaldiak daude: ebook eta kamera digitalen ordez, yoga, eskalada, idazketa eta artisautza tailerrak, meditazioa… dira nagusi.
Tira, hain urrutira ere ez dago joan beharrik, naturaz, bakeaz eta ingurukoez lasai ederrean gozatzeko. Konexiorik eta estaldurarik gabeko txokoak aurki ditzakegu Euskal Herrian, batez ere mendialdeko hainbat landetxetan (Koostei Mutrikun, Artiketxe Urdaibain, Gorbeia Etxea Muruan...). Eta bestela, soluzio erraza du aferak: hiritik atera eta itzali mugikorra. Senide eta lagunekin solastatu, esperimentatu, jolastu, pantailatik harago dagoenaz disfrutatu; buruak eta gorputzak eskertuko dizute. Izan ere, teknologiatik noizbehinka ez deskonektatzeak atrofia kognitibo eta emozionala sor dezake, neurologo eta psikologoen arabera.
Bai, hasieran kostatuko zaizu, ohiko webgunean azken berriak ez irakurtzea, sare sozialetako burutazioak galtzea, jolas birtualak alboratzea, baina whatsappetik bista altxatuz gero, aukeraz betetako mundua omen dugu inguruan.