Hobeto esanda, penagarria. Eta tristeena da artista paregabeak eta interpretazio akatsgabea izan genuela Kontzertu Handien XI. Zikloaren bukaera honetan. Baina ia publikorik gabe geratu ginen Principal Antzokian, eta hori izan zen saioaren alderdi tamalgarria. Ze pena hain momentu ona disfrutatzea eta aldi berean konturatzea giro benetan hotza egon zela. Lehenengo zazpi lerroak hutsik izatea ez da akuilu onena musikari batentzat. Hala eta guztiz ere, Ludwig hirukotea profesionaltasun osoz aritu zen, eta magia eta lilura hedatu zituen antzokian.
Agian, Gasteizko entzuleriak orkestra handi bat eta sona handiko bakarlari bat behar du bertaratzeko, egia da, baina kontzertu honetan gertatutakoak aukera ematen digu ohartzeko zer-nolako kultura eza bizitzen ari garen.
Hori bai, esan bezala, hiru artista ikaragarri ikusi genituen taula gainean. Tomàs anaiak aski ezagunak dira musikazaleon arteak, Casals laukote famatuaren sortzaile eta kideak direlako. Musikari kezkatsu eta geldiezinak direnez, formazio bat baino gehiago sortu dituzte. Oraingo honetan, Amir Katz pianista israeldarrarekin batera Ludwig hirukotea osatzen dute, eta laukotearekin bezala, arrakasta izugarria lortzen ari dira mundu osoan.
Hirukoteentzako lanen arteko hiru maisulan ekarri ziguten egitarauan, zein baino zein zoragarriagoa. Hain delikatua den Mozarten Divertimentoa si bemol maiorrean KV 254 arin eta jostalaria atera zen, haizeduna, esfortzu gabea, lan aproposa saioa irekitzeko. Mozartetik Beethovenera iritsi ginen. Konpositore honen Hirugarren trioa do minorrean op. 1 lan sakona da, erabat klasikoa, baina bere garaikideentzako efektu bereziak izan zituena, antiklimax moduko amaiera bezala. Bai Mozart bai Beethoven, biak puntu-puntuan interpretatu zituzten Ludwig hirukoteko kideek. Zinez deigarria izan zen hiruren arteko doitasuna eta “arnasa bakarra” nolabait esateagatik.
Baina arratsaldeko lan ederrena, dudarik gabe, Brahmsen Lehen trioa si maiorrean, op. 8 izan zen. Konpositorearen lehen ganbera-musikako lana da, 20 urte zituela konposatutakoa, baina lehenengo urteetatik nabaria zen musikariaren imajinazioa, heldutasuna eta segurtasuna. Tomàs anaiek eta Amir Katzek bikain egin zuten obra (zein ederra egin zuten balts moduko Scherzoa). Publiko gutxi izan ginen baina txalo handiak entzun ziren. Bis bezala, Fritz Kreisleren Martxa vienarra jo zuten, oso berezia, xarmagarria.
Mozart, Beethoven eta Brahmsen lanak. Ludwig hirukotea: Abel Tomàs, biolina, Arnau Tomàs, txeloa eta Amir Katz, pianoa. Gasteizko Principal Antzokia. Maiatzaren 26a.