argia.eus
INPRIMATU
Herri txiki eta normalizatu honetan
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2016ko ekainaren 08a

Herri txiki eta normalizatu honetan lege proposamen bat ez dute tramitera onartu euskara hutsean zegoelako.  

Herri txiki eta normalizatu honetan Nafarroako ume askok milaka kilometro egin behar dituzte bertako hizkuntzan ikasi ahal izateko.

Herri txiki eta normalizatu honetan euskal telebista publikoari debekua ezarri zaio bere hiztun eremuaren zati batean emititzeko.

Herri txiki eta normalizatu honetan tortura ohiko praktika izan da eta hori salatzen duena atxilotzen dute.

Herri txiki eta normalizatu honetan Europar Batasuneko polizia ratio altuena dugu, mila biztanle bakoitzeko sei agente. Horietatik %35 ez da bertako polizia.

Herri txiki eta normalizatu honetan kazetariei euren lana egiteagatik isunak jartzen dizkiete.

Herri txiki eta normalizatu honetan emakumeak bigarren mailako herritarrak gara, ez dugu tokirik espazio publikoan, lan berdinaren truke gutxiago ordaintzen digute, etengabeko gutxiespenak jasaten ditugu eta jotzen, erasotzen eta hiltzen gaituzte.
 

Herri txiki eta normalizatu honetan “normalizazio” horrek norma jarraitzearen adiera bakarrik izan dezake, asimilazio politikorako mekanismoek dakarten normalizazioa: batetik, akulturazio bidez eta idiosinkrasia galduta estatuaren arauak onartzea; eta, bestetik, kapitalismoa eta patriarkatua naturala, berezkoa, aldaezina, norma dela sinestaraztea  

Herri txiki eta normalizatu honetan preso dauden senide eta lagunak ikusteko munduari 8,8 bira ematen dizkiogu astero, errepideetan bizitzak arriskuan jartzeaz gain, 109.221,70 euroko gastua dakar horrek.

Herri txiki eta normalizatu honetan ikusi dugu nola gure bandera Estatu Islamikoaren banderaren parean jarri duten, Eurovisionen, hura erakusteko debekuarekin batera.

Herri txiki eta normalizatu honetan jendea sare sozialetan botatako iritzien harira atxilotzen dute.

Herri txiki eta normalizatu honetan hezkuntza-erreforma inposatzen digute, hezkuntza-komunitatea, gizartea eta politikagintzaren gehiengoa kontra agertu arren.

Herri txiki eta normalizatu honetan diskurtso xenofoboak barra-barra entzuten ditugu politikarien ahotan, bizitza duinaren bila lanera datozenak diru-laguntza publikoetatik eta alferkerian bizitzera datozela aditzera ematen duten aldiro.

Herri txiki eta normalizatu honetan herritarrak euren ideia politikoengatik epaitzen dituzte eta, sostenguak sostengu, zenbait politikarik ezin dute hautagai izan epaitegi batek eskubide hori ukatzen dielako.

Herri txiki eta normalizatu honetan langileon eskubideak dekretu bidez ezereztatzen dituzte; langileok negoziazio kolektiboaren babesik gabe uzten gaituzte, zabor-kontratuak ugaritzen dira eta multinazionalek irabaziak handitzeko kaleratze masiboak egiten dituzte.

Herri txiki eta normalizatu honetan “normalizazio” horrek norma jarraitzearen adiera bakarrik izan dezake, asimilazio politikorako mekanismoek dakarten normalizazioa: batetik, akulturazio bidez eta idiosinkrasia galduta estatuaren arauak onartzea; eta, bestetik, kapitalismoa eta patriarkatua naturala, berezkoa, aldaezina, norma dela sinestaraztea. Normaltasun parametroetan ulertuta, ordea, ez da abilegia izan behar konturatzeko Euskal Herriko egoera normalizazio politikotik urrun dagoela. Ez dago normalizazio politikorik norbanakoen eta herrien askatasun indibidual eta kolektiboak zapalduak daudelako, pertsona eta herri gisa gure eskubideak sistematikoki ukatzen dizkigutelako. Ez dago normalizazio politikorik demokratikoa ez den estatu baten pean. Hala izanik ere, egun bizi dugun egoera normalizazio politikoa dela esaten digute, eta ustezko normalizazio horren barruan normaltzen da bizi dugun zapalkuntza.