Arnasa hartu nahi dutenen plaza

  • Gipuzkoako erraustegiaren aurkako eztabaida publikoak koska bat gora egin du maiatzaren 29tik ekainaren 5era bitarteko astean. Zubietako plantaren aurkako giza kate jendetsuari ekimen berri batek eman dio jarraipena: Gipuzkoa Zutik sortu da, Diputazioaren parean kanpaldi iraunkorra antolatu duen mugimendua. Gipuzkoarrei eragiten dieten problema ugariri buruz hitz egiteko elkargune bihurtu da hasieratik. Hau da lehenbiziko astean arnastu duguna.

Manifestazio koloretsu batekin ospatu zuten Gipuzkoa Zutik ekimenaren lehen astea Donostian. Mugimendua indarra hartzen ari da geroztik (argazkia: Dani Blanco).
Manifestazio koloretsu batekin ospatu zuten Gipuzkoa Zutik ekimenaren lehen astea Donostian. Mugimendua indarra hartzen ari da geroztik (argazkia: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Joan dira Donostiako udaltzainak maiatzaren 29ko arratsaldean Gipuzkoa Plazara eta espero ez zuten zerbait aurkitu dute: kanpaldi bat Foru Aldundiaren parean dagoen parkean, ehunka lagun hara eta hona, gauzak ekartzen eta lekua gauerako prestatzen. Eta denen artean mutil bat, Guardia Zibilaren txapel okerra buruan, Dragoi Bola telesailean Gokuk janzten zuenaren antzeko kirol-jertsea soinean eta ur pistola eskuan. Agenteengana hurbildu da eta zera esan die:

– Kaixo, problemarik?

– Bai, baimenik eskatu al duzue?

– Ez.

– Eta nork antolatzen du hau?

– Guztiok.

– Eta noiz arte egongo zarete?

– Botatzen gaituzten arte.

– Oso ongi.

– Egun ona izan dezazula.

Zubietako erraustegiaren kontrako giza kate jendetsua bukatu eta gutxira bildu dira plazan, sare sozialen bidez egindako deialdiari erantzunez. Gipuzkoa Zutik ekimena hasi besterik ez da egin eta dagoeneko lehenbiziko gaia mahai gainean jarri du: herritarrek ezin al dute plaza batean ezer antolatu aurrez baimenik eskatu gabe?

Isiltasun momentu bat lehenbiziko egunean bilduta daudenen zirkuluan: ez dago aurretik ezarritako planik. Hutsetik antolatzen hasi da Gipuzkoa Zutik

Deialdiak bizipoza eta lotarako zakua ekartzeko esaten zuen, 16:00etan biltzea proposatzearekin batera. Jendea hainbat zirkulutan bilduta dago 16:30ean iritsi garenean; horietako batera hurbildu eta berehala utzi digute esertzeko lekua. Banaka hitza hartzen ari dira, pertsona bakoitzak bere burua aurkeztu eta kanpaldiaren bidez zertan eragiteko gogoa daukan esplikatzen du. Hasieratik dago argi hau ez dela erraustegiaren aurkako zerbait bakarrik izango, Zubietako planta sinbolo bat dela, politika egiteko modu baten metafora, eta beste hainbat problemarekin lotzen dutela bildutakoek.

Txanda guztiak bukatu dira. Isilunea. Segundo batzuk pasa dira inork hitz egin gabe, borobilean daudenek elkarri irribarre urduriz begiratzeko adina; ez dutela elkar ezagutzen eta elkarrekin gauzak egiteko ohiturarik ez daukatela jabetzeko adina; eta konturatzeko, jarraian inork ez duela aurrez pentsatutako plan bat aurkeztuko. Hau da dagoena: zerbait egiteko gogoa daukaten pertsona batzuk zirkuluan bilduta. Eta orain zer? “Bueno, nik uste egin dezakegula…”, hasi da bat. Eta pixkanaka beste batzuk ere animatu dira. Oraindik ez dakite, baina Gipuzkoa Zutiken parte dira jada, ondorengo egunetan modu batera edo bestera ekimenean zerbait egingo duten pertsona guztiak bezala.

 

Esperimentu politiko baten multiploak

Hemendik aurrera denbora dilatatzen hasten da eta gauza asko batera gertatuko dira. Lerro hauek ekainaren 5ean ari dira idazten, maiatzaren 29tik astebetera. Bitarte horretan, gizarte mugimendu arrunt batek zazpi egunean sor dezakeena baino askoz informazio gehiago produzitu du Gipuzkoa Plazako kanpaldiak. Ekintza zehatzak dira, gauzatuko diren eta bidean geratuko diren proposamenak; burutazioak eta harremanak; elkarrizketa asko, sortzen joango diren konplizitate berriak.

“Hauek dira benetako Gipuzkoako Batzar Nagusiak”, dio norbaitek plazan. Egunero 19:00etako asanblada da mugimenduaren puntu zentrala, baina ardatz horrek garrantzia daukan arren, lantalde espezifikoek autonomia handia dute; eta pertsona bakoitzaren konpromiso txikiei esker abiadura biderkatzen joango da egunek aurrera egin ahala. Esperimentu politiko honek multiploak sortzeko ateak zabalik dauzka, edonork jar dezake martxan kezkatzen duen zerbaiten inguruan lanean hasteko dinamika.

Egunero 19:00etako asanblada da ardatza. Lan talde txikiek autonomia handia dute ordea, eta horri esker azkar pasa dira ekintzak antolatzera

Horrek hiriko beste leku batzuetara ere eraman du mugimendua. Lehenbiziko asteko agerpen esanguratsuenetako bat ostiralean izan zen, “Turismoak arduratzen gaitu” lemapean. Kontxako pasealekuan turistaz mozorrotuta, erraustegiak hirira bisitan datozenei egingo dien kaltea esplikatzen aritu ziren atzerritarrei. “Eskerrak haiek astebeterako datozela! Gu hemen bizi gara”, dio sare sozialetan ekintza horretara deitzeko zabaldutako mezuak. Umorez salatu dute hiria turistak erakartzeko antolatzen dutela agintariek, bertakoen beharrak bigarren planoan utziz.

Baina hau ez da Donostian bakarrik gertatzen: hainbat herritan kartelak agertu dira ekimenari atxikimendua adieraziz eta larunbatean, Boulevarda manifestazio koloretsu batekin betetzen ari den bitartean, sei laguneko talde bat Irungo Bioterra azoka ekologikoan informazioa banatzen ari da buzo zuriak jantzita eta mugimenduaren ikur bihurtzen ari diren kutsaduraren aurkako maskarekin. Esku-orriek diotenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako feriak babestean garapen jasangarriaz hitz egiten du, baina “horri kontrajartzen zaion errauskailua eraiki nahi du”.

Plaza abiapuntu, ez helmuga

Ekainak 1, asteazkena: udaltzainak azaldu dira Gipuzkoa Plazara. Bertan daudenei kanpaldia desegiteko esan diete eta, zer egin erabakitzeko bildu direnerako, agenteak eurak hasi dira kanpin dendak eta jendearen objektu pertsonalak eramaten. Deia berehala zabaldu da sareetan, jende ugari doa laguntzera, motxilak, mahaiak, banderak, otorduetarako tresneria eta salba daitekeen guztia hartu eta Elkano kalean barrena Boulevardera doaz urduri. Info Zazpi irratia ari da gertatzen dena kontatzen. Plazan zegoen pertsona bat sartu da zuzenean eta eman dituen azalpenen artean zera adierazi du: “Guk ez dugu plaza bat defendatzen, ideia bat defendatzen dugu”.

Erraustegiaren kontrako mugimendua baino zerbait gehiago da hau: Zubietako planta sinboloa da, politika egiteko modu bat ordezkatzen du

Ñabardura garrantzitsua da, izan ere, Gipuzkoa Zutikek badu diferentzia bat orain arte Euskal Herrian ezagutu diren beste plaza-okupazioekin. Epaiketa politikoak salatzeko antolatu izan diren Askeguneetan, adibidez, kontakizunaren parte bat beti dago poliziaren esku: ekintza amaitzen da agenteek babestutako pertsonak atxilotzen dituztenean. Bidegabekeria plaza publikoan eta elkartasun-giroan gerta dadila lortzen da, baina gertakariaren abiapuntua injustizia da beti. Gipuzkoa Plazan, ordea, abiapuntua justizia sortzen hastea da, plazan egiten diren ekintzetatik hasita; eta horrek polizia bigarren mailako aktore bihurtzen du.

Nahiz eta, arratsalde berean, kanpaldia Gipuzkoa Plazara itzuli baino lehen, manifestazio baketsuan zegoen jendearen artetik pertsona bat aukeratu eta atxilotzen saiatuko den Ertzaintza. Biharamunean ere, polizia autonomikoaren dispositibo handia agertuko da eta bi lagun atxilotuko ditu desobedientzia delitua leporatuta –epaileak auzia artxibatu du bi egun geroago–. Badirudi asteak aurrera egin ahala, agintariek ezikusiarena egiteari utzi eta erreakzio-dinamika batean sarrarazi nahi izan dutela Gipuzkoa Zutik, herritarrek ordena publikoko arazo batekin lotu dezaten, plazaratu nahi dituen problema sozialak estaliz.

Bitartean, batzarrak jauzi txikiak ematen jarraitu du: ekainaren 2an bertan, emakumeek asanbladetan gutxiago parte hartzen dutela ikusirik, more koloreko ileorde bat janzten hasi dira gizonak hitza hartzen duten aldiro. Buru batetik bestera dabil ileordea eta horrela, gutxienez, parekidetasun ezaren problema ikusaraztea lortu dute. Hurrengo urratsa parte hartzea berdintasunezko baldintzetan ematea izango da.

Epaiketa politikoak salatzeko antolatutako Askeguneen aldean, Gipuzkoa Zutiken poliziaren esku hartzeak eragin txikiagoa izan dezakeela dirudi

Esperientzia politiko aurre-figuratibo bat daukagu parean: David Graeber antropologoak deskribatu izan duen moduan, honelako mugimenduen eguneroko praktikek islatzen dute nolako mundua sortu nahi duten. Normaltzat ditugun harreman motak ez direla aukera bakarra –ezta hoberena ere– sinetsita, gaur bertan ekiten zaio lortu nahi den gizarte-ereduan bezala funtzionatzeari. Hori bezain sinplea. Hori bezain konplikatua.

Aurrez ezarritako sailkapen sozialak nola gainditu

Marina Sánchezek esplikatu du zergatik den zaila, ekainaren 3an ekonomia feministari buruz eman duen hitzaldian. Bere esanetan, sistemak gizartea zatitan banatzen du eta pertsona bakoitzari rol batzuk ezartzen dizkio. Sakabanatze hori botere-mekanismo bat da: horri esker gordetzen dira eremu pribaturako kolektiboak izan behar luketen problemak, asanblada batean nork hitz egiten duen, adibidez. “Bizitza baloratzen hasten garenean jabetzen gara zenbat bizitzeko era desberdin dauden”, dio Sánchezek adi entzuten dion talde batentzat.

Eta bai, hemen batzuk hasi dira baloratzen, “Bizitza da handiena” ez da alferrik bihurtu Gipuzkoa Zutiken eslogan nagusietako bat. Orain bizitzen ugaritasuna kontuan hartuz, geroz eta jende gehiagori hitz egingo dioten formulazioak sortzea da lana. Ezagutzen ditugun nortasun-eskemak gainditzea askoren kezka da plaza honetan. Ekai Txapartegi filosofoak maiatzaren 31n galdera jarri zuen mahai gainean: “Nola pertzibitzen gaituzte plaza honetan ikusten gaituztenek? Gure benetakotasunetik, nola neutralizatu dezakegu jendeak gutako bat ez izateko daukan hasierako jarrera?”.

Gizartean ezarrita dauden estereotipoak haustea da erronka: nola lortu
ahalik eta mezu integratzaileena?

Non gauden kontuan hartuta, ez da zeregin erraza. Oraindik hurbil sentitzen den gatazka armatuak oso marko identifikagarriak utzi ditu herentzian eta tresna baliagarria dira aldarrikapen ugari marjinatzen saiatzeko. Aski da atzean ezker abertzalea dagoela esatea. Iñaki Anasagasti EAJko politikariak badaki zerbait horretaz, Gipuzkoa Zutik ETArekin lotu baitu bere blogean idatzi duen testu batean –tonua zein den ulertzeko, aski da esatea “¡¡Alerta Euzkadi!!” hitzekin amaitu duela–. Jokamolde hori aho biko ezpata bihur daiteke ordea: mugimenduak gizartearen sinpatia lortzen baldin badu, mota horretako sailkapenak geroz eta sinesgaitzagoak bihurtuko dira iritzi publikoarentzat.

Amador Fernández-Savater igandean pasa da Gipuzkoa Plazatik. Hitz egitera gonbidatu zutenean aurreikusten zuen identitate-gatazkak oraindik pisu handia izango zuela honelako mugimendu batean, baina jaso dituen azalpenak entzunda, M15arekin antzekotasunak dituen mugimendua iruditu zaio. “Maitemintze fasean” ikusten du Gipuzkoa Zutik, hasierako energiarekin, gauzak berez ateratzen diren momentuan. Madrilen duela bost urte izandako esperientziatik hitz egin du esplikatu duenean, ondoren, heldutasun unea iristen dela, eta bidean problemak izango direla. Gaindituz gero, taldea indartuta aterako da. Sol plazako kanpaldiarekin diferentziak ere sumatu ditu: kontsentsuak lortzeak garrantzi berezia zeukan han eta horrek ekintzetara pasatzea atzeratu zuen; hemen berriz, batzarraren izaera ez hain zentralak erraztu egin du talde txikiagoek berezko iniziatiba hartzea. Hizkera eta ikonografia berriak sortzeaz ere mintzatu da, baita plaza txukun edukitzeaz ere, kanpotik datorrenak espazio lagunkoia ikusten baldin badu errazago parte hartuko baitu.

Edizioa ixteko ordua gainean dugu Gipuzkoa Plazara azken deia egin dugunean. Albistea eman berri dute Twitter bidez: 

Lekukoek diotenez, igande eguzkitsu honetan haur dezente ibili da parkean; eta jendea belarretan eserita ikusita, turistak ere bertakoak bezala egiten hasi dira, kanpaldiko paisaiaren parte bihurtuz. Zaila da aurreikusten testu hau irakurtzen duzunerako zer gehiago gertatua izango den.

Informazio gehiago:

Gipuzkoa Zutiken zuzeneko jarraipena egiten ari gara egunero. Azken albisteak, argazkiak eta analisiak gure liveblogging-ean.

Kazetari morroi-neskameon alde ere ari dira

Ekainaren 1eko ETBren iluntzeko albistegia Gipuzkoako taberna batean ikusi zuenak, labur jakin zuen tentsio momentu batzuk gertatu zirela Donostian ertzainen eta Gipuzkoa Zutikeko gazteen artean, betikoak izan behar zuten, ertzainek makilaz jo behar izan zituzten antza. Zer azio berri asmatu ote zuten?

Irudi labur horien ostean, luzeago, Biriatuko autopistako peajea sindikalistek blokaturik, bengalak sutan, bidea etenda comme-il-faut, protestan ari direnen ordezkari baten deklarazioak, gero muga aldeko blokatzeen irudi gehiago, ondoren beste baten iritzia… Hau bai mobilizazio polita, txukuna, europarra, frantsesek badakite, Occupy Wall Streeteko amerikarrek bezala, ai M15eko indignado madrildarrak. Ondo ematen dute Teleberrin.

Ekainaren lehenbiziko asteazken arratsaldean Donostiako bulebarretik Gipuzkoako plaza arteko ibilaldian izan ginenok ez genuen ezagutu guk ikusia ETBn azaldutakoan. Aldiz, han gertatu zenak telebistako istorio on baterako eman zezakeen. Gipuzkoa Zutik? Guk azalduko dizugu bi minututan. Dena denen bistan egiten dutenez, zergatik ez ditu ezagutu behar euskaldunak 800 pertsona haien aurpegiak, hango giroa, aldarrikapenak, argudioak, moduak?

Esan liteke bigarren fase batean sartu dela Gipuzkoako erraustegiaren aurkako mugimendua, duela gutxi arte ez zen esistitzen, orain gerrako etsaitzat borrokatzen dute. Isilik dagoen Diario Vascok laster ekin behar dio, matxinoek hedabide elektronikoetan oihartzun pittin bat gehiago lortu bezain pronto.

Arratsalde hartan, lehengo Bar Lasarteren parean, Gipuzkoa Zutiken banderaren inguruan jendea eserita, adineko amandre bat hurbildu zitzaien ertzainei, kazetariek entzun ahal izan zioten: “Jaunok, oso urduri jartzen nauzue, zuen arma horiek guztiak eskuetan, orain dela 40 urte bezala, baina gazte horiek esku hutsik datoz, mesedez, utz itzazue bakean… Zuen alde ere ari dira borrokan!”. 

Pello Zubiria


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa Zutik
Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako... [+]


Bi ertzainen aurkako epaiketa bihar, Gipuzkoa Zutik kanpaldian legez kanpoko atxiloketak egin izana egotzita

Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta... [+]


2018-09-26 | ARGIA
Erraustegien aurka 900 elkarte biltzen dituen mundu mailako GAIA aliantzak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du

Erraustegien aurka mundu osoko 92 herrialdetako 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak igandean Ertzaintzak Zubietan erabilitako bortizkeria salatu du.


2018-09-24 | ARGIA
Hainbat zauritu eragin ditu Ertzaintzak Zubietako erraustegira egindako martxan

Iraultza Txikien Akanpada izan da Zubietan, “bestelako Euskal Herria amesten duen herri mugimendu eta herritarren topaleku. Asteburuari amaiera emateko Zubietako erraustegira martxa egin dute. Ertzaintzak bidea itxi die eta martxako kideen aurka egin du hainbat lagun... [+]


Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan

Markel Olano Arrese diputatu nagusia hurbildu zenean Hernanin Oronak daukan Ideo eraikin futuristara Gipuzkoako euskalgintzarekin hizkuntza estrategia berria konpartitzera, dozena bat zahar aurkitu zituen atarian “Erraustegirik ez” pankarta eskuetan, Zubietako... [+]


2017-05-28 | Dani Blanco
Erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurkako martxa argazkitan

Erraustegiaren Aurkako Eguna egin dute Zubietan larunbatean. Egun osoko egitarauaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimenduak deituta martxa egin dute mila bat lagunek. Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen eremura sartu dira, baita ondoan zeuden makinak margotu ere.


Gipuzkoa Zutik-ek lortu du errausketaren protesta eramatea Zubietako plantaren ‘zero eremu’raino

Arratsaldeko 18:30ak inguruan Gipuzkoa Zutik deituta hiru zutabetan antolatutako ehunka jendeek lortu dute erraustegiaren 0 eremuraino iritsi eta protesta mezuak oihukatzea. Beste ekintzen artean, sinbolikoki 'nendo dango' hazi bolak erein dituzte planta eraikitzeko... [+]


2017-05-26 | ARGIA
Ilara luzeak eragin ditu erraustegiaren aurkako ‘Barraskilo operazioak’

60 bat autok osatutako auto-karabanak ilara luzeak eragin ditu Zubieta inguruko errepideetan. N1 errepidean ilara luzeak eragin dituzte, auto batzuk une batean gelditzera iritsi arte. Andoain eta Lasarte-Oria herriak gurutzatzean, larunbaterako Erraustegiaren Aurkako Eguna eta... [+]


2017-05-19 | ARGIA
Martxa nazionala deitu du erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurka Gipuzkoa Zutikek M27rako

“Zakilkeria gelditu! Proiektu usteletan xahutzeko murrizketa sozialik ez!” izenburupean, maiatzaren 27 larunbaterako martxa nazionala deitu du Gipuzkoa Zutik-ek, erraustegiaren eta alboan egin asmo duten makro-kartzelaren aurka. “Ingurumen zentrora bisita... [+]


Zubietan obrak hastear direla eta, ‘erresistentzia fasea’ abiatu du Gipuzkoa Zutik-ek

Gipuzkoak Zutikek agiri batean jakinarazi du Zubietako errauste planta eraiki eta kudeatzeko kontratua lortu duten enpresek lehen mugimenduak egin dituztela obrak haste aldera, eta bere aldetik “erresistentzi fasea” inauguratutzat eman dutela.


Gipuzkoa Zutikek Markel Olanori: “Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua”

Gipuzkoa Zutik mugimenduak kanpaina berri bati ekin dio, agintariei argibideak eskatzeko Zubietako erraustegiaren finantziazioaren inguruan: sinadura bilketa hasi dute Change.org gunean “Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua” izenburupean.


Gipuzkoa Zutikek alkateei galdetuz erraustegiaz eztabaida zabaldu nahi du

Gipuzkoa Zutik mugimenduak jakinarazi duenez, dagoenekoz probintziako 24 alkatek jaso dute Zubietako erraustegiak udal bakoitzari ekarri behar dizkion kalteei buruzko galdera-agiria.


Haizea Núñez, abokatua
“Epe luzerako estrategiak behar ditugu herri mugimenduetan, beti erantzuten ez aritzeko”

Euskal Herrian jaio, Madrilen hazi, eta 23 urterekin itzuli zen Donostiara Haizea Núñez. Zuzenbidea ikasten hasi zenerako, bazekien boterearen arma estrategikoa zela hura, eta ez guztiok berdin epaitzen gaituen justizia itsuaren eremua. Hala ere, abokatu-lanetan... [+]


Eguneraketa berriak daude