argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz mintza hadi, herritar
Joanes Etxebarria 2016ko ekainaren 08a

Xiberoako Herri Elkargoak euskara sustatzeko kanpaina abiatu berri du. Sare sozialetan arrakasta ukan duela dirudi, hein txikian baina arrakasta zerbait halere, seguruenik Xiberoko agintariak ez ditugulako Gipuzkoa edo Bizkaikoak bezain begi zorrotzez begiratzen. Zerbait egin dute, gutxienez, eta txalo.

Azkenaldian hala ez bada ere, berriki arte Herri Elkargoaren bilkuretan egoten nintzen, noizbehinka, kazetari lanak egiten. Sekula ez dut hitz bakarra entzun euskaraz, hautetsien gehiengoa edo parte handi bat euskalduna delarik. Hori beharbada aldatu da orduz geroztik, baina ziur naiz hizkuntza nagusia bestea dela oraino ere.

Hurbiletik segitu ez badut ere, ziurtatu dezaket hautetsi bat edo biren nahiak duela kanpaina abiarazi, besteak –EAJ bezala parlamentuan– abstenitu beharbada ez, baina konbikziorik gabe gelditu direla. Ez zaie euskarazko bilkurak egitea galdetu, beraz bego, ez dira oldartu. Xiberoak ere euskara indartzeko neurriak behar ditu, eta zerbait egitea ez da gaizki, baina erabaki politikoak hartzea hobea litzateke. Ez beza nehork erran ez dela posible, Uztaritzek erakutsi baitzigun baietz.