Bizi honetan batzuk zortekoak dira, irakurle. Nik behintzat ume umetatik ikaskide eta lagun batzuk izan ditut zozketa bakoitzeko zerbait tokatzen zitzaienak, eta ni berriz beti ondoan, esku hutsik normalean. Fagor enpresan euskara taldeetan dabiltzanen artean urtebeterako harpidetzak zozketatu dituzte, eta seguru nago hor ere badagoela aipatu zorteko pertsonarik. Baina tira, ez natorkizue zorteaz hitz egitera, zozketaz baizik.
Fagor kooperatibak lehendik bazuen ARGIArekin harremanik, baina askoz modu azalekoagoan. Urteroko finantziazioa egin eta listo. Iaztik dator, ordea, ARGIAri eman nahi zaion laguntza moduaren planteamenduri buruzko Euskara Batzordearen hausnarketa. Diru-truke huts bat izan baino elkarlanerako gogoa jarri da mahai gainean, eta galdera batera iritsi dira. Zergatik ez harpidetu?
Euskara taldeak bat baino gehiago dira Fagor osatzen duten zazpi kooperatibetan. Langileek euskara ikasi edo maila hobetzeko planak dituzte eginda, eta ikasleei sari modura urtebeteko harpidetza oparitzeko ideia atera da. Alde batetik ikasleek euskaraz irakurtzeko aukera izango dute eta ARGIAk bost harpidedun berri izango ditu. Asterokoa izan beharrean hilean ale bat jasotzeko harpidetza da, eta urtero zozketa berria egin eta sarituak aldatzen joateko asmoa dute.
Zazpi kooperatibetatik hiruk lehendik jasotzen dute astekaria, eta horrekin ere lanketa egin nahi izan dute erabilera egokiena eman ahal izateko. Aldizkaria jasotzen den kooperatiba horietako harrera guneetan jarri da ARGIA jendeak eskuragarri izan eta irakur dezan.
ARGIA taldeari aukera berri bat irekitzen dio planteamendu honek. Orain arte enpresak berak egin izan du harpidetza eta hor bukatu da tratua; baina zozketarena bezalako aukerek abanikoa zabaltzen dute beste modu bateko elkarlana egiteko eta harremana enpresarekin soilik izan beharrean bertako langile edo sozioekin ere izateko.