argia.eus
INPRIMATU
Gurasoen erronka
Euskaraz aritzeko agintzetik norberak egitera
  • Ez du balio. Eskola-umeei “egizu euskaraz!” esaka ibiltze soilak ez ditu fruituak ematen. Motibazioan eragiteko formula bila, beste errezeta batzuk sortu behar direla jakitun, hainbat ikastetxetan esperientzia interesgarriak garatzen dabiltza. Eibarko Eta kitto! euskara elkarteak antolatutako Euskararen transmisioa mintegian Eibarko eta Elgoibarko hiru ekimenen berri eman zuten. Ekimenok balio izan dute ikasleak, irakasleak eta gurasoak motibatzeko.

Amaia Ugalde 2016ko ekainaren 01a
Eibarko Arrateko Andra Mari ikastetxean gurasoak euskara ikasten umeen eskola orduetan.
Eibarko Arrateko Andra Mari ikastetxean gurasoak euskara ikasten umeen eskola orduetan.

Eibarko San Andres ikastetxeko pasilloetan ikasturte hasieran baino euskara gehiago entzuten da orain. Hori dio Juani Iriondo bertako irakasleak. 2015eko azaroan hasi ziren Aldahitz ikerketako eusleen metodologiarekin lanean. Ikerketa hori lan-munduko hizkuntza ohituretan eragiteko diseinatu zuten Pello Jauregik eta Pablo Suberbiolak. Iaz, Eta Kitto! euskara elkarteak antolatutako mintegian eman zuten Aldahitzen berri, eta ideia horretatik abiatuta, lantokietarako balio zuen esperientzia ikastetxera aplikatu dute.

Eusleek, hitzak dioen bezala, euskarari eusteko ardura izaten dute. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailarako ikasleak dabiltza egitasmoan parte hartzen, eta hasieratik oso motibatuta egon direla azaldu du Iriondok: “Ikerketaren oinarrietako bat parte-hartzea borondatezkoa izan behar dela da, eta ikasleei proposatu genienean, denek nahi izan zuten parte hartzea”. Astero, gelako bost pertsonak hartzen dute eusle izateko ardura, eta ikaskideek funtzio hori onartzen diete.

Ikasleei proposamena egitean, ikerketa baten moduan planteatu zuten ekimena: “Esan genien batzuek eskolatik kanpo euskaraz berba egiteko aukerarik ez daukatela, eta eusleek aktiboki lagunduko dietela ikaskide horiei”. Azken batean, helburua euskaraz berba egiteko aukera gehiago sortzea da. Ikasleek eragile direla sentitzen dute, eta horrek motibazioa izugarri handitzen duela azaldu du San Andres ikastetxeko irakasleak. Eusle izatea ohorea izaten da: “Garrantzi handiko pertsonak dira, prestigioa eman diegu; badakite ez dela lan erraza, edonor ezin dela eusle ona izan”. Irakasleak “eusleen eusleak” dira, ikasleak animatzen ibiltzen dira, bidelagun.

Ikerketa izaera du esperientziak, eta horrek ere eragina du motibazioan. Aste amaieran ikasleek fitxa batzuk betetzen dituzte, galdera sinpleekin. Eusleei ‘Nola hitz egin duzu aste honetan?’ galdetzen diete, eta ikaskideei, ‘Nola hitz egin duzu aste honetan eusleekin?’. Eskala batean erantzun behar dute –dena euskaraz, gehiena euskaraz, bietara berdin, gehiena gaztelaniaz, ia dena gaztelaniaz–. Erantzunekin grafikoak egiten ditu Juani Iriondok: “Ikusi dute hizkuntza ohiturak ikertzeko gai bat ere badirela, eta eusleek hartzen duten erabakiak eragina duela gela osoko euskararen erabileran”.

Eusleek ez dute identifikazio ikurrik izaten: “Bakoitzak erantzukizuna hartzen du, eta ez dugu nahi izan inor kontu eske ibiltzea. Eusle denak badaki zer den, eta horrekin nahikoa da”. Apurka-apurka ikasle guztiak pasatu dira eusle izatetik, eta ohol batean astero eusleen argazkiak gehitzen ibili dira. Gela bat bereziki ondo ibili da lan horietan, eta gelakideei talde-argazkia atera zien Iriondok. Eusleen oholean argazki hura jartzea aitortza izan zen gela harentzat. Elkarri tira egiten ibiltzen dira ikasleak, eta Iriondok nabarmendu duenez, derrigorrez euskaraz aritzearen ideia ezabatu dute: “Esperientzia hau zerbait alaia izan da umeentzat, ez da zama”. Gurasoei ere entzun diete gustura dabiltzala seme-alabak. “Ez dugu ezer asmatu”, dio irakasleak: “Aldahitz gurean aplikatu baino ez dugu egin, eta bai, funtzionatu du”.

Gurasoak ikasle

Eibarren bertan, Arrateko Andra Mari ikastetxean, guraso talde bati euskara eskolak ematen dabil Elizabeth Lema, eta bere esperientziaren berri eman zuen Eta Kitto!-ren mintegian. Abenduan hasi zituzten eskolak, eta guraso batzuek dagoeneko nahiko txukun egiten dute euskaraz. Ama batek ikasturte hasieran eman zien ideia irakasleei. Zail ikusten zuen euskaltegian izena ematea, diru kontuak eta ordutegiak tarteko, eta umeen eskola ordutegian euskara ikasteko prest egongo zela esan zuen. Klaustroan komentatu zuten, eta Elizabeth Lema eskolak emateko prest agertu zen. Lanaldi erdian dago lanean, eta lan orduetatik kanpo eskolak emateko erronka hartu zuen, baita pozik hartu ere.

Deialdia egin zuten eta hamabost gurasoko talde bat sortu zen. “Helburua gurasoek umeekin euskaraz harreman polita izatea da”, azaldu du Lemak. Gramatika eta aditz tauletatik urruti, egunerokotasunean erabiltzeko euskara ikasten dute. Zerotik hasi dira taldeko asko; “hasi ginenean galdera bat egin nien, ‘Zer esango zenioke zure umeari euskaraz?’, hori izan da abiapuntua”.

Lemaren berbetan, giro polita izaten dute euskara eskoletan. Guraso guztiek maila bera ez dutenez, ikasketa kooperatiboa egiten dute, batak besteari laguntzen eta talde lanean: “Batzuek etxerako lanak eskatzen dituzte eta oso langileak dira; azterketa ere egin dute, gurasoek eurek eskatuta”. Kontatu duenez, guraso batek etxean ikasitakoa gogoratzeko, ohartxoak jartzen ditu han eta hemen, “Recoge los juguetes – Jaso jostailuak” moduko esaldiekin.

Umeek eskertu egiten dute gurasoen ahalegina, eta Elizabeth Lemak azaldu duenez, gustatu egiten zaie gurasoek euskara ikastea. “Esaten dute oporrak hartzen dituztenean eurek erakutsiko dietela euskara gurasoei”. Lemak zoriontsu ikusten ditu umeak.

Elgoibar ikastolan, gurasoak ziztatzen

Elgoibar ikastolako kideek ere parte hartu zuten Eibarko mintegian. Deñe Zabalo ikastolako gurasoak Bizia delako egitasmoaren berri eman zuen. 2014 amaieran hasitako gurasoen euskara taldeak sortutako leloa da Bizia delako, eta ume eta gaztetxoengan eragitea baino gurasoengan eragitea da euren helburu nagusia.

2015eko ekainean, ikastolaren jaian aurkeztu zuten taldea, kontzientziazio ekimena tarteko. Konpromisoen jokoa egin zuten. Pegatinekin egindako dinamika baten bidez, gurasoak euskararen alde konpromisoak hartzera animatu zituzten. Elgoibar ikastolan 629 familia daude, eta egun hartan 682 konpromiso batzea lortu zuten.

Gurasoek esaten dutena baino gurasoen jarduna izaten da umeen hizkuntza ohituretan eragiten duena. Ildo horretatik, ikastolako gurasoak ardura horretaz jabetzea nahi dute euskara taldeko kideek. Kontzientziaziorako esaldiekin kartelak jarri dituzte ikastolako hainbat bazterretan, eta ikasturte hasierako batzarretara ere jo zuten, bertan taldearen helburuen berri emateko. Hemendik aurrerako erronken artean, Deñe Zabalok gurasoentzako motibazio ekintzak egitea eta ikastolan egiten diren ekimen guztietan gurasoek hartutako konpromisoak gogoraraztea aipatu ditu.