argia.eus
INPRIMATU
Sutondotik plazara
Ekin sormen-jorrari
Garazi Zabaleta 2016ko maiatzaren 26a

“Baratze bat nahi dizüt egin / amets sekretuenekilan / liliak egün jauntzi eijerrenetan / mila kolorez dantzan bihotzetan” zioen Pier Paul Berzaitzek abestian. Nork dio, bada, baratzea ez denik adierazpen artistiko? Kolore, ehundura nahiz konposizio ugari topa daitezke letxuga eta alberjinia artean, tripak ez ezik irudimena elikatzeko ere balio dutenak. Irudimen hori bultzatzeko asmoz, elikadura burujabetzaren inguruko sorkuntza lehiaketa abiatu dute Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako erakundeak eta Etxalde Nekazaritza Iraunkorraren aldeko elkarteak: Sutondotik Plazara. “Lehiaketa bidez elikadura burujabetzaren inguruan hausnarketa eta gogoeta piztea eta jendea horren inguruan pentsatzen jartzea da ideia”, azaldu digu Miren Saiz Alzugarai Bizilurreko kideak.

Argazki, ilustrazio, ikus-entzunezko edo narratiba

Lau kategoria horietako batean aurkez daitezke lanak. Ilustrazioak eskuz eginak nahiz digitalak izan daitezke, eta argazkiak jatorrizkoak edo ukituren bat dutenak. Ikus-entzunezko edozein motako lana aurkez daiteke, gehienez bost minutuko iraupena duena, eta narratiba atalean, berriz, edozein generotako lanak: kontaketak, poemak, artikuluak, ipuinak… Gizarte osoari zabaldutako lehiaketa da Sutondotik Plazara. Dena den, bada antolatzaileek bereziki mugiarazi nahi duten jende bat: “Unibertsitate giroko jendea eraldaketarako agente garrantzitsu da, eta iaz haien lan dezente jaso genituela kontuan izanda, aurten ere horrela izatea espero dugu”, dio Saiz Alzugaraik.

Sariak, dirutik harago

Kategoria bakoitzeko irabazleentzat egongo diren sariez gain, bestelako hiru sari berezi ere jarri dituzte antolatzaileek: “Begirada feminista” saria, “Denok baserritarren eskubideen alde” saria eta “Publikoaren - Donostia 2016 saria” Azken honen irabazlea interneteko bozketa bidez erabakiko du publikoak, uztailaren 15etik aurrera.

Diru-saritik harago, irabazleek Elikadura burujabetzaren inguruko Bigarren Europar Forumean (Nyelleni Europe) parte hartzeko aukera izanen dute, Errumanian.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2an ireki zuten www.bideberriak.eus/lehiaketa webgunean, eta uztailaren 15era bitarte egonen da irekita. Beraz, hartu aitzurra, bideo kamera nahiz arkatza eta ekin sormenari!