argia.eus
INPRIMATU
Ping-pongean egin nahi eta erromatar villa topatu
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko maiatzaren 26a

Wiltshireko (Ingalaterra) familia batek aletegi zaharrean elektrizitatea instalatzea erabaki zuen berriki, seme-alabek ping-pongean aritzeko argia izan zezaten. Irwindarrek kableak lur azpitik igarotzea nahi zuten, eta asmo horrekin lorategia hondeatzen hasi zirenean, elektrikariek mosaiko batekin egin zuten topo ezustean.

Ondoren, Historic England erakundeko eta Salisburyko Museoko arkeologoek baieztatu zuten mosaikoa K.o. 175 eta 220 urteen artean eraikitako erromatar villa handi baten parte dela (ezkerrean, villaren irudikapena). Aurkikuntzak garrantzi berezia dauka, mende hauetan guztietan nekazaritzak ez baitu arrastoetan kalterik eragin.