Greenpeacek zabaldutako ezkutuko agiriei esker, badirudi AEBen eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko hitzarmenak (TTIP) lortu duela, azkenik, txoko bat iritzi publikoan, txoko txikia bada ere. Are arreta urriagoa bereganatzen ari da Kanadak eta Europak honezkero sinatuta –baina oraindik onartzeke– duten molde bereko akordioa: CETA. Datozen hilabeteotan hasiko da EBn berreste prozesua; haren aurkarien esanetan, dakartzan mehatxuak TTIPen berdin-berdinak dira.
“CETA aurrera aterako balitz, alferrikakoa izango litzateke TTIP geldiaraztea”. Florent Marcellesi europar legebiltzarkideak Eldiario.es agerkarian idatzitako artikulu batetik hartu ditugu hitzak, baina ñabardurak ñabardura haiekin bat etorriko da merkataritza askeko akordioen mehatxuez sentiberatasun amiñi bat duen edonor.
Sentiberatasun horren talaiatik ikusita, TTIP baino arriskutsuagoa deritzo Marcellesik haren baliokide kanadar-europarrari. Arrazoi nagusia kronologikoa da: CETAren negoziazio fasea amaituta dago –2014an sinatu zuten akordioa bi aldeek–, eta berrestea baino ez da falta. Ia segurtasun osoz, ekainean zehaztuko da berrespen prozesua nolakoa izango den, eta udazkenean ekingo zaio.
“CETAk oso mobilizazio gutxi eragin du gurean, eta eragin duena TTIPi lotutakoa izan da; bestela guztiz oharkabean igaroko zatekeen”, dio Jose Ramon Mariñok, Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainako eledunetako batek. Nabarmendu duenez, bi hitzarmenen ondorioak berdinak dira. Ez bakarrik oso antzekoak izango direlako –TTIPez dakigunetik hala ondorioztatu daiteke–, baizik eta funtsean Kanadako eta AEBetako ekonomiak oso lotuta daudelako. “Munduan barna mugitzen diren AEBetako enpresa guztiek dituzte ordezkaritzak edo adarrak Kanadan”, diosku Mariñok. Zertan eragingo du horrek zehazki?
AEBetako transnazionalentzako atea
TTIPek aurreikusten duen mekanismoetako bat inbertsiogile eta estatuen arteko ebazpen-auzitegiak dira. Mota horretako auzitegiak aspalditik daude txertatuta nazioarteko merkataritzaren zuzenbidean, eta EBk sinatuta dituen hainbat akordioren barruan ere badaude, baina ez dute ia polemikarik eragin TTIPen aurkako erantzun soziala piztu arte. Oro har, ingelesezko ISDS siglekin izendatzen dira.
ISDSen bitartez, atzerriko konpainia batek estatu edo eskualde baten kontrako salaketa jar dezake, hark onartutako legediak kalte egin diola –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalte bat– uste badu. Auzitegi horiek emandako epaiak direla-eta, zenbait estatuk milaka milioi euro –edo dolar– ordaindu behar izan dizkiete honezkero enpresa transnazionalei, ingurumena edota kontsumitzaileen osasuna babesteko arauak onartzeagatik.
ISDSek sortutako desadostasuna ikusita –ez jendarte zibilean bakarrik, baita TTIPen alde dauden zenbait indar politiko esanguratsutan ere–, Europako Batzordeak beste mota bateko auzitegia proposatu zuen 2015ean, eta ustez hori ari da defendatzen TTIPen negoziazio mahaian. Auzitegi berri horiek ICS izena dute, eta merkataritza askeko akordioen aurkarien esanetan, funtsean ez dute desberdintasun azpimarragarririk ISDSen aldean, berdin ematen baitiete aukera konpainiei, gobernuek onartutako legedien aurka jotzeko.
ICSen figura sortu zenerako CETAren testua onartuta eta sinatuta zegoen, ISDSak barne, baina Europako Batzordeak Ottawari hitzarmenaren errebisioa eskatu eta hark onetsita ICSek hartu zuten ISDSen lekua. Bata zein bestea, ondorioa da Kanadan adar bat duen edozein estatubatuar enpresak –eta ia denek dute, ikusi dugunez– atea zabalik izango duela europar araudiagatik kalte-ordainak eskatzeko, TTIP onartzeko zain egon gabe.
Nork berretsi behar du CETA?
Otsailetik, CETA itzulpen prozesuan dago. Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan bertsio bana behar da, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Oso hizkera konplexuko testua izanik, ezin zaio zirrikiturik estuena ere utzi interpretazio askeari. Horregatik, ekainera arte luzatuko da itzulpen lana. Ondoren finkatuko dira hitzarmena berresteko prozedura eta egutegia.
Europako Kontseiluari dagokio berrespenaren subjektua nor den erabakitzea; Batasuneko merkataritza ministroei, zehazki. Europar araudiaren arabera, merkataritza hitzarmen arruntak Europak Batzordearen eskumen esklusiboa dira, baina mistoak badira, hau da, estatuen burujabetzari dagokien arloetan eragina izan badezakete, estatu guzti-guztiek onetsi beharko dute. Zalantza gutxi dago bai CETA bai TTIP mistoak direla, baina itxura denez interpretaziorako ate bat zabaldu nahi dute akordiook indarrean ikusi nahi dituztenek.
“Larriena ez da hori”, azaldu digu Jose Ramon Mariñok, “larriena da Kontseiluak behin-behineko onarpena egitea erabaki dezakeela, hots, CETA indarrean sar liteke Europako Parlamentuak dioenaren zain egon gabe ere”. Gerora Parlamentuak hitzarmena onartuko ez balu, ordurako inbertsio bat abiatutako konpainiek aukera eduki lezakete ICSen bitartez salaketak ipintzeko. Edozelan, nahikoa argi dago Eurolegebiltzarrak CETA berretsiko duela, eta estatuen aldetik ere aurkako jarrerarik ez da espero. Zalantza txikiak egon daitezke, arrazoi desberdinengatik, zenbait estatuk izango duten jarreraz, baina oraingoz bederen Europako Batzordean inor ez da loa galtzen ari horregatik.
Maiatzaren 1ean, Holandako Greenpeacek TTIPen negoziazioetako zenbait agiri ezkutu argitaratu zituen, filtrazio baten bidez jaso eta gero. AEBen jarrera erakusten dute dokumentu horietako batzuek; beste batzuk, berriz, dagoeneko bi aldeek adostutakoak lirateke.
Ez da izan TTIPi buruzko lehen filtrazioa, baina bai, alde handiz, hedabideen arreta gehien erakarri duena. Batez ere, beren ildo editorialaren barruan TTIPen aldeko jarrera agertzen dutenek ez-ohiko tartea eskaini diote gaiari. Kasu askotan, publiko egindako dokumentuen zabalpena baliatu izan da Europako Batzordeak AEBen zenbait nahiren aurrean agertutako jarrera irmoa “txalotzeko”. Beste batzuentzat –baita ezkerreragoko posizioetatik ere– filtratutakoak aditzera ematen du nekez lortuko dela akordioa gauzatzea.
Analisi horien arabera, agiriek frogatuko lukete Europa ez dagoela prest zenbait “marra gorri” zapalduak izan daitezen TTIPen erruz. Hain justu, akordioaren aurkarien kezka eragiten duten gaiak dira marra gorriak: lan eskubideak urardotzea, ingurumenaren eta osasunaren babesa ahultzea... Adibide bat: Angel Toña EAEko Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak esan berri du Eusko Jaurlaritza TTIPen alde egongo dela baldin eta Europak ezarritako marra horiek errespetatzen badira.
TTIPen aurkako kanpainan daudenentzat agirien filtrazioa arma bihurtu da: akordioaren kontra egoteko arrazoiak egiazkoak direla baieztatzen die. Baina pribatuki zuhurtziaz jokatu behar dela ere aipatu dute. Sinpleki esateko: AEBen jarrera “gogorra” nabarmentzeak balio lezake etorkizunean EBren proposamen “leunago” batzuk justifikatzeko.
Munduko merkataritza blokerik handiena osatu dute hamabost herrialde hauek: Asiako hego-ekialdeko hamar herrialde, Hego Korea, Txina, Japonia, Australia eta Zeelanda Berria. Azaroaren 15ean izenpetu dute RCEP merkatu libreko hitzarmen hau.
Eurolegebiltzarrak joan den otsailean eman zion onespena Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko itunari (CETA). Hitzarmena mistoa denez, erabat indarrean sartzeko EBko estatu kide guztietako parlamentuek bozkatu behar dute haren alde. Hala ere, hitzarmenaren... [+]
CETA pil-pilean eskuartean dugun Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Askeko Hitzarmena dugu eta entzunagoa den TTIP hitzarmenaren atzeko ate bezala definitu izan da. TTIP (Europar Batasuna eta AEBen arteko hitzarmena) izoztua dagoela helarazi... [+]
Ez zen ustekabekorik izan eta Europako Legebiltzarrak Kanada eta EBren arteko CETA hitzarmenaren alde bozkatu zuen otsailaren 15ean, Estrasburgon egindako saioan. 408 diputatuk eman zuten aldeko botoa, 254k aurkakoa, eta 33 abstentzio izan ziren.
Euskal Herriko parlamentuetan ordezkaritza duten alderdietatik, CETAren alde bozkatu dute ondorengo alderdiek bozkatu dute: EAJ, PP eta PSOE. Eta aurka: EH Bildu, Podemos eta Equo. Goizean 150 ekintzailek Europako Parlamentuko sarrera blokatu dute Estrasburgon. TTIP Game Over... [+]
Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka... [+]
“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]
Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.
Valoniako Parlamentua CETAren aurka azaldu ostean, Belgikak itunari ezetz esan dio Europako merkataritza eta kanpo harremanetarako ministroen kontseiluan. Bitartean, Greenpeacek ekintza ikusgarria egin du bilkuraren kanpoko aldean.
Badu hogei urte pasa merkataritza askeen aldeko akordioak izenpetzen dabilela Kanada, eta Vaillancourtek dioenez, herritarrek amore emanik, Ekonomia eta Merkataritza Hitzarmen Osoaren (CETA) aurkako mobilizazioa ez dabil azkar. Alta, ondorio konkretu latzak pairatzen dabiltza... [+]