argia.eus
INPRIMATU
Liburuak salbatzeko su-etena
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko maiatzaren 26a
Hosokawa Fujitaka (1534-1610).
Hosokawa Fujitaka (1534-1610).

Japonia, 1534ko ekainaren 3a. Hosokawa Fujitaka –Yusai “izen artistikoa” erabiliko zuen aurrerago– jaio zen gerra zibilen garai betean, Japonia barne gatazka amaigabeetan ahultzen ari zela. Garai onak ziren borroka lanbide zuten samuraientzat, eta Hosokawaren gerlari dohainak baliatu zituzten, lehenik, Ashikaga dinastiako azken shogunek eta, aurrerago, Oda Nobunaga daimyo konkistatzaileak eta haren oinordeko Toyotomi Hideyoshik. Horrez gain, te zeremonian maisua, kaligrafo aditua, historialaria, poeta, margolaria, filosofoa, arte bildumagilea... ere bazen.

XVI. mendearen amaieran, Yusai zaharra Tango probintzian zeuzkan lurretara erretiratu zen. Baina bakeak gutxi iraun zuen; 1600ean gerra berriro piztu zen. Japoniako agintari nagusi Toyotomi Hideyoshi hil zenean, inperio batu berria bitan banatuta geratu zen: Toyotomitarren aldekoak, ekialdekoak, batetik; mendebaldekoak, Tokugawa Ieyasu boteretsuaren aldekoak, bestetik, Hosokawa familia barne. Klan nagusi guztiek batzuen ala besteen aldeko hautua egin behar izan baitzuten.

Tokugawak irabazi zuen azken gudua Sekigaharan. Baina horren aurretik, Toyotomiren 15.000 soldadu Tangon sartu ziren eta Yusai bizi zen Tanabe gaztelua setiatu zuten. Samurai beteranoak 66 urte zituen, eta gotorlekua defendatzeko 500 soldadu besterik ez.

Halako nagusitasuna izanda, gaztelua hartzea lan erraza zirudien mendebaldekoentzat. Baina inperioan miresmen eta errespetu handia zioten Yusairi, baita arerioek ere. Eta ez zuten ahalegin handirik egin samurai jakintsua mendean hartzeko; kanoiak kargatzea “ahaztuta”, jaurtigairik gabeko salbak baino ez zituzten botatzen harresien kontra. Hala ere, Yusairen ohorea eta lurrak ez ziren arriskuan zeuden bakarrak; Hosokawak balio ikaragarriko arte bilduma eta liburutegi zabalak zituen.

Izkribuak eta artelanak salbatzeko eskatu zion enperadoreari berari eta Go-Yōzeik (1586-1611) baietz esan zion gerlari poetaren erreguari. Hala, bi alderdiek su-etena adostu zuten literatura eta arte altxorra ebakuatzeko.

Baina Japoniako 107. enperadoreak baldintza bat jarri zuen: liburuekin batera Yusai bera ere salbatu behar zen, haren bizitza bilduma bezain baliotsua zelako. Amore eman eta gaztelutik alde egiteko agindu zuzena eman zion. 1600eko urriaren 19an errenditu zen Hosokawa Fujitaka. Bizitzako azken hamarkada Kyoton emango zuen, gerra kontuak baztertuta eta hainbat alor artistiko lantzen.

Enperadorearen agindu ukaezinak samurai ohorea galarazi zion Hosokawa Fujitakari. Baina bere liburutegia salbatu ahal izan zuen eta, gainera, setioak iraun zuen hilabeteetan 15.000 etsairi gaztelu atarian eutsita, ekialdeko bandoari asko erraztu zion gerra irabaztea.