argia.eus
INPRIMATU
Gure lurralde liberatua
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2016ko maiatzaren 26a

Harako “autobia, erokeria!” hura ez zait oroimenetik joan. Beharbada horregatik, tentuz ibiltzen naiz mota guztietako obra handien proiektuak eztabaidaren plazara ekartzen direlarik. Milaka jenderen joan-etorriak aisatu dituzte Leitzarango lau erraiek. Haiek gabe, basamortu ekonomiko eta soziala lirateke gaur egun Larraun, Lekunberri edo Leitza aldea. Itoizko urtegiarekin, kontrara gertatzen da. Agoitz inguruari ezarri dion arrisku objektiboaz gain, haren erruz inoiz baino basamortuago dira Artzibar eta Longida. Erriberako nekazaritzari ekarriko dizkion onurek, gainera, nekez berdinduko dute presaren eraikuntzan eta oraingo kanalean xahutzen ari diren dirutza.

Aroztegiko proiektuaren inguruan Baztanen piztu den auziak, berriz, ez zerurako ez lurrerako nauka. Gisako egitasmo handiekiko mesfidantzak ez dit ahantzarazten Baztanek eta, oro har, Nafarroako mendialdeak duten bulkada beharra. Tamalez, aziendak, landetxeak eta bentak ez dira aski urtez urte gazteriaz hustuz doan eskualdean.

Nonbait, euskara galduan aterako da Aroztegiak aitzina eginez gero. Litekeena da. Burdin Arotik, seguru aski, aldaketa sozio-ekonomikoek eragin izan diote gure hizkuntzaren egoerari. Hain zuzen ere, euskararen miraria da nola hartu ahal izan dien gaina aldaketa horiei, gaurdaino bederen.

Arnasguneen kontzeptua oso maitea du egungo euskalgintzak. Gure lurralde liberatua. Euskaldunik baizen ezten lekhua. Infernu diglosikoan bizi garenondako, zerua. Arriskutsua deritzot, ordea, halako tokiak erreserba naturalak balira bezala zaintzeko eta bertako biztanleak galtzeko zorian dauden espezieen gisa tratatzeko nahikeriari.
Ulertzekoa da turismo masiboak euskaltzaleen baitan sorrarazten duen kezka. Iparraldeko eredua ez da gogo-pizgarririk hoberena. Zorionez, baditugu bertzelako adibideak. Zarautz eta Lekeitio euskaldunagoak lirateke turismorik gabe? Euskalduntasuna, beren ADNan itsatsita eraman ez ezik, milaka kanpotarri eskaintzen diote, hondartzarekin eta ostalaritzarekin batean, diru iturri.

Karlistek mundu berriaren kontrako hesia zelako maite zuten euskara. Lehenbiziko nazionalistak ere ez zebiltzan pentsamendu horretatik urruti. Horren ifrentzuan, euskaldun aunitzek miseriarekin, atzerapenarekin eta bazterkeriarekin lotu izan dute beren hizkuntza. Inork ez luke hautatu behar aurrerapena edo euskara, bizi-maila edo euskara, lana edo euskara, etxe erosoa edo euskara, mundua edo euskara. Gure hizkuntza galduan aterako da beti.

Baztanek Aroztegiari ezetz erran behar badio, izan dadila ingurumenari kalte egiten diolako, langabezia konponduko ez duelako edo/eta golf-jokalaririk begi parean ikusi nahi ez dutelako. Ez euskarari kalte eginen dion beldurrez.