argia.eus
INPRIMATU
Ekintzaile izan nahiari buruz
Irati Elorrieta 2016ko maiatzaren 26a
Antton Olariaga

Irakurketa ekintza aktiboa omen da eta ez dut kontrakoa argudiatuko. Irakurtzea beste aktibitate mota batzuetarako traba ere izan daiteke ordea. Irakurtzeak xurrupatzen digun denbora, energia eta emozioak ez baititugu beste zerbaitetan ematen. Orain arte, ez dut ezertxo ere idatzi ahal izan errefuxiatuen krisia delakoaz, errefuxiatuena baino askoz gehiago den krisiaz. Ez dut ezer idatzi, eta okerragoa dena, ez dut inolako laguntzarik eskaini (neguko arropak emateaz gain, baina minimorik minimoena besterik ez da hori). Irakurri, ia ez dut beste ezertaz irakurtzen.

Berlinen bizi naiz eta, testuinguru honetan, ohar honek badu garrantzia. Beren bizitokia utzita ihes egin duen milaka eta milaka pertsona heldu baita hona azken hilabeteetan. Hiri berean bizi gara. Are gehiago, ez badira erabaki katastrofikoki txarrak hartzen, hiri berean bizitzen jarraituko dugula espero dut. Askok telebistan edo bestelako pantailetan ikusiko zenituzten irudiak bertatik bertara ikusi ditugu hemen: iazko udazken eta neguan, izena eman eta asilo eskaerak egiteko egoitza nagusiaren ondoko karpetan zain zegoen jendetza. Bolada batez, egunero pasa behar nuen handik eta bularraldean trabeska geratu zitzaizkidan begiradak, irribarreak, ibilerak. Hotzarekin batera sartu zitzaidan ezinegona gorputzean. Egunerokotasuna eta harekin lotutako kezkak alboz uztea lortzen dudanean, nire gorputza sentitzea lortzen dudanean, ezinegonak hortxe estu jarraitzen duela ohartzen naiz.

Larritasun sentimendu horri irteten laguntzeko, badakit zerbait egin behar dudala. Ez baita bere kabuz desagertuko. Kontrara, haziz eta haziz doa. Egoerak ez badu onera egiten, zergatik egin beharko luke onera larriminak? Gure etxetik kilometro bateko radioan hiru aterpetxe daude, bakoitza 200 bat biztanlerekin. Prentsan irakurtzen dudana oso zail da ulertzen, irudikatzen, prozesatzen. Baina etxetik hamar minutura dudana konkretua da: asilo eskaera egin eta itxaroten dagoen jendea.

Aterpetxearen aurrean egoten dira batzuk zigarroak erretzen, telefonoz hitz egiten, xakean jokatzen. Paperak egiten ez diet lagunduko, ez baitut burokrazia alemaniarraren munstroa menperatzen ikasi. Baina badaude hainbat eta hainbat aukera, norberaren gaitasunetara moldatuak, ez? (Batzuei kosta egiten zaigu horri ere erantzutea: “Zertarako naiz gai?”). Gure lagun bat ostiraletan gaztetxoekin eskalatzera joaten da. Ez dakit zenbat irakurriko duen, baina ateratzen ditu astean pare bat ordu bere inguruan gertatzen ari denarekin inplikatzeko. Batzuk ekintzara pasatzen dira horren beharra dagoenean; eta beste batzuk tragediaz irakurtze hutsarekin itotzen gara.

Pertsonen migrazio mugimendu erraldoi honi alde askotatik begiratu eta heldu beharko zaio. Baina herritar arrunt bezala, gauza bakarra egin dezaket: hemen babesa eskatzen dutenei ongietorria adierazteko nire modua aurkitzea. Buru barruan soilik ditugun ideia edo jarrerek ez baitute benetako ondoriorik. Tamalez, buruan darabilgunaren eta gure ekintzen –edo ekintza ezaren– arteko diskordantziarekin bizi gara nahi baino gehiagotan. Hitza ematen dut: ez dut berriro gai honetaz idatziko ekintzara pasatzen ez naizen bitartean. Gutxiago irakurri eta zerbait konkretua egiten hasten naizen egunean, kontatuko dizuet.