argia.eus
INPRIMATU
ARGIAren barrenak bekadunen ahotik
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko maiatzaren 26a

Bukatzen dute praktikaldia Iker Oñatek eta Ane Urkolak, eta ekainean sartzearekin batera ekingo diote martxari bekadun berriek. Hiru bat aste izango dira ARGIAn praktikak egin ahal izateko proba egin zutela hainbat gaztek, eta prest daude hurrengo hiru lauhilekoetarako bekadunak.

Iker eta Ane izan dira azkenak, eta kafe bat hartuz egonaldia kontatzeko eskatu diet. Hasieran lotsati esan didate gustura egon direla, lehen egunetik harremana gertukoa izan dela... Hori oso ondo dago, eta baloratu beharreko gauzak dira, ados, familia txikia garela eta tratuan nabari dela hori; zuk ordea, irakurle, nik bezalaxe kontakizun honetan morbo gehixeagoko zerbait bilatzen duzu: erredakzioko kideen maniak, trapu zaharrak, pasadizoak. Baina ez pentsa, ondo prestatzen dituzte ahoa gehiegi ireki ez dezaten.

“Zein gai dituzu gustuko?” izan omen zen lehen eguneko galdera. Tira, gero parean tokatutako edozein albiste aspergarri pasako badizute ere, lantaldean adeitasunez ondo dabiltzan seinale. Dena dela, esan dizuet ondo prestatzen dituztela lau hilabete horietan eta biak alde horretatik eroso aritu direla esan didate.

Titularren gaiari heltzean hasi dira aurpegiak aldatzen. “Batzuekin gehiago findu behar izaten da”, “zorrotzagoak dira batzuk besteak baino”...; azkenean pastela atera den arte: “Landerrekin ez da inoiz asmatzen!”. Barre artean aitortu didate albistearen zuzenketarekin batera etortzen zela “oso ondo dago, baina...”, eta total, azkenean titularrean aldaketa.

Hilabete hauetan ikasi dute erredaktore bakoitzaren moduetara moldatzen, Unairen ingurugiro eta eko gaien lanketa ase ezina, Gorkak esaldi luzeak komarik gabe osatzeko duen gaitasuna edo Pelloren Net Hurbiletako kurtsibak (asteazkenetako lanen artean dago astekaria sarera igotzea, eta lan berezia eskatzen duten letra horiek ondo gogoan dituzte).

Azken galdera aurkeztu diedan bezala pentsatu dut “oraingoan harrapatuko ditut ARGIAko hauek”: produktuak egiten duen ibilbidea ez diete erakutsi, seguru. Baina ezta horrela ere. Ezagutu omen dute guztia. Hurrengo bekadunekin saiatu beharko naiz aurrerago, ea txutxu-mutxuren bat kontatzen didaten.