argia.eus
INPRIMATU
Txoministak
Errioxa euskaldunduko duen web-telesaila
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko maiatzaren 18a
Web-telesaila egin duen lantaldea jo eta su ekinean.
Web-telesaila egin duen lantaldea jo eta su ekinean.

Ikusi dut orain hamar bat egun estreinatu dela Txoministak web-telesail berria, Hiru Damatxo ideia faktoriak bideratu eta ARGIAk zabaldua. Eta otu zait nondik nora iritsiko zen lehen saio hori ARGIAren eskuetaraino, aktore, grabazio edo produkzio lanetan izerdi tantarik bota ez badute. Hor nire zalantza: nola engainatu ote dituzte damak seriearen aurkezpen saioarena bezala ondorengo kapituluen estreinaldiak ARGIAren kontrolpean uzteko? Egileei galdetzea izango dut onena.

Engainu hitza esan bezain pronto hasi zaizkit barrez, ezetz, lasai egoteko, ez dituela inork engainatu; tratu batera heldu direla. Baina ni oraindik mesfidati. “Ziur zaudete zuentzat ere tratu txukuna izan dela?”. Baietz. Eta berriz algarak. Hitzarmena itxura batean sinplea da: ARGIAk du web-telesailaren hedapenaren esklusiba. Asteazkenetan zabaltzen da eta ostiralera arte ARGIAren bidez bakarrik ikus daiteke. Ostiraletik aurrera zintzilikatzen da Youtuben. Eta trukean egileek material gastuei aurre egiteko moduko kantitate ekonomikoa jasoko dute.

Azalpenik ez dut eman oraindik, ordea, Txoministaken nondik norakoen inguruan, eta inor zer den oso ondo harrapatu gabe gera ez dadin aipatuko ditut pare bat datu. Euskal Herrian girotutako telesail politikoa da. Errioxa geureganatuz zortziak bat aldarrikatzen duen alderdiaren sorrera du oinarri, eta egileen hitzetan “Euskal Herria definitiboki askatzera doa”. Pentsatuko duzun bezala umoretik landua hasiera-hasieratik, Txoministaken ideia bera sei-zazpi bat lagunen arteko afari giroan sortua baita. Web-telesaila forma hartzen joan den neurrian handitu da lantaldea, Hiru Damatxo-k bideratzen badu ere ondoan baitauzkate beste hamar lagun. Hasiera batean behintzat zortzi atalez osatuko da, eta alderdiaren barrenak ezagutzeko aukera emango digu.

Ilusioz heldutako proiektua da eta asteburuetako parranda orduak murriztuz atera dute aurrera. Baldintzak ezagututa eta haizea kontra izanda, emaitza oso duina da. Gure bozka zalantzan jartzera iritsiko al gara?