argia.eus
INPRIMATU
Subh, kalifaren kutun baskoia
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko maiatzaren 18a
‘Zamorako potoa’ izeneko pieza, Subh-i oparitu ziotena Alhaken kalifaren seme zaharrenaz erditu zenean.
‘Zamorako potoa’ izeneko pieza, Subh-i oparitu ziotena Alhaken kalifaren seme zaharrenaz erditu zenean.

Kordoba, 996. Subh eta Almanzorren arteko aliantza politikoa hautsi zen, hogei urtez kaliferriko boterea de facto bien eskuetan egon ondoren. Bigarrena, buruzagi militar eta politiko ezaguna, sayyid (jaun) eta malik karim (errege noble) izendatu zuten 998an eta Al-Andaluseko agintari gorena izango zen kalifa izan gabe ere. Lehena, Subh umm Walad, Alhaken II.a kalifa ohiaren kutunena eta Hisham kalifaren ama, gortetik egotzi zuten eta 999ko abenduaren 11n hil zen.

Subhi al-Basunsiyya ere esaten zioten, baskoia alegia, euskal jatorrikoa zelako. Ez dakigu zehatz-mehatz non eta noiz jaio zen, baina bai haurra zela gatibu eraman zutela Kordobara eta han gawari edo esklabo kantari izateko hezi zutela. Ilehoria eta ederra omen zen, eta jakin-min aseezinari esker hainbat arte eta ezagutza menderatu zituen. Alhaken II.aren haremean toki nabarmena eman zioten ezaugarri horiek, eta 962an kalifaren lehen semeaz erditu zenean, haren kutunena bihurtu zen.

Kaliferriko haremetan ohikoa zenez, Subhen bizimodua oso mugatuta zegoen. Baina kalifari seme bat –eta geroago beste bat– emanda, agintariak ez zuen hain estu hartu; opariz eta adeitasunez betetzen zuen, eta tarteka, Medina Azaharatik kanpo ibiltzen uzten zion, gizonezkoz jantzita, Bagdadeko mutil gazteen modari jarraituz eta Djafar izena erabiliz.

Hala ere, erosi eta Alhakenekin ezkonduarazi zuten esklaboa baino ez zen. Beraz, ez zeukan ez ondasunik ez eskubiderik. Eta semeak egoera berean egongo ziren adin txikikoak izan bitartean. Bere egoera pribilegiatua eta semeentzat tronua ziurtatzeko bere alde egingo zuten funtzionario efizienteak eta baliabideak bildu behar zituela bazekien. Lan horretan, 967an, Almanzor gaztearekin egin zuen topo, eta bere babesean hartu zuen. 972an lehen kargu militarra lortu zuen Almanzorrek eta, 976an, Alhaken II.a hil eta Hisham seme gazteena kalifa izendatu zutenean –zaharrena, Abderraman, 9 urte zituela hil zen–, kaliferriaren kontrola eskuratu zuen, kalifa berriaren amarekin batera. Zurrumurruek zioten maitaleak zirela; ez dakigu etekin sexualik atera zioten harremanari, baina politikoa behintzat bai.

Hala, Iruñeko Erresumatik esklabo eramandako neskato hura Al-Andaluseko pertsonarik boteretsuenetakoa izan zen.