argia.eus
INPRIMATU
Protokoloa
Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2016ko maiatzaren 18a

Gure lankide batek esan digu protokoloa abian jarri diola medikuak tentsio altuegia duelako. Guk ez dugu jakin barre edo negar egin berba ponposo hori entzun diogunean. Ze, egun, protokolo hitza erabili ezean adierazten duzunak ez baitu garrantzirik, antza. Koskabiloak eztarrian, edateari, jaki gazituak jateari eta kirola egiteari ekin dio itsu eta ero, protokoloak izu laborri. Eta gutxi gorabehera protokolo berbak zer esan nahi duen jakin arren, hiztegira jo dut berbaren esanahi zehatza ezagutzearren. Kortesiazko arau multzoa ei da, esparru pribatuan zein publikoan erabil daitekeena. Esaterako, mahaian aho-zapiak zelan tolestu behar diren jakiteko; ekitaldi ofizial batera zelan joan behar duzun jantzita jakiteko; barruak hustera inoren komunera sartu-irtenean uzkia garbitzeko erabili behar duzun teknika eta taktika ezagutzeko. Protokoloak agintzen du munduan, protokoloa ohitura ere badelako, ikasi gabeko portaera da batzuetan, kulturala, besteetan, eta horren arabera jakingo du munduak izaten eta egoten dakizun ala ez gizartean.

“Protokolo hitz potolo”, eremu ofizial edota diplomatikoan erabiltzen denean. Hitzarmen hitzak baino balio erantsi txikiagokoa du. Baina protokolotik hasten da, beste uztardura batzuetara iritsi ahal izateko. Eta horixe da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartu dutena: protokoloa. Lankidetzan hasteko prest dira biak, eremu eta alor desberdinetan (Funtzio Publikoa, Toki Administrazioa, Osasuna eta Kontsumoa…). Ezin ukatu albiste horrek sekulako ilusioa eragin digula arragoa den Nafarroarekin anaikide jardun ahal izateko aukera izango dugula jakiteak.

Diktadura osteko hitzarmenetan hitzartu zuten Nafarroa kanpo uztea EAEtik, Arabako herrialdearen mesedetan. Borroka armatuaren aldarrikapenen artean garrantzitsuenetakoa Nafarroak EAErekin bat egitea zen, eta armek lortu ez zutena protokolo honek bideragarri egin du.

Esanak esan, neur dezagun bere izaera osoan protokolo honen onarpenak izango duen sustraitzea. Geroak esango digu oraina trinkoa denentz. Ezin dugu ahantzi, gainera, horrelako protokolo motak Errioxa eta Aragoiko gobernuekin ere onartuta daudela. Hau da, auzotarrekin, familia artekotasunik ez dutenekin. Ezer apartekorik ez, beraz. Baina ilusioa egiten digu anaia haserretuarekin berba egin barik denbora luzeegian egon eta gero, elkar ikusi eta hitz egiten hasi garela eta, gero, nahi izanez gero, elkarri ulertzeko gai izango garela. Baina kasu, protokolo horrek ezin digu kriskitinka jarri, ez baitu adierazten EAEko gobernuan eta Nafarroakoan izaera juridiko politikoa aldatuko denik, ezta bi erakundeek administrazio bera partekatuko dutenik ere. Ezta hurrik ere! Auzotarren arteko bizikidetza normalizatua baino ez du adierazten protokolo horrek. Abertzaleok neba-arreben arteko harreman normalizatua izan dadila nahi izanagatik ere.