argia.eus
INPRIMATU
Leitzako Amazabal institutua
Elikadura burujabetza ikasgelan
Garazi Zabaleta 2016ko maiatzaren 18a

Baserritar, ekoizle eta kontsumo talde askoren lanari esker, duela gutxi arte bazterrean zeuden zenbait gai (kontsumoa, elikadura, nekazaritza…) ari dira pixkanaka jendartearen erdigunera mugitzen. Eta, kalean garrantzitsu den horri ez al litzaioke garrantzia eman behar eskoletan, heziguneetan? Bada, hari horri tiraka hasi ziren Leitzako (Nafarroa) Udaleko Berdintasun Saila eta kontsumo taldea. “Landa eremuan bizi gara, eta badago kontzientzia bat, familia askok baitute baserria edo baratzea. Institutuan lantzeko gai interesgarria zela pentsatu genuen”, kontatu digu Josune Antxo berdintasun teknikariak.

Iraganera begiratu, etorkizuna josi

Leitzako Amazabal institutuko DBHko maila guztietan landu dute gaia, hiru saiotan. Lehenengoan, elikadura burujabetzaren inguruko Amalurraren ahotsak dokumentala ikusi zuten. Ondoren, ikasleei galdetegi bat banatu zieten aitona-amonekin betetzeko: Zein elikadura ohitura zituzten gazteak zirenean? Zer jaten zuten eta zein garaitan? Nolakoa zen nekazaritza eta zein paper zuten emakumeek? Galdetegia bete eta gero, bigarren saioan bateratu zituzten ikasleek ateratako ondorioak, hausnarketak eta ideiak. Azkenik, Leitzeko Kontsumo Taldeko kide eta baserritarra den Gotzone Sestorainen hitzaldia izan zuten ikasleek. Nekazaritza ereduak azken hamarkadetan jasandako aldaketa bortitzaz eta horrek dakartzan kalteez aritu zen. “Nekazaritza industriala duela gutxi hartutako bidea izan da, oso berria, eta aldiz, nekazaritza iraunkorra betidanik, duela gutxi arte gure herrietan aitona-amonek praktikatzen zutena da”.  

Gaia ikuspegi feministatik

Nekazaritzan emakumeak izan duen garrantzia nabarmentzea eta bere lanari balioa ematea izan da dinamikaren helburuetako bat. “Nekazaritza iraunkorra emakumeari oso lotuta egon da beti: baserrian paper garrantzitsua izan du hazien zaintzan, baratzean… Nekazaritza industrialak, aldiz, balore oso maskulinoak ekarri ditu”, dio Sestorainek. Ustiapen handiak, monolaborantza, sekulako inbertsioak, teknologia berrituena... Horiek dira nekazaritza eredu horren ezaugarrietako batzuk.

Ikasleek orokorrean oso erantzun ona eman dutela eta hurrengo ikasturtean lantzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du Antxok: “Sakonean lantzeko jarraitasuna behar du”.