argia.eus
INPRIMATU
Hanibalek Alpeak zeharkatzeko egin zuen ibilbidea argitu du mikrobiologiak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 0000ko ren 00a

K.a. 218. urtean Hanibalen gudarosteak balentria handia –eta estrategikoki oso eraginkorra– egin zuen Alpeak zeharkatuz. Baina zer ibilbide egin zuten mendilerroa gainditzeko? Gavin de Beer (1899-1972) enbriologoa izan zen kartagoarraren soldadu, zaldi eta elefanteek Traversette pasabidea (3.000 m inguru) erabili zutela proposatzen lehena.

Torontoko York Unibertsitateko Bill Mahaney buru duen ikerlari taldeak tesi hori egiaztatu du orain. Garai horretan Traversettetik gertu animalia gorozki pilaketa masiboa izan zela ikusi dute, kartagoar zalditeriak eragindakoa. Gorozkiak, jakina, berehala desagertu ziren, baina mikrobiologoek aztertu ahal izan duten aztarna utzi zuten: milaka urtez bizi ohi diren klostridia bakterioak. “Zomorro horietan, zehazki, inbasio punikoen garaiko marka genetikoa topatu dugu”, Archaeometry aldizkarian adierazi dutenez.