argia.eus
INPRIMATU
Eguneroko ogia
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko maiatzaren 18a

Goizero aurreko eguneko ogia kafesnean bustita gosaltzen du. Ogi hori jaterakoan beragan pentsatzea ekidinezina da. Irribarretxo bat ateratzen zaio egunero datorkion gizona gogoratzen duenean. Poliki-poliki bainua hartzera doa, patxadaz garbitzen da, ez dauka presarik. Amaitutakoan, etxean ibiltzeko arropa jantzi, bata bat gainetik bota eta leihora hurbiltzen da. Bertan daukan butakan eseri eta itsasoa begiratzeari ekin dio, bera etorri arte denboratxo bat geratzen zaiolako.

Bozina entzun da leiho azpian, zenbat denbora pasatuko zen hemen eseri denetik? Pozik, leihoa zabaldu eta “Kaixo guapa!” entzun du kotxetik atera den gizonaren ahotik. “Kaixo!” erantzun dio Axunek. “Eguraldi ederra gaurkoa ezta? Planik bai arratsalderako?”, berak.

Gaur etxean geratuko dela erantzun dio (eguneroko plana dela adierazi gabe, ez du kexatia izan nahi). Sokari lotutako poltsatxoan asteko ogiaren zenbatekoa sartu dio, 5,85€ eta poltsa jaitsi dio okinari, honek dirua hartu eta barra sartu dio poltsan “Agur Axun!” oihukatuz. Poltsa jaso, ogia hartu eta leihoa itxi du. Butakan eseri da. Gaurkoan ere hemen geratuko da; baina pozik dago, asteburuan ilobak datoz.