Jakina da: jolasa eta aisialdia bitarteko ezin hobeak dira balioetan hezteko eta hazteko. Baina nola egiten da hori praktikan? Aurreiritziak alboratu, eskema zaharrak gainditu eta erronka berrietan murgildu dira azken urteotan begirale eta hezitzaileak. Etengabeko trebakuntza da gakoa, Bizkaiko Urtxintxa Eskola aisialdi taldeko hezitzaileek kontatu digutenez.
30 urte bete ditu Urtxintxak eta hiru hamarkadatan gauzak asko aldatu al diren galdetu diegu solaskideei. Garai batean, aisialdiak hezkuntza formalaren esparrua erreproduzitzera jotzen zuela kontatu digute, hezitzaileen artean zaintzaile papera nagusitzen zela, eta urteekin helburutan eta balioetan lanketa handia egin dela. Azken boladan, esaterako, parte-hartzea da gehien eragin duen arloa: jarduteko modua irauli du, haur eta gazteekin batera denon parte-hartzetik sortutako aisialdia da oinarria eta horri erantzuten jakiteko formatzen ari dira hezitzaileak. “Lehen, saioa programatu egiten genuen, landu nahi genituen balioen arabera hautatzen genituen jolasak; orain desprogramatu egin behar dugu, parte hartuko dugun guztiok elkarlanean antolatzen dugu saioa eta gure rola aldatu egin da”. Asanblada da abiapuntua, adinaren eta taldearen arabera oso ezberdina izan daitekeena, eta egunetik egunera hezitzaileak eurak ere ikasten ari direla azaldu digute Eñaut Aiartzaguena Bravo, Iraide Baskaran Uranga, Ainhoa Muerza Molina eta Julene Onaindia Garciak.
Ainhoa Muerza:
“Jolas bera izan daiteke oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da gakoa”
Feminismoa edo hezkidetza, kultur artekotasuna, euskara eta aniztasun funtzionala dira Urtxintxan lantzen dituzten balio nagusiak. Gai horietan etengabe trebatzea eta esku-hartzerakoan ikasitakoa aplikatzea da gakoa, probatzen joatea, baita hezitzaileen artean aliantzak bilatzea ere, taldean aritzea garrantzitsua dela baitiote. “Balioak lantzeko jolasak moldatu egiten ditugu –dio Ainhoa Muerzak–, jolas bera izan daitekeelako oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da funtsa”. Alegia, zirrikituak bilatzea, jolasen bidez balio ezberdinak lantzeko. Adibidez, Banderen jolasean talde bakoitzak bere bandera defendatu eta besteena lapurtu behar du, elkarren kontra lehiatuz; bada, egun batean erabaki zuten taldekide guztiak batuta aritzea, pixkanaka gainerako taldeekin aliantzak eginez, eta une batean denak bihurtu ziren aliatu, denek irabazi zuten jolasa.
Euskara da, Eñaut Aiartzaguenaren hitzetan, gairik zailenetakoa: “Lehen, agindua ateratzen zitzaigun, ‘egin euskaraz’, eta sarri kontrako efektua eragiten genuen; esperientziatik ikusi dugu eraginkorragoa dela esaterako umeak edo gazteak gaztelaniaz ari diren solasaldian sartu eta euskaraz eustea, eurak pixkanaka ‘kutsatzeko’”.
Hezkidetzari lotuta, estereotipoak apurtzeko eta emozioak lantzeko dinamika burutu zuten udalekuetan: 10-13 urteko gazteak lurrean eseri ziren, begiak itxita eta musika lasaiak girotuta, eta hezitzaileek belarrira goxo-goxo gauza politak esan zizkieten, laztanen bat egin zieten… inor deseroso sentiarazi gabe. “Mutilak uzkurrago egon ziren hasieran, baina hara gure sorpresa, hurrengo egunean gaztetxoek eurek proposatu ziguten guri berdina egitea”.
Eñaut Aiartzaguena:
“Bainujantzia umeekin batera aldatzea eta biluztea erabaki nuen. Lehenengo unean harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito”
Biluztasuna gai arantzatsua dela gehitu du Aiartzaguenak: “Udalekuetan, hondartzan bainujantzia aldatzeko unea esaterako aukera aproposa da halakoak lantzeko, baina kontrako mezua ematen dugu, umeei bertan aldatzeko eskatu eta hezitzaileak aldagelara txandaka joaten bagara. Dutxetan ere konplexuak azaleratzen dira adin jakinetan eta egoera hori kudeatu behar da. Ur-jolas batzuen ondoren erabaki nuen kanpoan umeekin batera aldatzea eta lehenengo momentuan harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito”. Azken finean, eurei gauza bat eskatu eta norberak beste bat egitea kontraesankorra dela gaineratu du Iraide Baskaranek, hezitzaileek eredu izan behar dutelako: “Egia da udalekuetara iritsi eta bat-batean denak batera dutxatuko direla edo toallarik gabe aldatuko direla pentsatzea egoera bortxatzea izan daitekeela, horregatik da aurretik, txikitatik eta ikuspegi ugaritatik landu beharreko zerbait”.
Eredu eta aldi berean bat gehiago izatea, horra ondo orekatu beharreko balantza. Hezitzaileek argi dute taldean bat gehiago direla, baina ahaztu gabe balio batzuetan eta helburu batzuen arabera hezi nahi dituztela haurrak, eta horretarako eredu gisa ere ikusi behar dituztela. Adibidea jarri digute: palan mutilak baino ez badira ari, emakumezko hezitzailea haiekin jokatzen hastea da eredu izatea, ea neska gehiago animatzen diren.
Julene Onaindia:
“Hasieran hezitzaileok deitzen genituen asanbladak, eta pixkanaka haurrak hasi ziren ardura hori hartzen. Ume batek jarrera homofoboak jasan zituen eta asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko”
Berriketa eta eztabaida uneak ere aukera ederra dira, gai ugari lantzeko. Gaztelekuan, solasaldi eta gogoetak ia egunero izaten dituztela kontatu digu Muerzak. Adinaren, bizipenen eta kezken arabera, eurek planteatzen dituzte gaiak. “Duela gutxi transexualitateari buruz galdezka hasi ziren, eta horretaz hitz egiteko aprobetxatu genuen”. Edozein aitzakia ona da, gaineratu du Aiartzaguenak: “Txango batean galdetzen badidate ea neska-laguna dudan, erantzungo diet mutil-laguna dudala, modu ahalik eta naturalenean halako gaiak mahai gainean jartzeko”. Asanbladak ere interesatzen eta arduratzen dituenaz mintzatzeko abagunea direla gogoratu du Julene Onaindiak: “Gure esperientzia da apurka-apurka irekitzen joaten direla haur eta gazteak. Auzolandegietan gertatu zitzaigun hasieran hezitzaileok deitzen genituela asanbladak, eta pixkanaka eurak hasi zirela ardura hori hartzen. Txango batean haur bat txarto sentitu zen hainbatek harenganako jarrera homofoboa izan zutelako, eta ezohiko asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko. Konfiantza giroa sortzea funtsezkoa da, halakoak egin ahal izateko”. Bere burua horretarako bezain ahaldundua ikusten ez duenari ere, bestelako erreminta eta esparruak eskaintzen dizkiote, lagun edo hezitzaile jakin batekin hitz egitea kasu.
Iraide Baskaran:
“Haurrei gauza bat eskatu eta guk beste bat egitea kontraesankorra da, eredu izan behar dugu”
Batzuetan nekagarria, batzuetan gogorra da hezitzailearen lana. Gurasoekin egon nahi baina gurasoak oporretara joan eta udalekuetara bidali duten seme-alaba negar eta negar gogoratzen du batek, senideengandik tratu txarrak jasaten zituena du buruan besteak, gain hartu zieten nerabeak… Baina batez ere, asetzen dituen lana da, aberasgarria, konfidentzia sakonak eta haur eta gazteen hazkuntzan une gazi-gozoak partekatzeko aukera eskaintzen diena. Baita besteengandik ikasteko parada ere. “Umeetako bat arroketara igo zen, errekara salto egiteko –kontatu digu Onaindiak–, eta aniztasun funtzionala duen beste batek jarraitu zion atzetik, down sindromeduna. Jaitsiaraztea izan zen nire lehenengo erreakzioa, baina ondoko hezitzaileak esan zidan, zergatik aurrekoari ez diogu ezer esan eta esango diogu honi? Ume indartsua eta autonomoa da, kapaza da. Eta bai, kapaza zen, oso salto polita egin zuen. Teoriatik praktikara jauzi egitea ez da erraza, mugak ditugu, erantzukizunak… Pertsonen atzean etiketak ikusten ditugu, eta etiketetatik harago, gaitasunak ikusten jakin behar dugu”. Hezitzaile idealik ez dagoela azpimarratu du, bakoitzak adjektibo eta ezaugarri ugari dituela, “eta osotasunean horrek ematen dio indarra taldeari, elkarren osagarri gara”.
Hezkuntza ez formala ez dago behar bezala baloratuta, diote, guraso batzuek umeen aparkaleku gisa erabiltzen dute oraindik. “Denetarik izan dugu –dio Aiartzaguenak–; proiektu batzuetan oso inplikatuta ikusi ditugu guraso, ikastetxe eta komunitateko eragile asko, eta beste batzuetan aldiz, batere interesik gabe. Pentsatu nahi dugu gure ekarpena, portzentaje txikian bada ere, ailegatzen dela familiara eta komunitatera”.
Batez ere Bizkaian eta Araban aritzen da Urtxintxa, hezitzaile eta trebakuntza tailerrak eskaintzen, ikastetxeetako jolas-tokiak, gaztelekuak edota ludotekak dinamizatzen, familia edo eskolentzako saioak antolatzen, aholkularitza lanetan… Urtxintxa Eskolan egunerokoan 10 langile aritzen dira, baina Urtxintxa hiru zutaberen gainean sostengatzen da (Urtxintxa Eskola, Eragintza eta Emaisia emakume taldea) eta antolatutako ekimenetan parte hartzen duten hezitzaile, langile eta boluntario kopurua askoz handiagoa eta zehazgabeagoa da. Baliabide eta produktuak ere sortzen dituzte (jolasak, ipuinak, puzzleak, koadernoak…). Azkena, Euskal Herriko Damak jolas interaktiboa: mugikorretarako doako aplikazioa da eta dama jokoaren bidez Euskal Herriko emakume esanguratsu batzuk eta haien lorpen eta bizipenak ezagutaraztea du helburu.
30. urteurrenaren harira, bazkidetza kanpainan jarri dute indarra –egun, 40 urtxintxakide dituzte– eta bazkidetzarako eredu anitzak ere badituzte buruan, ekarpen ekonomikoaz gain bestelako ekarpenak kontuan hartuko dituzten bazkidetzak. Maiatzaren 13tik 15era jaia antolatu dute Tertangan, Urtxintxaz blai mundua koloretan lelopean. “Urtxintxarekin batera denon artean zuri-beltzezko mundu hau balioen kolorez margotzen jarrai dezagun”.
Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.
Urtebetez, jolas garaian Lehen Hezkuntzako neska-mutilen mugimenduak behatu dituzte Kataluniako bi ikastetxetan. Espazioaren gehiengoa mutilek okupatzen dute eta neskak bazterretan mugitu ohi dira. Ikerketak hainbat gogoeta utzi du espazioaren antolaketaz, genero rolez... eta... [+]
6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]
Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]
Horrela amaitzen da ARGIAk sortu berri duen OTU karta-jokoko azalpena; baina jolasaren hasiera ere izan liteke, dibertsioa hasteko sarrera. Modalitate asko egon litezke, irekia da jolasteko modua, baldintza bakarra irudimena izango da. Aurrean dituzun kartekin, bakarka edo... [+]
Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]
Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]
Soldatak mantenduz, lau egunera murriztu dute lan-astea Britainia Handiko 61 enpresak, sei hilabetez. Horietan, nekea %71 murriztu da eta gaixotasun bajak %65, diru-sarrerak batez beste %1,4 handitu dituzte eta orain arteko esperientzia piloturik handienean parte hartu duten... [+]
Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikasturte hasierako guraso askoren buruhausteetako bat. Seme-alabentzat onuragarriak dira beraien motibazio eta trebeziak garatzeko, baina agenda beteegiak, interes okerrengatik hautaturiko jarduerak edota faktore ekonomikoak baldintzaturiko... [+]
Aisialdi orduak biderkatuta, haurrak entretenitzeko telebista eta tabletera jo ohi dugu udan. Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez… hainbat gogoeta jaso dituzte Criar.cat-en eta hona ekarri ditugu.
Hezkuntzaren ardura konpartitua dela eta familiaz eta eskolaz harago herria bera eremu hezitzailea dela, herritarrak hezitzaile ere badirela ulertzen du Herri Hezitzaileen Sareak. Otxandiok (irudian) bat egin berri du sarearekin eta dagoeneko 36 herri direla jakinarazi dute.
Bustitzearen eta zikintzearen beldur, eguraldi euritsua eta putzuak desatsegin jotzen ditugu maiz helduok, baina jolaserako eskaintzen duten aukera aldarrikatu nahi du "Putzuetan plast!" ekimenak. Esana du Mary Ruebush zientzialariak: “Zure seme-alabak egunero... [+]
Noiz eta zergatik parte hartzen dute nerabeek? Galdera hori dute abiapuntu Oinherrik antolaturiko jardunaldiek. Bai nerabeen beharrak bai euren aisialdia bazterrean utzi dituzte pandemiaren kudeatzaileek eta arrisku faktoretzat aurkeztu dizkigute etengabe; enpatia faltak eta... [+]
Nire egiten dut Claude Lévi-Straussek bere libururik entzutetsuenean, Tropiko tristeak, idatzi zuen lehen esaldia: “Gorroto ditut bidaiak eta esploratzaileak”. Baina uda garaia iritsi eta areagotu egiten da inora bidaiatzeko irritsa, batzuetan presioa: mundu... [+]