argia.eus
INPRIMATU
Fruitu berri bat
Jakoba Errekondo 2016ko maiatzaren 12a
Portugalgo erramua (Prunus lusitanica). Argazkia: Javier Martin
Portugalgo erramua (Prunus lusitanica). Argazkia: Javier Martin

Portugalgo erramuaz (Prunus lusitanica), honela dio Wikipediak: Euskal Herrian desagertutzat ematen zen, baina ale bakan batzuk topatu ondoren, orain espezie mehatxatuen zerrendan dago. Gure lurreko landare berezia da. Toki epelak eta hezeak gustatzen zaizkio, erreka inguruak, behe laino tokiak... Prunus generoko gainontzeko espezieen antzera (muxika, abrikota, elorri beltza, arana, arbendola, paraguaioa, gerezia, ginda, oilarana...), hezurra du fruituaren barruan. Koxkor hori heldu-heldu eginda ere mikatza zaigu, eta ez dugu jaten; eskinoso, zozo, birigarro eta antzekoen pagotxa!

Egunen batean hasiko ote gara zuhaitz hori arbola bihurtzeko bidea egiten? Beste fruitu arbola guztiekin milaka urtean egindako lana honekin ere egin izan balitz, honezkero erramu horren aleak jaten ariko ginateke. Bidea ez da zaila, baina bai luzea: zuhaitzetan gure gogoko ezaugarriak dituztenak aukeratzea. Eta berriro hautatzea. Eta ondorengoen artean berriro hautatzea. Etengabeko hautatze bat da fruitu arbolena. Gure gustua aldatzen doa, eta berritasunak maite ditugu. Dotorezia punttua antzematen diogu beste inork baino lehenago zerbait ahoratu-eskuratu duenari...

Hautatze bidean, fruitua da bilatzen den marketako bat: ttiki, latz, mikatz eta berandu ematen dutenetatik abiatu eta fruitu gozotxoagoak, tamainaz handixeagoak, mami gehixeagokoak, azal meheagokoak, adierazle finagoak dituztenak, bereizi. Fruitu hori noiz-nolatan ematen dutenak: gaztexeagotan ematen hasten direnak, ale ugari emateko joera dutenak, urtero ematen dutenak edo urtebiak...

Zuhaitzaren forma ere beste hauta-marka bat izan daiteke: ttikia, hostotza ez oso trinkoa duena... Zein lurretara egokitzeko gaitasuna duen ere erabakigarria izan daiteke: lur azidoak maite dituztenak, kare lurretan etor daitezkeenak...
    Geure lurretan topatu diren Portugalgo erramu aleetatik abiatuta, agian egunen batean euskaldunen batek esan ahal izango du munduko bakarra dela espezie horretako fruituak ekoizten. Eta lehena. Garai batean kiwiarekin gertatu bezala. Eta makina bat sagar, udare, hur, intxaur eta abarrekin bezala.

Izena ere asmatu beharko diogu, “Portugalgo erramuaren igalia” ezin deituko diogu... Portugalekin beti zorretan izango gara, baina... Nik “zozaran” proposatzen dut, zozoaren arana.