argia.eus
INPRIMATU
Dédé
Joanes Etxebarria 2016ko maiatzaren 12a

Kafe bat otoi. Neskenegün (larunbat) goizean, Mauleko merkatura joan ala ez joan, Dédéren ostatua zen hitzordu nagusia. Zenbait enpresaburu, auzapeza, laborariak, postuetako saltzaileak, gazteak, haurrak... Kafetik hasi eta eztabaidak luzatzeko kubatak galdetu arte. Irriño bat eta espantu guti nagusiaren ahotik.

Bere Amerikako ibilbideaz galdetuz gero, ihardesten zuen ilusio izpi bat agertzen zitzaiola begi zolan. Zesta-puntak eraman zuen hara, ostatuak ekarri zuen herrira. Trinketa hurbil, pilota munduaren hitzordu ere bilakatu zuen bere ostatua. Lehenago dantzaleku izana, gibeleko gela erraldoia artisten noizbehinkako hitzordu ere bilakatu zuen. Sekula espanturik gabe, sekula sos irabazien gibeletik ibili gabe. Udan, ostatu pareko frontoia partida beroen hitzordu ere bilakatu zuen, terrazan gehienik lekuko ikusleak, eta beste aldean gehienik turistak jartzen zirelarik.

Xiberoa hain da ttipia, hitzordu anitz pertsona bakar batzuek antolatzen dituztela. Karisma zerbaiten inguruan jendea biribilkatu eta giro kolektibo bat sortzen dute. Dédé halakoa zen, eta joan zaigu. Beste plaza batean dugu hitzordua orain. Eskerrik hanitx eta adio.