argia.eus
INPRIMATU
Opari pozoiduna
Oier Araolaza @oaraolaza 2016ko maiatzaren 04a

Orain urtebete ongietorria eman nion orriotan Dantzertiri, antzerkia eta dantza ikasteko Eusko Jaurlaritzak Bilbon ezarritako eskolari. Irailean ireki zituen ateak eskolak, lehen ikasturtea osatzen ari da eta arte eszenikoen alorrerako albiste ona da hori. Baina nire ongietorrian aurreikusten nituen gabeziak oraindik larriago ageri zaizkigu urtebete beranduago.

Eskola ezartzeko hautatutako egoitza, Arriaga Kontserbatorioa, ez da egokia. Irakasleek eta lehen ikasturteko ikasleek eman dezakete horren berri. Dantza irakasteko gelak txikiegiak dira, musika irakasteko pentsatuak baitira, eta ez dago azaldu beharrik, espazioari dagokionez musikaren eta dantzaren premiak desberdinak dira. Bestalde, eskolak ez du antzokirik. Antzerki eta dantza eskola bat antzokirik gabe? Ba halaxe da, bai. Kontserbatorioak musikara begira prestatutako entzutegia du, ez du antzokirik, eta lan-toki nagusia antzokia izango duten profesionalen hezkuntza antzokirik ez duen eraikin batean ezartzea erabaki oker eta larria da.

Euskal dantzariontzat bada kontu okerragorik baina. Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Hau berriz idatziko dut, hain ulergaitza eta onartezina izanik, sinesgaitza egiten baitzait, eta ea birritan irakurrita neuk ere barneratzen dudan: Dantzertin ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Inork imajinatzen du Filologia Fakultatea Gasteizen, filologia alemana, frantsesa eta hispaniarra ikasteko aukerarekin, baina Euskal Filologiarik gabe? Ba horixe dugu dantzari dagokionez Bilbon, eta ez da orain 50 urteko kontua, 2016koa baizik.

Dantza talde, dantza eskola, hezkuntza orokorreko eskola, kultur etxe eta aisialdi guneetan, Gipuzkoan bakarrik 300 irakasle eta 10.000 ikasle inguru ari dira euskal dantzaren transmisioan. Gero eta ohikoagoa da herriz herri sortu diren Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza irakastea. Horietan biolin, gitarra edo tronpeta irakasteko alorreko titulua behar du irakasleak. Eta euskal dantza irakasteko? Euskal dantza irakasteko ez da ez titulurik ez ikasketarik behar, edonor izan daiteke euskal dantzako irakasle.

Izan ere, Hezkuntza Sailak, euskal dantza irakasle izateko ikasketak eskaini beharrean, habilitazioak oparitzen ditu. Edonork egin dezake eskaera Jaurlaritzan, dantza kontuetan zer eta non ibili zaren kontatu eta kito, baduzu zigilu ofiziala euskal dantzaren irakasle izateko. Ez daukazu ezer ikasi beharrik, Hezkuntza Sailak habilitazioa oparitzen dizu. Azken urteotan hainbat habilitazio eman ditu Jaurlaritzak, eta badirudi berdin jarraitzeko asmoa duela, ez baitu asmorik euskal dantzari buruzko ikasketarik eskaintzeko.