argia.eus
INPRIMATU
Musikariei ziria sartu zietenekoa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko maiatzaren 04a
Alondra de la Parra orkestra zuzendari mexikarra 2014an, 
batuta arin eta kaltegabea eskuan duela. Argazkia: La República
Alondra de la Parra orkestra zuzendari mexikarra 2014an, batuta arin eta kaltegabea eskuan duela. Argazkia: La República

Patras (Grezia), K.a. 709. Musika ekitaldi batean “Patrasko Perekides, erritmo emaileak” musikariak zuzentzeko makila bat erabili zuela geratu zen jasota buztinezko taula batean. “Erdian kokatu zen, eserleku altu batean eserita, urrezko bastoi bat astintzen, txirula nahiz zitara joleak inguruan zituela (...) Perekidesek urrezko makilarekin agindua eman zuenean, eskarmentudun artista guztiak batera hasi ziren jotzen”.

XVI. mendean Giovanni Perluigi da Palestrinak ere makila handi bat erabiltzen omen zuen musikariei erritmoa markatzeko. Baina ziurrenik horiek salbuespenak besterik ez ziren izan. Luzaroan orkestretako lehen biolina edo concertinoa izan baitzen kideei noiz sartu behar zuten adierazten ziena.

XVII. mendean zenbait orkestra zuzendarik oinekin lurra joaz edo txaloka markatzen zuten erritmoa, baina emanaldi luzeetan oso nekagarria zenez geroz eta maizago lurra bastoi batez jotzen hasi ziren. 1687ko urtarrilaren 8an, Jean-Baptiste Lully Te Deum bat zuzentzen ari zen, Louis XIV.a Frantziakoa gaixotasun batetik onik atera zela ospatzeko. Denbora makila luze batez adierazten ari zela, nahigabe, behatz bat jo zuen lurra jo beharrean. Zauria gangrenatu zitzaion, baina Lullyk ez zien utzi sendagileei behatza anputatzen eta infekzioa zabaldu egin zen. Martxoaren 22an hil zen. Manchesterreko Hallé orkestraren emanaldi baten kronikak dio Daniel Turk zuzendariak ere 1810ean makila bat erabili zuela, baina lurra jo beharrean airean astintzen zuela. “Makila astindu beharraren beharraz, argi-armiarma jo zuen eta kristal zatiak gainera erori zitzaizkion”.  Bietako bat, edo makila txikitzen zuten edo zuzendariek euforia baretu behar zuten. Eta zuzendari grinatsuak lasaitzea zailagoa zirudienez, lehenengo aukeraren alde egin zuten.

Itxuraz, Carl Maria von Webber konpositorea izan zen, 1817an, Dresden antolatutako kontzertu batean, ziri mehe eta arina, egungo batuten antzekoa, erabiltzen lehena. 1832an Felix Mendelssohn Londresera joan zen bertako Orkestra Filarmonikoarekin hainbat kontzertu ematera. Batuta erabiltzeko asmoa zuen, eta hasieran biolin-joleek kontra egin arren, azkenean makilatxoaz zuzendu zituen musikariak. Ez dakigu biolin-joleak garai batean zuten boterea ala begi bat galtzeko beldur ziren, baina hurrengo urtetik aurrera Londresko Orkestra Sinfonikoan batuta erabiltzea ohiko bihurtu zen.