argia.eus
INPRIMATU
Jendeok iratzartzen bagara,
Iratzarriko da Euskal Herria
  • Nuestro pueblo despertará / David Jaime y la República vasconavarra (Txalaparta) Jose Mari Esparza Zabalegiren liburu ziztagarria eta kitzikagarria da. David Jaime tafallarra zen, politikaria. Hona, egungo beste idazle tafallar batek haren inguruan idatzitako nondik norako zenbait.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko maiatzaren 04a

1936ko gerraz ongi idazteko, funtsezkoa da Euskal Herriko historia ongi ezagutzea. Hartara, alde batekoen zein bestekoen “memoria” eta biktimen “erreparazio” duina egin ahal izateko, justizia egiteko.

Xede horretan, norbanakoen morala, etika edota ideologia ongi arakatzea berealdikoa da. Jose Mari Esparza Zabalegiren Nuestro pueblo despertará / David Jaime y la República vasconavarra liburuan ezaugarri horiek guztiak ongi uztartuta daude. Liburuaren ideologia azpimarratu nahi dut, haatik. Jendeok ez ditugu ezagutzen iragan mendean gure herrian loratu ziren mugimendu politikoak, ezta urrik ere. Esaterako: nor izan zen David Jaime? Ba al dakigu euskal herritarrok República vasconavarra ekimen gartsua izan zela? Zer dakigu gure historia berriaz? Zer dakigu euskal politikaz?

David Jaime gure herria iratzarriko zen esperantzaz bizi izan zen, gerra aurretik, gerran, zein gerra ondorenean. Kanbon (Lapurdi) lurperatu zutenean, bere memorian “euskal errepublikaren” eta “gure herria iratzarriko da” ideiak eraman zituen hilobira.

David Jaime Dean tafallarra zen (1887-1949). Euskalduna, baiki, euskal hiztuna. Euskaraz idazten zuen. Idatzi, nori? Bada, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakariei –Jose Antonio Agirre eta Fermin Leizaolari– idatzi zien euskaraz. “Abertzale” ez zen batek “abertzale” zirenei euskara herri honen funtsa zela oroitarazten zien. Abertzale edo nazionalista izan gabe, Jaimek funtsezko ezaugarritzat zituen euskara eta euskalduntasuna. Ez bakarra, bistan da.

Errepublikanoa eta liberala zen: “Askatasuna da gizakiaren idealik adierazgarriena. Berau gure animoetatik ez da desagertzen, ez bada gure bihotza zimeltzen eta gure espiritua doilortzen direlako. Ez dago hogei urterekin errepublikanoa ez den espiriturik”, pentsamoldea bere egin zuen.

1936ko Gerra Zibilean gertatu zenaz gaingiroki dakigu, eta batez ere, euskal nazionalismoaren inguruko gertakarien arabera eta haren ideologiaren arian gauzatua. Euskal errepublikanismoren aurrekariez eta II. Errepublikaz gehiago jakiteko, David Jaimek –eta haren kideek– urratu zuten bidea ezagutzea zinez garrantzizkoa da, baldin eta Euskal Herria bere osotasunean ulertu eta integratuko badugu.

David Jaimeren kideak ez ziren soilik Alderdi Errepublikanokoak, kideak ziren ere euskal nazionalistak, abertzaleak, sozialistak, komunistak, anarkistak… Falangistak, erreketeak edota monarkikoez beste, ia gainerako guztiak. Nola egin bat, nola elkartu, ordea, Francoren altxamendu faxistaren aurka? Dilema hori bizirik dago gaur egun ere.  Francoren ondorengoak bizirik egon ez ezik, haiek baitira nagusi Espainiako Estatuaren aparatuan. Historiaz ari zaigu liburugilea, eta aldi berean, zeharka, egungo egoera politikoa ulertzeko gogoetatzera garamatza.

Eusko Jaurlaritzaren berri badugu, 1936koaz eta gaurkoaz. Baina ba al dakigu Nafarroako Kontseilua izan zela? Nafarroan abertzaletasun errepublikanoa loratze bidean zegoela, gerrak errotik moztu zuena? 1977ko trantsizioa iruzurra izan zela pentsatzeko motibo asko dago, baita PSOEk orduan hartu zuen jarrera doilorra (ez zen bakarra izan, kasu) eta egungo bere jarrera ere,  kritikagarriak direla. Bada, liburua irakurrita mina eta jakin-mina areagotuko zaizkizu. Nafarroako sozialistek jokatu duten rola “ederki paratua” ageri da. Eta izen baten arrastoari segida eman nahi badiozu, honatx: Victor Manuel Arbeloa.

Euskal historiako protagonista askoren izenak eta gertakariak daude liburuan. Bakoitzari dagokion heinera ekarriak, historia interpretatzea ez baita samurra. Horrek artxiboko lan gaitza eskatzen du. Horretaz asko daki Esparzak, eta berriz ere ongi baino hobeto frogatu ditu bere talentua eta lanerako tirria. David Jaime Kanbon lurperatuta dago, eta horregatik ere Iparraldearen orduko egoeraz jabetzeko ere balio digu liburuak. Iparraldeko historiaren heina eta gaur egungoa neurtzen jakiteko baliagarria.

Jose Mari Esparzaren idatz molde ziztagarriak akuilatuko zaitu alaiki. Gure historiaren pasarte gogorrak ere ederki gozatzen baitaki luma zorrozdunak.  David Jaime herrikidearen espiritu anaikidea du Jose Mari Esparzak. Gure historiako protagonista ezezaguna. Gainerakoak liburu kitzikagarri honetan dituzu. Jendeok iratzartzen bagara, iratzarriko da Euskal Herria.