argia.eus
INPRIMATU
Dena, kantuaren faboretan
Jon Aranburu Artano @jonaranburu 2016ko maiatzaren 04a
Argazkia: Dos por dosArgazkia: Dos por dos

“Eszenatokia handitxo gelditu zaie” edo “talde hori ez da tabernetan aritzekoa” askotan esaten ditugu. Non nork jotzen duen, eta ze espazio dagoen entzuleentzat edota musikarientzat, aldea baitago. Emanaldi honen kasuan, aitortuko dizuet, The Brontësek Parralen jo behar zuela jakin nuenean, harritu egin nintzen. Hala ere, gogo berezia nuen, talde handiak leku beraientzako ustez txikietan ikustea beti egin baitzait erakargarri, jendetza bildu eta estu egongo garela jakin arren. Hirukote hau talde handitzat dut, inguruan jotzen duela dakidanean (ez baitute maizegi jotzen, entzulea ez nekatze aldera) ikusi eta entzutera joan beharrekoa. Eta beraien curriculuma ere talde handi batena da: 20 urte pasatxoko ibilbidea, 7 disko kaleratuta, Espainiako diskoetxe indie garrantzitsuenetakoa zen Astrorekin haietako batzuk, Paco Loco ekoizle ezagunaren talde gustukoenetako bat...

Lehenengo gitarra hotsekin batera sartu ginen, eta jendetzarik ez, baina beteta. Soinua oso orekatua: garbi nabaritzen ziren Raul Ramaren gitarra jokoak, Iñaki Calzadaren baxuak paper garrantzitsua du taldean, eta bolumenez dotore zegoen Alvaro Larroryrekin oinarri sendoa osatuz. Izatekotan, ahotsa baju xamar, Raulek zer kantatzen zuen ulertzeko, baina bueno, diskoak daude horretarako.

Taldearen soinuari buruz hitz egiteko, nahitaezkoa da Dinosaur Jr. aipatzea. Talde estatubatuarraren eragin nabarmena baitute Gasteiztarrek. Raul Ramak bakarka egindako kantuak dituzte oinarri, pop kantu klasikoak, hiruzpalau akorde, melodia dotorea, eta estribilloa batzuetan. Segur aski gitarra akustikoz sortutako kantuak, eta haiei espartzuzko jantzi rockero bat jartzea izaten da, gehienetan, taldearen lana.

Hortaz, Parral tabernako taula gainera igo zirenerako bagenekien zeren esperoan geunden. Ez genekiena zen euren zazpi lanetako zeinetatik hartuko zituzten kantuak.  Gaztelaniaz kantatutako Vender la Sombra (2011) izan zen galtzen atera zena, ez baitzuten bertako kanturik jo. Que la tierra te sea levetik (2013), berriz, Sin Respirar kantua bakarrik jo zuten. Eta egia esan, eskertu nuen, gaztelaniazko diskoak galtzen atera izana, aurreko lanetan, ingelesez kantatzen dutenean, hobeto ari direla iruditzen baitzait. Hizkuntza aldaketak, Ramari abesteko modua ere aldatu diola iruditzen zait. Nire zorionerako, uda partean grabatzeko asmoa duten lan berrian, berriz ere anglofono omen datoz. Beste lanetatik berriz, ia denetatik jo zuten kanturen bat. Baita 2015ean eta sarean bakarrik kaleratu duten Lostetik ere.

Artifiziorik gabeko kontzertuak izaten dira hirukoarenak. Kantu eta kantu artean ia hitzik ez. Komunikazio bakarra, kantua. Eta nahikoa; zer esango dizuet. Kontzertu amaieran, giroa gorenean zegoenean, Way to Nowhere laneko I Wanna Knowk klimaxa lortu zuen. Eta horrekin, aio.  Bisik ere ez: jotzeko asmoa zuten kantuak jo, eta listo

Dena, kantuaren faboretan.

The Brontësen kontzertua

Gasteizko Parral Tabernan eskainitako emanaldia, apirilaren 26an.